TORTURA

Tortura aitortzeko eskatuko dute ekainaren 25ean Iruñean

Nafarroako Torturatuen Sareak manifestazio batera deitu du egun horretarako: 18:30ean hasiko da, Baluartetik. 1960tik 2012ra eragindako torturak «ofizialki aitortzeko urrats sendoak» galdeginen dituzte.

Nafarroan tortura jasandako herritarrek gaur goizean Iruñean egindako agerraldia. IDOIA ZABALETA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko apirilaren 9a
14:26
Entzun

«Azken urteotan aurrerapausoak ematen ari dira Nafarroan estatuko segurtasun indarrek torturatutako pertsonak aitortzeko eta erreparatzeko bidean, baina, hori lortzeko, oraindik bide luzea dugu aurretik». Hala uste du Nafarroako Torturatuen Sareak, eta urrats gehiago egin daitezela eskatzeko manifestazio batera deitu du: ekainaren 25ean eginen dute, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren bezperan. Iruñeko Baluartetik abiatuko da mobilizazioa, 18:30ean, eta erakundeei eskatuko diete 1960tik 2012ra eragindako torturak «ofizialki aitortzeko urrats sendoak» egin ditzatela, «hainbeste hamarkadatako inpunitatea amaitzeko».

Hamarkada horietan guzietan tortura jasan duten nafarrek deitu dute manifestaziora, gaur Iruñean egindako agerraldi batean. Han izan dira Juan Maria Feliu, 1960eko hamarkadan atxilotua; Jesus Comes eta Gloria Bosque, 1970eko hamarkadan torturatuak; Mertxe Gonzalez eta Joxe Lacalle, 1980eko urteetan tratu txarrak pairatutakoak; Esteban Nuin eta Marilo Gorostiaga, 1990eko hamarkadan atxilotuak; Anika Gil Perez-Nievas eta Jorge Chocarro, 2000ko urteetan atzemanak; eta Eneko Villegas eta Ainara Bakedano, 2010eko hamarkadan torturak salatu zituztenak.

Berriz gerta ez dadin

Agerraldian adierazi dutenez, gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei «zor» diete gertatutakoa argitzea, hori baita tortura desagerrarazteko modurik «eraginkorrena». Eta hala nahi dute: «Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta guri gertatu zitzaiguna».

Herritarrei ez ezik, erakunde, gizarte eragile, sindikatu, antolakunde politiko eta arduradun instituzionalei ere eskatu diete sostengua emateko. Datozen egunetan zabalduko dute gaur manifestaziora deitzeko plazaraturiko idazkia, «ahalik eta atxikimendu gehien» lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.