Topagune bat abian da herrietan dauden hezkuntza taldeak biltzeko

LOMCErik Gabeko Herriak egitasmoa abiatuko dute datozen hilabeteetan, sinadura kanpaina batekin

Plataformen Topagunearen aurkezpena, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko hainbat herritan dauden hezkuntza plataformak bildu eta Hezkuntza Plataformen Topagunea osatu dute. Atzo egin zuten aurkezpena, Bilboko Bolsa aretoan. Orain arteherrietan sortutako dinamikak biltzea eta koordinatzea da Topaguneak duen helburua: «Esperientziak trukatu eta elkarlana sustatu nahi dugu», adierazi zuen Samuel Pasandin Aiarako Gure Hezkuntza Plataformako kideak.

Hiru ideia nagusiren inguruan bildu dira: LOMCE legearen aurkakotasuna, ez aplikatzeko konpromisoa, eta hezkuntza herritar, parte hartzaile, hezkidetzaile, barneratzaile, demokratiko eta euskaldunaren aldekotasuna. Helburu horiekin bategiten dutenak topagunearekin harremanetan jartzeko deia egin zuten atzo: «Herri edota ikastetxe ezberdinetan egon daitezkeen plataformak batzea da gure nahia», adierazi zuen Pasandinek.

Orain arte Hego Euskal Herriko hainbat herri plataforma bildu dira Topagunera. Horien artean daude Gasteizko Gure Hezkuntza Plataforma, Aiarako Hezkuntza Plataforma (Araba), Enkarterriko Hezkuntza Bilgunea (Bizkaia), Santurtziko Kalitatezko Hezkuntzaren aldeko Koordinakundea (Bizkaia), Hezkuntzan Geu Eragile eta Denon Hezkuntza (Gipuzkoa) eta Sarrigureneko Kalitate Batzordea (Nafarroa).

LOMCEren aurkako egitasmoa

LOMCErik Gabeko Herriak izango da egingo duten lehen dinamika. Tokian-tokian, LOMCE legearen aurkako dinamikak bultzatu nahi dituzte horrekin. Pasandinen arabera, «txikitik handira zabalduko den dinamika izango da». Eta dinamika handitzea nahi dute, «LOMCErik gabeko Euskal Herria lortu arte». Horretarako, gainontzeko hezkuntza plataforma, eragile eta norbanakoekin lan egingo dutela adierazi zuten. Baina LOMCE legearen aurkakotasunetik harago joan nahi dute: «Gaur LOMCErik gabeko herria dena izan dadila etorkizunean hezkuntza sistema propiodun herria», nabarmendu zuen Pasandinek. Dinamika abiatzeko sinadura kanpaina «erraldoi» bat abiatuko dutela iragarri zuten.

Legeari ezezkoa adierazi ez ezik, ez aplikatzeko konpromisoa ere hartzen dutela adierazi zuten agerraldian. «Datorren urtean izatekoa den aplikazioari aurre egiteko, sektore bakoitzak jarrera eta konpromiso batzuk hartu beharko ditu. Irakasle, guraso zein ikasleak», adierazi zuen Miren Larrion Gasteizko hezkuntza plataformako kideak. Desobedientzia egiteko gida bat argitaratzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.