Tortura aitortu eta erreparatzeko eskatu du Egiari Zor fundazioak

Joxe Arregiri omenaldia egin diote Zizurkilen, haren heriotzaren 43. urteurrenean.

Egiari Zor-ek antolatuta, torturatuak oroitzeko ekitaldia atzo, Zizurkilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Egiari Zor-ek antolatuta, torturatuak oroitzeko ekitaldia atzo, Zizurkilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 19a
10:00
Entzun

«Oso latza izan da» esaldia iltzatuta dago Euskal Herriko memorian, 1981eko otsailaren 13az geroztik. Egun hartan hil zen Joxe Arregi Espainiako Poliziaren eskuetan, atxilotu eta bederatzi egunera. Horrezkero, urtero, otsailaren 13an egiten da Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna. Hala, Egiari Zor-ek omenaldia egin zuen atzo Zizurkilen (Gipuzkoa), Arregiren jaioterrian. Omenaldia egiteaz gain, erakunde eta instituzioei egindakoa aitortzeko eta erreparatzeko bitartekoak jartzeko eskatu zieten. 

Izan ere, beren hitzetan, tortura «frankismotik herenegun arte» indarrean egon den «estatu-bortxa mekanismoa» izan da, «edozein dela gobernuaren profil politikoa, indar polizialaren kolorea edo sinatutako nazioarteko itunen edukia». Euskal Herrian dokumentatutako 5.329 tortura kasu daudela erran zuten. «Hala ere, denok dakigu torturaren benetako dimentsioak zenbaki horiek gainditzen dituela eta zenbaki batzuetatik haratago eragina izaten jarraitzen duela», adierazi zuten. 

Uste dute torturak iraun zezan funtsezkoa izan zela «inpunitatez» aritzea: «Pentsaezina da tortura denboran zehar betikotu izana, gatazka politikoaren testuinguruan euskal belaunaldi ezberdinek pairatu izana, ondo diseinatutako estatu estrategia baten parte izan gabe». Inpuntitate horrekin amaitzeko bidea, berriz, EHUko Kriminologia Institutuak egindako ikerketa txostenetik abiatu daitekeela diote: «Guk inolako zalantzarik gabe diogu txostenean agertzen den erradiografia gordinak akuilu izan behar duela torturaren eragin osoarekin amaitzeko, eta horrek bitartekoak eta neurriak jartzea eskatzen du».

Tortura amaitzeko, neurri anitz beharko direla diote, eta haren ondorioak etorkizunera «proiektatuko» direla egoera aldatzeko neurriak hartu ezean. Hortaz, lehentasunezko neurri batzuk aipatu dituzte. Bertzeak bertze, hauek: torturaren erabilera ahalbidetu duen estruktura desegitea, atxiloaldi inkomunikatuaren erregimena bertan behera uztea, Espainiako indar armatuak Euskal Herritik ateratzea, parametro demokratikoetara egokitutako eredu polizialaren inguruko hausnarketa sakona bideratzea eta torturaren erabilera prozesala eten eta horren ondorioak aztertu eta erreparatzea.

Iruditzen zaie tortura kasuak aitortzeko mekanismoak abian direla, baina prozesua «motelegia» dela, eta «azkarragoa eta eraginkorragoa» izateko baliabideak ezinbertzekoak direla. Horregatik, politikariei dagozkien erantzuzkizunak beren gain hartzeko eskatu diete: «Espainiako Estatuko Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari adierazpen argi bat egin dezatela eskatzen diegu, erantzukizunak bere gain hartzeko eta eragindako mina aitortzeko».

Talde sustatzailea

Joan den asteartean, Torturaren Aurkako egunean Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea aurkeztu zuten, torturatuek aitortzarako bidea elkarrekin egiteko. Egitasmo hori ere mintzagai izan zuten atzoko ekitaldian: «Torturatuok elkarrekin marraztu nahi dugu aitortzaren eta erreparazioaren bidean elkartu, babestu eta eragile aktibo bilakatzeko; gure hausnarketatik abiatuta agenda, bide orria eta aldarrikapen propioak marrazteko asmo duena». Egiari Zor fundazioak sare horretan parte hartzeko deia egin dio herritar orori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.