Txerra Rodriguez. Soziolinguista

«Topagune indartsu batek ezin ditu ordezkatu euskara elkarte ahul asko»

Euskara taldeek euskara biziberritzean izandako eragina ikertu du. Dioenez, euskal komunitatea trinkotzeko xedea ez dute bete oro har, baina ekarpen handia egin dute.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Donostia
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euskara elkarteen mugimendua sortu zenetik hiru hamarkada joan dira, eta hizkuntzaren biziberritzean izan duten eragina aztertu du Txerra Rodriguez soziolinguistak (Derio, Bizkaia, 1978). Lau urteko ikerketan 26 elkarrizketa egin ditu, hamabost galdetegi osatu, eta dozenaka euskara elkarteren barne buletinak aztertu. Informazio horrekin aurkeztu zuen iazko udan doktore tesia, eta UEUrekin liburua argitaratu berri du: 30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017. Apenas ikertu gabeko eremu batean arakatu duela dio.

Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izandako eragina neurtu duzu zure ikerketan. Nolako lana izan da?

Ez dakit neurtu dudan. Hasi nintzenean asmoa nuen eragina neurtzeko, baina, gaian sakondu ahala, konturatu nintzen hurbilpen bat zela. Azken finean, oso gutxi dago ikertuta, eta oso elkarte gutxik daukate eginda bere balorazioa. Euskara elkarteak gauzak egiteko dispositiboak izan dira, eta gutxi ebaluatu dute.

Zein dira biziberritzean egin dituzten ekarpen nagusiak?

Batetik, diskurtso aldetik euskara elkarteak izan dira Euskal Herrian erabileraren garrantzia zentroan jarri zuten lehenak. Bestetik, erabilera zentroan jartzearekin lotuta, bidezidor batzuk zabaldu zituzten: tokiko hedabideak, mintzapraktika saioak, Euskaraldiaren inguruko erabilera programak, aisialdian edo kulturgintzan landutako bideak... Berrikuntza artefaktu itzelak izan dira. Hala ere, euskara elkarteek helburu handiagoak zituzten. Euskaldunen komunitatea trinkotzea zen asmoa, eta esango nuke trinkotze hori maila apalean lortu dela. Leku batzuetan, ezta hori ere. Gauza batzuk lortu dituzte, baina jarritako helburuen dezente azpitik ibili dira. Horrek ez du esan nahi euren lana alferrikakoa izan denik.

Fenomeno poliedrikoa izan dela ere badiozu.

Herririk herri alde ikaragarriak daude: batzuetan elkarteek garapen txukuna izan dute, besteetan txikiagoa, eta besteetan ez dira sortu ere egin. Zaila da balorazio orokor bat egitea, baina gako batzuk eman dituzte: euskararen aldeko mugimenduan lehenetarikoak izan ziren euskaldun hutsez osatua izan behar zutela aldarrikatzen. Ordurako, EHE [Euskal Herrian Euskaraz] moduko eragileak ari ziren hori esaten, baina masiboki eta herri guztietan euskara elkarteek ekarri zuten halakorik. Herri euskaldunetan ziurrenik ez zen berritasuna izango, baina herri erdaldunetan, bai.

Eremu ezberdinetako euskaldunen topalekuak izan dira.

Ordura arte, euskararen aldeko mugimenduak nahiko lerratuta zeuden aukera politiko jakin batzuetara. Euskara elkarteak saiatu ziren hori apurtzen, eta herri gehienetan lortu zuten joera ezberdineko euskaltzaleak elkartzea. Ez dut uste heldu zirenik komunitatea trinkotzera, baina bai lortu zuten bi familia abertzale nagusiak gatazkan zeuden garaian batera lan egingo zuten guneak sortzea. Ekarpena egin zioten biziberritzeari, baina baita beste gauza batzuei ere.

Elkarbizitzari?

Akaso. Elkarbizitza, betiere toki mailakoa, ez nazio mailakoa.

Dena den, euskara elkarteetan nekea dagoela diozu. Ahitutako formula bat da?

Esango nuke formularen osagai batzuk agortu direla. Euskara elkarte indartsuek jo zuten profesionalizaziora, eta beharrezkoa zen. Baina ziurrenik beste buelta bat eman behar zaio: euskara elkarteek eskatzen zuten antolaketa modua nahiko gogorra zen.

Zein zentzutan?

Ez zuten egiten hainbat lagun elkartu eta talde bat sortu. Eskatzen zuten sortzea elkarte bat bere estatutuekin, zuzendaritzarekin, diruzainarekin, bazkideekin, ahal zen heinean profesionalizazio bidea urratuz, udalekin laguntzak izan beharrean hitzarmenak lortuz... Gaur egun, ikusita beste mugimenduetan egiten ari diren hausnarketak militantziaren aldaketaren inguruan, euskara elkarteak hor geratu dira: egitura profesional baina militantearekin, eta, batzuetan, udalen oso mendeko, finantzaketa hortik datorrelako eta jardun profesionala mantendu nahi dutelako.

