Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak salatu du kide batek eraso faxista bat jasan duela

Azaldu dutenez, kide horrek aurre egin zion kalean propaganda faxista itsasten ari zen talde bati, eta haiek piper gasarekin eraso zioten. Kontseiluak faxismoaren gorakadarekin lotu du gertakaria.

Faxismoaren gorakadaren kontra egindako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Faxismoaren gorakadaren kontra egindako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko otsailaren 11
12:05
Entzun

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak salatu du Mugimendu Sozialistako kide batek eraso faxista bat jasan duela asteburuan. Zehazki, azaldu dute piper gasarekin egin ziotela eraso: «Faxista batzuk propaganda itsasten ari ziren, eta militante sozialistak aurre egin zien. Faxistek, piper gasarekin eraso egin, eta alde egin zuten».

Kontseilu Sozialistak «erreakzioaren gorakadarekin eta faxismoaren igoerarekin» lotu du auzia. Izan ere, azaldu dute Europako beste zenbait herrialdetan bezala Euskal Herrian ere areagotu egin direla halako mugimenduak. Horren adierazle, eskuin muturreko taldeek Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan jarritako pegatinen irudiak erakutsi dituzte. Horietan mezu hauek ageri dira, besteak beste: Europaren alde borrokatzeko odolaren deia, Islamizaziorik ez, Euskal Herria euskaldunontzat.

Hori ikusita, «langile klasearen batasunean eta antolakuntzan sakontzeko» asmoa azaldu du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak: «Gure kaleetan ez diegu lekurik utziko». Hala adierazi zuten urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean egindako manifestazioetan ere. Orduan, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta, nabarmendu zuten «joera erreakzionarioei aurre egiteko garaia» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.