Torrealdai, zentsura aztertzeko ezinbesteko katebegia

Joan Mari Torrealdairen tesia liburu formatuan aurkeztu du Jakinek. Abagunea baliatu dute Torrealdairen ekarpenari aitortza egiteko eta haren irakaspenetan sakontzeko.

Gaur goizean egindako jardunaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Gaur goizean egindako jardunaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iosu Alberdi.
Donostia
2024ko maiatzaren 14a
16:30
Entzun

La censura gubernativa y el libro vasco. 1936-1983 doktore tesia  (Zentsura gubernatiboa eta euskal liburua. 1936-1983) 1991n irakurri zuen Joan Mari Torrealdaik. Hura, baina, ez da orain arte argitaratu. Jakin fundazioak atera du argitara. Izan ere, instituzio hartako kide Joanmari Larrartek azaldu duenez, Torrealdairen «lan ikaragarriaren» artean bukatu gabe geratu zirenetako bat da haren argitalpena: «Argitaratzeko gogoa zuen. Eta Jakinen argi genuen haren nahia bete behar genuela». Hartara, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko eta EHUko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberriarretan ikertaldeko kideekin batera aurkeztu dute. 

Larrartek azaldu du tesiak ez direla lan «arinak» izaten, eta, hain zuzen, horri erantzunez argitaratu zituela Torrealdaik beste zenbait liburu. Halere, tesiak badu zerbait berezia, eta, horregatik, Mari Jose Olaziregi EHUko katedradunak azaldu du jardunaldiaren xedea izan dela Torrealdairi «aitortza akademiko eta zientifikoa» egitea: «Bere lekuan jartzea tesi erraldoi honek egin zuen ekarpena».

Luzea da Torrealdairen itzala. Euskara eta euskalgintza, kultura, liburugintza, soziolinguistika eta hedabideak izan zituen ikerketa eremu. Halere, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak hiru eremutan egin du azpimarra: euskara batua, «1956ko belaunaldi osoaren obsesioa»; liburutegi nazional baten beharra, «Euskal Herriaren memoria eta ondore historiko guztia gordetzeko»; eta zentsura, «haren gai eternoa».

Motibazio pertsonalek, politikoek eta intelektualek bultzatutakoa, Xabier Eizagirre Jakin aldizkariko erredakzio buruak azaldu duenez. Batetik, Torrealdaik bere baitan jasan zituelako zentsuraren ondorioak. Bestetik, «belaunaldi bati justizia egiteko modu» gisa planteatu zuelako, estatuan gertatzen ari zen «desmemoria ariketa» betean. Eta, azkenik, soziologo gisa aurrez ere euskal kulturaren eta euskararen soziologia aztergai izan zituelako.

Tesiaren muinean sartuta, berriz, Eizagirrek azaldu du Torrealdaik 1936tik 1983ra bitarteko zentsurari erreparatu ziola lanean, horretarako baliatutako «aparatu sofistikatua» ardatz hartuta. Hain zuzen, zentsore lana egiten zuten irakurle horien txostenak landu zituen Torrealdaik. Eta haiek, Eizagirrek azaltzen duenez, «zentsura gehigarri» bat aplikatzen zuten euskarazko liburuen kasuan. «Jokoan zegoen hizkuntzen hegemonia», zehaztu du Eizagirrek, eta gehitu nagusiki hizkuntza edo kultura proiektu bat erakusten zuten lanei aplikatu zitzaiela zentsura hori.

Auzi horri Elixabete Perez Deustuko irakasleak ere erreparatu dio: «Begi zolia zuten asmatzeko zertan zen euskararen etorkizuna». Azaldu du haiek «ongi baino hobeki» ohartu zirela hizkuntza batek aurrera egiteko «prestigio esaten den horren» alde ere egin beharra zeukala, eta horregatik egin zutela 1968an estandarizatzen hasiko zen euskara batuaren kontra: «Nekez burura daiteke libururik gabeko unibertsitaterik, nekez euskara noranahikorik hizkuntzaren aldaera landurik gabe, eta nekez egin dezake aurrera jakintzak ikerketarik eta hausnarketarik gabe».

