Tolosaldera hilaren 17an iritsiko da atez atekoa, lau herritara

Hautetsiek «aukera bat» eskatu diete herritarrei; sistema probatuta, sei hilabete barru iritziak biltzeko asmoa daukate

Villabonako Zero Zabor taldearen atzoko ekitaldia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Irura
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Uda aurretik jarriko zutela iragarri zuten, eta zehaztu dute eguna: hilaren 17an, astelehenarekin, iritsiko da hondakinen atez ateko sistema Tolosaldera. Lau herrik jarriko dute martxan egun horretan: Alegiak, Anoetak, Irurak eta Zizurkilek. Eredu berriari «aukera bat» emateko eskatu diete herritarrei, eta hitzeman dute sistema probatu eta gero parte hartze prozesu bat abiaraziko dutela, sei hilabete barru, herritarrek zein iritzi daukaten eta zertan hobetu beharko litzatekeen jakite aldera.

Ontziak banatzen hasi dira jadanik. Alegian %90 banatu dituztela azaldu dute; orain hasi dira besteetan. Iruran, atzo, joan-etorria bazen banaketarako gunean.

Tolosaldeko lau horiekin, Gipuzkoan hamahiru herritan sistema hori jarria izango dutela nabarmendu dute. «Salto kualitatiboa» egin nahi dute eredu berria ezarrita. «Gaika %80tik gora biltzeko gai atez ateko sistema bakarrik da», nabarmendu dute. Horregatik, espero dute beste herri batzuetan aurki ezarriko dutela.

Galdeketa Zizurkilen

Villabonan ere lau herri horiekin bateratsu ezartzekoa zuten, baina oraindik ez dute eperik jakinarazi; kontuan izatekoa da besteak baino dezente herri handiagoa dela. Zizurkilen, galdeketa antolatu nahi du atez atekoaren aurkako taldeak, hilaren 22 eta 23rako. Alkateak ez dio zilegitasunik ikusi. «Gure herrian ez dago plataformarik, eta kanpotik etorri da norbait galdeketa egiteko esatera».

Zero Zabor taldeak ekitaldi bat egin zuen atzo Villabonan, Eman aukera bat birziklapenari leloaz. Bi protesta izan ziren herrian aurreko astean: atez atekoaren aurka bat; erraustearen aurka bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.