Tolosan zauritutako gaztea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko eskatu dute

Xuhar herri plataformak mobilizazio batera deitu du martxoaren 16rako, Tolosan. Polizia eredua aldatzeko eskatu dute.

Auzia salatzeko egindako agerraldi bat, Villabonan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Auzia salatzeko egindako agerraldia, gaur arratsaldean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 6a
19:30
Entzun

Xuhar herri plataformak agerraldia egin du Villabona-Amasan (Gipuzkoa), Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Tolosan larri zauritutako gaztearen auziaz aritzeko erabilitako hitzak salatzeko. Leporatu diote 16 urteko gaztea «erruduntzat» jo nahi izatea, eta eskatu diote ardura bere gain hartu eta gaztea indarkeria polizialaren biktima gisa aitortzeko. Aldarrikapen hori egiteko eta polizia ereduaren aldaketa eskatzeko, mobilizazio baterako deia egin dute: martxoaren 16an, Tolosan (Gipuzkoa). «Bada garaia gauzak aldatzeko».

Plataformak gogora ekarri du Ertzaintzako sindikatu korporatiboek otsailaren 14an izan zuten erantzuna. Erne, Esan eta Sipe sindikatuek ohar bateratu batean adierazi zuten «ekintza profesional kirurgikoa» izan zela ordukoa, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari exijitu zioten segurtasun indarren «defentsan» aritzeko. Hain zuzen, Erkorekak berak aferaren inguruko ikerketa baten berri ematearekin batera.

Xuhar herri plataformak txarretsi egin du ordutik aurrera Segurtasun Sailak eta, zehatzago, Erkorekak izandako jarrera. Salatu du, lehenik, sailburuak zalantzan jarri zuela 16 urteko gaztea ertzainek zauritu izana, eta, gerora, sailak Villabona-Amasako (Gipuzkoa) EAJko zinegotzi Arantzazu Rojoren «ahotik» adierazi zituela esan beharrekoak. «‘Xuhar ez da tirokatua izan’ aipatu zuen beste hainbat astakeriaren artean», kritikatu du plataformak. Adierazpen horiek udalean Tolosako gertakaria salatzeko eta argibideak eskatzeko mozio baten inguruko eztabaidan egin zituen, 16 urteko gaztearen eta haren senideen aurrean.

Eta, hurrengo egunean,zenbait egunkarik Ertzaintzaren ikerketaren inguruko filtrazio bat argitaratu zuten; hark bat egiten zuen bezperan Rojok esandakoarekin. Horren harira plataformak eginiko beste kritika: «Lehen aldiz prentsan irakurri genuen sinesgaitza den filtrazioa».

Segurtasun Sailaren erantzun ofizialik ez zen iritsi, baina, asteartera arte. Erkorekak aurrez argitaratutakoa baieztatu zuen: Ertzaintzaren arabera, agente batek jaurtitako foam pilotak istiluetan parte hartzen ari zen beste gazte baten besoan —hark botila bat zeraman eskuan, Erkorekaren esanetan— eman zuela 16 urteko gaztearen begian eman aurretik; hau da, errebotez jo zuela. Are gehiago, begian lesioa jasandako gaztearen gain jarri zuen bertan egotearen ardura. «Ez zegoen kasualitatez han», adierazi zuen sailburuak, eta gehitu «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela, «gertatzen ari zena grabatzen». Hori adierazi ostean, esan zuen ez duela «eragin» nahi auzia ikertzen ari den epailearengan.

Tolosako inauterietan gertatutakoaren inguruko bertsio hori, baina, «Hollywoodeko gidoilari onenek» ere ez lukete egingo, Xuhar herri plataformaren esanetan. Haien ustez, «sinesgaitza» baita foam jaurtigai batek Ertzaintzak adierazitako ibilbidea egitea gaztearen begia jo aurretik. Hala, lesioak jasan dituen gaztea «erruduntzat» jotzeko kanpaina baten hasiera gisa kalifikatu du Erkorekaren agerraldia: «Biktima izaera ukatzeaz gain errudun izaera ezarri nahia inpunitatearen apologia egitea da, Erkoreka jauna».

Izan ere, plataformak argi duen bakarra da foam jaurtigai hark «atzeraezinak diren lesio larriak» eragin dizkiola gazteari, eta salatu du euren kontrako jarrerak «zaurgarri» eta «umiliatuak» sentiarazten dituztela: «Umiliatuak sentitzen gara giza eskubideen urraketa horiek eragotzi beharko lituzketen arduradunek biktima izaera ukatu eta erruduntzat jo nahi gaituztenean».

Ez da bakarra

Xuhar herri plataformak azaldu duenez, Tolosako gertakaria ezin da aztertu kasu bakan bat balitz bezala, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen jazotakoak ere gogoratu dituzte. Hiru kasuetan, Ertzaintza oldartu egin zitzaien han zeudenei: Bilbon eta Donostian, futbol partiden atarian; eta Gasteizen, martxoaren 3ko manifestazioan. «Lekua eta testuingurua edozein dela ere, polizia eredu honek beti aurkitzen du inpunitate osoz egiten dituen esku hartze neurrigabeak justifikatzeko aitzakia», txarretsi du plataformak. Horiek hala, Eusko Jaurlaritzari kritikatu diote «hanka sartzeak onartu» eta «ardurei aurre egin» beharrean egungo polizia ereduaren defentsa egin izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.