Otsailaren 12an Villabonako (Gipuzkoa) gazte bat zauritu zuten kale bera jendez bete da gaur eguerdian. Xuhar herri plataformak deituta, eserialdia egin dute Tolosako (Gipuzkoa) Soldadu kalean. «Nekatuta gaude, baina amorrutik indarra atera dugu. Eseri ondoren altxatu egingo gara. Altxatu guztiok! Nekatuta bagaude ere, eta bidea luzea izango bada ere, zuen astakeriei erantzuteko prest gaude, aurrean zutik izango gaituzue!», erran du plataformak. Arcada Social taldearen soinuek eman diote hasiera protesta ekintzari, eta haien abestietako aldarrikapenek, berriz, indarra bertaratu den orori.
«Arkada Socialek abesti batean dio malkoak begitan ere irria eskeintzen daki; malkotik gatoz, baina irrira goaz. Borrei helduz ukabilak gogor estutzen dituztenen aurrean, irri egin eta Arkada Socialen Ukabilak gora abestuko dugu elkartasunez. Malkotik gatoz, baina irrira goaz», azpimarratu dute. Hala, gogoratu dute 34 egun igaro direla Ertzaintza kale horretara sartu, «16 urteko gazte bat begian tirokatu» eta «Xuharrentzat eta haren inguruarentzat amesgaiztoa» hasi zenetik.
Autoritateek orain arte adierazi dute «proportzionaltasunez» eta «protokoloari jarraituz» jokatu zutela, baina, bertze behin, plataformak zalantzan jarri du hori: «Egia bertsio lokaztu eta sinestezinetan ezkutatu nahi izan badute ere, guk ez dugu sinesten». Hala, erran dute «biolentzia polizialari planto egiteko» bildu direla Tolosan: «Nekatuta gaudelako ere bai, azken hilabetean kale honetan hasi eta biolentzia kate bat osatu duten Bilbo, Gasteiz eta Donostiako esku hartze desproportzionatuez nekatuta. Indarkeria polizialaz nekatuta. Gure segurtasuna bermatu behar dutenak zarete, eta ez gu ospitalera bidaliko gaituztenak».
Badakite oraindik «bide luzea» dutela egiteko, oztopoz betea. Hala ere, Arcada Socialek hasieran abestutakoa gogora ekarrita, «elkarrekin» jarraituko dutela erran dute, gaur bertan bildu direnak eta etorkizunean bilduko direnak ere bai. «Elkarrekin jarraituko dugu, Xuhar, zure ondoan, eta zure familiaren ondoan ere bai. Zuen ondoan eta indarkeria polizialaren aurrean».
34 egun
Otsailaren 12ko goizaldean, larri zaurituta ospitaleratu zuten Villabonako gaztea. Arrazoia, gazteak berak azaldu zuenez, Ertzaintzaren foam jaurtigailu batek eragindako zauriak izan ziren. Begian jo zuen, eta begi ondoa erabat handitua zuen kolpearen eraginez, malko hodia hautsia, eta erretina askatua. Hamabost puntu eman zizkioten zauria ixteko.
Geroztik bolo-bolo ibili da albistea hedabideetan eta sarean. Duela aste batzuk, erraterako, Ertzaintzak Tolosako inauterietan izandako esku hartzearen inguruan egindako txostena iritsi zen hedabideetara. Haren arabera, agenteek botatako foam jaurtigailu batek «errebotez» jo zuen 16 urteko mutila, eta lesio larriak eragin zizkion begian. Txostena filtratu aurretik ere, Villabona-Amasako EAJk hala baieztatu zuen asteazkenean: «Ez zuten tirokatu». Xuhar herri plataformak, ordea, esan zuen hipotesi hori «sinesgaitza» dela, eta salatu esku hartzean ez zela «kasualitaterik» izan.
Horrez gain, joan den hilabete bukaeran Villabona-Amasako Udalak mozio bat onartu zuen auzia argitzea galdegiteko eta erantzukizunak eskatzeko. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten; EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten.