Torreri babesa adierazi diote ikaskide ohiek

1992an Seaskako ikasle gisa baxoa pasatu zuten lehen belaunaldiko batzuek oroitarazi dute ordutik eskatzen den eskubide bat dela azterketa euskaraz egitea.

Gorka Torre, Baionako Auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Gorka Torre, Baionako Auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko irailaren 4a
16:29
Entzun

Irailaren 10ean Gorka Torre Roca ekintzaile euskaltzalea epaituko dute Baionako Auzitegian, joan den maiatzean Baionako suprefeturaren aitzinean Geldi euskara zapaltzea margoketa egitea leporatuta. Bernat Etxepare lizeoko ikasleek mobilizazio eguna antolatua zuten azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde, eta horren karietara egin zuten ekintza Euskal Herriko hainbat euskaltzalek. Torre da epaituko duten bakarra. 

Haren alde mobilizatzera deitu du euskalgintzak, eta haren ikaskide izandakoek ere babesa adierazi diote. Izan ere, 1992an Seaskako ikasle gisa baxoa lehen aldiz pasatu zuen belaunaldikoa da Torre. Orduan ere azterketa euskaraz pasatzea aldarrikatzen zutela oroitarazi dute. «Orduan bezala, gaur ere euskarari oso atxikiak gatzaizkio, eta orduz geroztik gaur arte, euskararen alde hainbat arlotan lanean jardun dugu: irakaskuntzan, aisialdian, komunikabideetan, antzerkian...». Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun daude izenpetzaileen artean, hala nola Arantxa Irigoien, Egoitz Urrutikoetxea eta Ximun Fusch.

Irailaren 10ean, 13:30ean, euskalgintzak Baionako auzitegiaren aitzinean eginen duen elkarretaratzean parte hartzera deitu dute, ikasleei baxoa euskaraz pasatzea debekatzen zaiela salatzeko, Frantziako eta Espainiako estatuetako agintariek euskara zapaltzea geldi dezatela eskatzeko, euskararentzat justizia gauza dadila eskatzeko eta Torreri elkartasuna adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.