Osasuna

Tolosalderako osasungintza publikoa eskatu dute

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde taldeak antolatuta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian, Tolosan. Antolatzaileen esanetan, 2.000 lagunek bat egin dute.

Osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa, gaur eguerdian, Tolosan. GOTZON ARANBURU / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 6a
17:27
Entzun

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde elkarteak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian, Tolosan (Gipuzkoa). Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Irtenbidea orain lelopean, ehunka herritar atera dira kalera. Hauxe eskaera: Tolosaldeko osasun arreta publikoa izatea. Antolatzaileek emandako datuaren arabera, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute protestan.

Antolatzaileen esanetan, eskualdeak «egoera prekarioa» bizi du osasungintzari dagokionean. Egun, ez daukate ospitale publikorik; Asuncion klinika pribatuak ematen du zerbitzua. Zerbitzu hori, ordea, ez zaie behar bezalakoa iruditzen: «Arreta kaxkarragoa jasotzen dugu, azpiegitura aldetik ere eskasago gabiltza, eta gainerakoetara baino diru gutxiago iristen da eskualde honetara». Ospitale publikoa egingo dutela aginduta dute; alabaina, nabarmendu dute ia ez dakitela ezer horri buruz. Bitartean, Asuncion klinikako langileek ere kezkatzen dituzte: «Ez dakigu zer etorkizun izango duten Asuncion klinikak eta bertako langileek».

Herritarrak ez dira protestan ari diren bakarrak: ELAk eta LABek deituta, Asuncion klinikako langileek ere zenbait mobilizazio egingo dituzte maiatzean. Hain zuzen ere, asteon bi orduko lanuzteak egin dituzte, eta hamar egunetan greba egingo dute: bihar, etzi, hilaren 9an, 17an, 18an, 19an —Osakidetza osoan greba izango den bi egunetan—, 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n. Egun horietan elkarretaratzeak ere egingo dituzte klinikan, 12:00etan hasita. Gainera, auto karabanak egingo dituzte lau egunez: etzi, hilaren 17an, 23an eta 31n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.