«Terrorismoaren biktima» da Tomas Alba, BVE Batallon Vasco Español talde parapolizialak 1979an hildako HBren Donostiako zinegotzi ohia, eta haren senideei eman beharko diete terrorismoaren biktima izaera izategatik dagozkien kalte-ordainak Espainiako Gobernuak, ETAren indarkeriaren biktimek bezala, eta GALekoak eta beste talde parapolizial batzuetakoak behar luketen bezala, 2011ko Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako Legeak dioen moduan. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazio Auzietarako 5. Aretoak, Tomas Albaren senideen izenean Iñigo Iruin abokatuak aurkeztutako helegite bati erantzunez. Espainiako Gobernuak 90.424 euro eman beharko dizkio familiari kalte-ordain gisa.
Gobernura iritsi eta gutxira, 2012n, PPk aldaketa bat egin zuen terrorismoaren biktimen legean, eta, 2014an, Albari eta beste 45i ukatu egin zizkien diru laguntzak. Pertsona horiek denak ziren talde parapolizialen indarkeriaren edota Espainiako Estatuak bultzatutako gerra zikinaren biktimak. Horiei, ordura arte haietako beste batzuei gertatu ez bezala, kalte-ordainak eskuratzeko eskubidea kendu zien Barne Ministerioak, ETAko kide izan zirela edota ETAren inguruarekin lotura izan zutela argudiatuta, Poliziaren txostenetan soilik oinarrituta. Erabaki horren aurka, biktima horiek helegiteak jarri zituzten, ministerioan bertan lehenik, eta administrazioaren ezezkoa jaso zutenean, jo zuten auzitara. Iazko uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zituen kasu gehienak —GALekin lotutakoak, bereziki—, Barne Ministerioaren irizpidearekin bat eginda. Atzera botatako batzuek goragoko auzitegietan jarri dituzte helegiteak.
Albaren kasuan, auzitegiak argudiatu du hura hil zutenean hautesle plataforma bat zela HB, legezkoa zela orduan, eta 24 urte geroago legez kanporatu izanakezin duela eraginik izan Albaren senideei dagozkien eskubideetan.
Tomas Albaren senideei kalte-ordaina eman beharko die Madrilek
«Terrorismoaren biktima» gisa jasotzen zituzten diru laguntzak ukatu zizkien Mariano Rajoyren gobernuak 2014an, Alba HBko zinegotzia izan zelako. Beste 45 lagunek ere jo dute auzitara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu