Topaleku hogei urtez

Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri dira gonbidatuak BERRIAren 20. urteurrena ospatzera. Guztiek goraipatu dute egunkaria, eta aitortu dute norbanako bakoitzari emandakoa.

Otamendi, Zabalondo, Otegi, Mujika, Arregi eta Rodriguez. J. MANTEROLA / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hogei urte egin ditu BERRIAk, eta asko dira urte horietan bere orrietan agertu direnak; asko, halaber, egunkaria egunero kioskora heldu zedin izerdia eta bihotza jarri dutenak; eta baita egunkariak aurrera egin zezan babesa eman diotenak ere.

Euskal komunitatearen bilgune, baina, era berean, baita hedatzaile ere. Erreferente, giltzarri, bultzatzaile, aitzindari... Hori guztia eta askoz gehiago da BERRIA euskal komunitatearen ekosistemako eragile eta norbanako askorentzat. Beste behin bildu zituen sentsibilitate askotariko euskaldunak, atzo, Donostiako Tabakaleran, 20. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza politikako sailburuordea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendaria, Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria, Xabier Egibar Laboral Kutxako ordezkaria eta beste hamaika erakundetako ordezkariak izan ziren BERRIAko langile eta BERRIAlagunekin batera.

Ikusi gehiago:BERRIA berria, datorrena kontatzeko prest

Dobaranek esker oneko hitzak izan zituen BERRIArentzat, «gure hizkuntz komunitateari ekarpen ezinbestekoa egin diolako». Eta bide luzea opa zion: «Hogei urteko bidea egin du, eta luzaroan bidea egitea opa diot, euskaldunok eskubidea daukagulako prentsa euskaraz kontsumitzeko, Euskal Herritik eraikia».

Olanok egunkariaren ekarpena goraipatu zuen: «Horrelako proiektuek oinarria jartzen diote hizkuntza bati eta herri bati, eta BERRIAk funtzio hori dauka; ez dago zalantzarik», adierazi zuen.

«Ezinbesteko lana egiten du BERRIAk euskararen normalizazioan ekarpen bat egiteko, euskaltzaleek egunkari bat izateko», esan zuen, Aranburuk.

Ikusi gehiago:Ekitaldia, iruditan

Euskararen normalizaziorako giltzarritzat jo zuen Eskisabelek. «Euskararen biziberritzea, normalizazioa eta hiztun komunitatearen bizitza bizigarri eta eroso bat edukitzeko bidea» dela adierazi zuen. Euskaldunon Egunkarian eta BERRIAn lan egin zuen 2012. urtera arte Eskisabelek: «Ez zen soilik lantoki bat; bizitoki bat ere bazen. Eskola handi bat, lagun asko egin ditudan tokia, eta nire gizarte ereduari, helburuei eta hizkuntza nortasunari bidea emateko toki bat».

Jakin-eko zuzendariak Mujikarentzat izan zuen mezua: «Estilo berezi, sakon eta aberasgarri hori lantzeko beldurrik ez dezala izan». Kazetari ere egin zion aipamena: «Garai honi erantzutea, asmatzea eta elkar eragiteko plaza eskaintzea eskatzen diot».

Artolak euskarazko prentsaren hedapena aldarrikatu zuen: «Nahiko nuke BERRIA gehiago hedatzea ere. Euskararen ezagutza handitzen ari den bezala, irakurle gehiago izatea nahiko nuke ondorengo hogei urteetan, badagoelako nahiko masa eta nahiko irakurlego gehiago hazteko».

Egunkaria «aktualitateari eta munduari begiratzeko lehen leihoa» dela adierazi zuen, bestalde, Amonarrizek.

Iñigo Iruin abokatuak ere gogoan hartu zuen Egunkariaren auzian Otamendiren eta beste kide batzuen defentsa egitea egokitu zitzaionekoa, «urte luzez». Horrez gain, «eguneroko egunkaria» izan da BERRIA beretzat: «Kulturgintzan, euskara bultzatzeko tresna ikaragarria».

Ikaslea zuzendari

«Ikasteko bide bat, eta baita pozerako bide bat ere izan da niretzako: nire ikasleak izandakoak ikusi ditut bata bestearen atzetik egunkari horretan lanera sartzen, eta gaur ikusten dut bat zuzendari izatera ere iritsi dela», adierazi zuen Zalakainek. Izan ere, BERRIAko zuzendari berri Amagoia Mujikaren irakasle izan zen kazetaria; harro agertu zen atzo Mujikaren lorpenez. Ez zen bakarra izan; gonbidatuetako askok zorionak eman zizkioten Mujikari. «Ongietorririk beroena, eta zorterik onena opa diot. Bere lana egiteko moduan gure babes osoa edukiko du», esan zuen, adibidez, Mertxe Aizpurua Gara egunkariko zuzendari ohi eta EH Bilduko diputatuak.

Etorkizunera begira jarri ziren urteurrenera bertaratutako asko: «Beste berrehun urte opa dizkiot. Jarrai dezala aurrera, eta gogor, eta gu hor egongo gara laguntzeko», esan zuen Egibarrek.

Apurka sartuz joan ziren gonbidatuak Tabakalerara; irten zirenerako, hasita zegoen jada BERRIAren aro berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.