«Basamortua»

Eizagirrek azaldu du Torrealdaik bi ondorio nagusiri erreparatu ziela. Batetik, zentsura beraren ondorio dela autozentsura: «Zentsuraren alderdirik zirikatzaileena». Bestetik, zentsuraren bidez eragin den «basamortu kulturala». Eta horren adibide, hauxe: 1936an euskarazko 40-45 liburu argitaratu ostean ez zela argitalpen kopuru hori berdindu 30 urte igaro arte.

Halere, Jakineko kideak azaldu du Torrealdairen lana zentsuraren azterketatik harago doala, eta haren hitz batzuk gogoratu ditu Egunkaria auzia eta orain hainbeste entzuten den lawfare kontzeptua lotuta. «Huskeria bat da liburu bat debekatzea, egunkari bat ixtearekin alderatuta. Huskeria zentsurak izan zezakeen zigorra, atxiloketarekin, torturarekin, kartzelarekin eta tribunal berezi baten epaiketarekin konparatuta. Gurekin egin dutena inkisizioa da». 

Jardunaldian, zentsurari eta haren inguruko ikerketei begirada zabalago batetik ere erreparatu diote, betiere Torrealdairen ekarpenetara joan-etorrian. Josu Bijuesca Deustuko irakaslea zentsuraren oinarrietaraino ere iritsi da. Mezua, baina, aurrera begirakoa izan da, memoria ariketa baten eske: «Nork eta nola erabili dituen argitu beharra dago, iragan traumatiko horri behar bezala aurre egingo bazaio». Eta lan horretan dihardu, hain zuzen, MHLI ikertaldeak. «Ari gara Joan Mariren obra irakurri eta euskal literaturan aplikatzen», esan du Olaziregik, eta helburua finkatu: «Katea ez dadila eten».

 

Lezioak

Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak Joan Mari Torrealdaik utzitako hamar «lezio» plazaratu ditu, horretarako bere eta Joanmari Torrealdairen aipuak erabilita:

  1. Taldearen garrantzia. «Aitzindarien lan erraldoi horiek —Etxepare, Larramendi...— lan kolektibo bihurtzen dira gure belaunaldian. Aurrerantzean talde lana da nagusi, eta ez pertsonaia jakin batzuen lan erraldoia».

  2. Lana. «Herri bati emaniko lana, helburu kolektibo bati herrigintzari lotua, eta lana etika bat bezala. [...] Beste modu batera esanda, aberriari zerbitzu gisa».

     

  3. Militante profesionala. «Profesional ona izateko, profesional ona izateaz gain, militantea izan behar da. Ez dira bi termino kontrajarri, biak batean dira ondo egin beharreko lanaren oinarri».

  4. Herri mugimenduen autonomia errespetatu eta haien ekarpena balioan jarri. «Daukagun hoberentsuena herri ekimenari, lan eta elkarlan kolektiboari, hizkuntza komunitate aktibo eta konprometituari zor diogulakoan nago».

  5. Azpiegiturak sortu eta indartu beharra. «Euskarak bizirik irauteko egiturak eta azpiegiturak behar ditu, mota askotakoak, eta gainera iraunarazi egin behar dira, horiek ematen baitiote forma gizarteari».

  6. Euskalgintzaren bi tradizio handiak bide berean aritzeko beharra. «Ohartzekoa da abiapuntu berri batean gaudela, eta belaunaldi berriek asmatu behar dutela gizarte berriari eman beharreko mezua [...] baina ez dadila katea eten».

  7. Euskal mundua subsumitua dago. «Euskararen mundua eta gizartea ez daude bizkarra emanda, ez, euskalgintza subsumitua dago erdararen barruan minorizatua. Horregatik, ez eremu ez adar, baizik eta unibertso izan behar du».

  8. Kulturak alderdietatik aparte behar du. «Kultura eta politika bi dira, bai jomugetan, bai jokamoldeetan, bai erritmoetan. Bakoitzari aitortu behar zaio berea, baina bereizi egin behar dira, eta kulturari errespetua eta independentzia».

  9. Helburua irabaztea da. «Arrakastarik izan ezean, euskarak amilzuloak leuzkake aurrean. Ez du ahalegin hutsak balio, lortu egin behar da».

  10. Lan egin borroka bat balitz bezala. Oraingoan, Joxe Azurmendiren hitzekin: «Euskararen eta euskaldunon pertsekuzioaren testigu izan da bere lanekin, eta aldi berean, euskal kulturgintzaren pertsekuzioaren eta zentsuraren martiri bihurtu da bere gorputzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.