Bakearen Nazioarteko Eguna irailaren 21ean izaten da. Horrekin lotuta, Unescok bakearen inguruko jardunaldia antolatzen du urtero. 2020ko ekitaldia Tolosan (Gipuzkoa) egin behar zen, baina, pandemiaren ondorioz, aurten eginen da, irailaren 17an. Gaur aurkeztu dute. Aurkezpenean izan dira Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Ion Ganbra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusia, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Estitxu Zaldua TOPICeko zuzendaria.
«Bakeak, gerrak bezala, ekintza behar du», adierazi du Estitxu Zalduak. Jardunaldiaren egitarau zehatza zein den jakinarazi ez badu ere, hiru ekitaldi nagusiak aipatu ditu. Goizean, txotxongiloak egiteko tailerrak izanen dira Tolosako (Gipuzkoa) hainbat lekutan. Txotxongilo horiek berak arratsaldean eginen den martxan erabiliko dira. Gainera, mahai inguru bat ere izanen da Topicen, eta artea, bakea eta gazteriaren harremana aztertuko ditu. Arratsalde partean, martxa eginen da, hainbat abesbatzak lagunduta. Gauean, abesbatza guztiek kontzertua emanen dute Leidor aretoan. Peonek adierazi du jarduera guztiek «bakea, kultura eta gazteria» dituztela oinarri.
«Gazteak izango dira benetan bakearen aldeko nazioarteko jardunaldi honetako protagonistak», erran du Beatriz Artolazabalek. Izan ere, sailburuaren hitzetan, gazteek osatuko dute bakearen bidea etorkizunean. Ion Ganbra ados agertu da Artolazabalekin. Adierazi duenez, Euskal Herrian «indarkeria urte gogorrak» izan diren arren, pauso «asko» gelditzen dira egiteko, eta, hain zuzen, gazteek emanen dituzte pauso horiek.