«Hasierako helburuak ez genituen lortuko, baina euskara elkarterik egon ez balitz, non geundeke?». Egin dituzun elkarrizketetan zenbat aldiz errepikatu dizkizute halako esaldiak?

Batek ez, batek baino gehiagok! Eta uste dut horrela dela. Euskara elkarteek ekarpen handiak egin dituzte. Ziurrenik, jarritako helburuak handiegiak ziren, kontuan izanda zer zen euskara elkarteek planteatzen zutena. Hori ezin da lortu egitura militante-profesional batekin, dispositibo indartsuagoak beharko ziren euskal komunitatea trinkotzeko.

Baina helburu hori jarri ezean,ez duzu lortuko...

Hori ere horrela da. Baina ikusi Derioko kasua: 5.000 pertsonako herrian, hamar pertsona. Asko da, baina hamarren artean zelan lortuko dugu komunitatea trinkotzea, egiturazko joerak daudenean? Nazio mailako joerak daudenean? Oso zaila da. Hala ere, euren lanak merezi izan du.

Liburu amaieran hainbat proposamen praktiko egin dituzu euskara elkarteen etorkizunerako. Besteak beste, jendea zaindu behar dela esan duzu.

Bai, orain arte baino gehiago zaindu behar dituzte bertara hurbiltzen diren kideak; besteak beste, aurrerantzean gutxiago izan daitezkeelako. Euskara elkarteetan aritzen direnek ere behar dute soziolinguistikako oinarrizko formakuntza, egunerokoan gertatzen zaizkigun hizkuntza gatazkak ulertzeko eta aldatzen saiatzeko. Horrez gain, euskara elkarteen mugimendua zabalpen geografiko handiago batera heldu beharko litzateke. Hutsune oso nabarmenak daude euskara elkarteen mapan: Bilbotik ezkerraldera basamortua dago; Iruñetik beherako zatian ere bai; Iparraldea ere oso ahul dago; Gipuzkoan ere hutsune nabarmenak daude; Bizkaian eskualde euskaldunenean ez dago elkarterik... Antolaketa malguagoa beharko lukete hedapen geografikoari begira.

Euskaraldia antolatzeko herriz herri sortu diren batzordeak izan daitezke abiapuntu?

Izan daitezke, bai. Dena den, ikerketa aldia 2017an amaitu nuen, Euskaraldia egin aurretik. Batzorde horietatik sortu dira euskara elkarteak. Besteak beste, Galdakaon eta Beasainen. Baina hor ere betiko egitura moldera jo dute. Aprobetxatu behar zen Euskaralditik zetorren antolaketa horizontal malguago hori. Nik uste dut Euskaraldiak lortu duela inork lortu ez duen zerbait: Euskal Herriko ia herri guztietan sortzea zerbait. Eta sortu da herri horietan hizkuntza ohituren inguruko ariketa bat egiteko.

Euskara elkarteen eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko harremana birpentsatu behar litzatekeela diozu. Zein zentzutan?

Topagunea oso modu utopikoan sortutako elkarte bat izan zen: herri batzuetako eragileak elkartu ziren, eta egitura nazional bat sortu zuten herrietatik kontrolatzeko. Ordutik ikaragarri hazi da. Euskara elkarteak ahulduz joan dira, Topagunea indartuz joan den heinean, eta gauza batzuk birpentsatu beharko lirateke. 2012ko kongresuan Topaguneari aitzindaritzaren funtzioa ezarri zitzaion, eta uste dut ondo bete duela. Baina Topagune indartsu batek ezin ditu ordezkatu euskara elkarte ahul asko. Topagunearen lan ildo indartsuetako bat izan beharko litzateke herrietako dinamika horiek indartzeko zein lan egin behar den aztertzea. Eta uste dut ez dela hori egiten ari. Ezin da ahaztu euskara elkarteen oinarri indartsuak ahalbidetzen duela Topagunearen bizitza, eta herrietako dinamika barik Topaguneak ez dauka zentzurik.

Euskara elkarteek politikan eragiteko gaitasuna behar dutela diozu. Gero eta ahulago dagoen mugimenduak nola eragingo du hizkuntza politiketan?

Herrietan euskara zerbitzuekin harremana ona da, oro har. Baina zaila da erakunde publikoetatik herrian eragitea, herri bateko hizkuntza politikan gero eta gauza gutxiago baitaude udalen esku. Hortaz, euskara elkarteek eragin behar dute herri mailako hizkuntza politikan: sukalde lanari garrantzi handiagoa ematen, eta salaketa publikoa egiten. Maila makroan, bestalde, ez dakit ez ote gabiltzan eragin hori gauza zehatzetara mugatzen. Aisialdia, lan arloa eta norbanakoen hizkuntza ohituren aldaketa jarri dira hizkuntza politikaren helburu. Ados nago, baina hizkuntza politika hori baino gehiago da, eta beste gai batzuez oso gutxi hitz egiten da: ikus-entzunezkoen politikez, erakunde batzuek pandemian euskarari emandako tratamenduaz... Ez dut uste Topaguneak etengabe egon behar duenik salaketa publikoan, baina batzuetan salatzea tokatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.