ELA eta LAB sindikatuek deituta, Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikako langileek lanuzteak eta grebak eginen dituzte maiatzean zehar. Azaldu dutenez, hitzarmenak bere hartan dirau, eta, negoziazio mahaia eratu zenetik –duela urte bat baino gehiago–, zuzendaritzak murrizketak bakarrik proposatzen ditu.
Hitzarmen berrirako lan baldintza duinak eskatzen dituzte. Soldatari dagokionez, KPIaren araberako igoerak nahi dituzte, onartezina zaielako negoziazioaren ondoren langileak «lehenago baino pobreago» izatea. Izan ere, klinikako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, Osakidetzako bertze edozein langilek bezala.
Bi orduko lanuzteak eginen dituzte gaur, bihar eta etzi. Greba egunak, berriz, hamar egunez izanen dira; eta auto karabanak, bost egunez. Horrez gain, datorren larunbatean, hilaren 6an, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak manifestaziora deitu ditu herritarrak. «Osasungintzaren kalitatea asko jaisten ari da, osasun publikoa defenda dezagun», adierazi dute. Gehitu dute arazoa ez dela soilik Tolosakoa, Tolosalde osokoa baizik. Hortaz, garrantzitsua dela herri txikietako jendea ere manifestaziora joatea.
Ospitale publikoa
Ez da berria Tolosaldeko ospitale publikoaren auzia. Asuncion klinika pribatua den arren, zerbitzu publikoa eskaintzen du Osakidetzarekin duen hitzarmen bati esker. Herritar anitz, baina, ez daude eredu horrekin ados, eta urteak daramatzate ospitale publiko bat eskatuz.
Horrez gain, Basurtuko Ospitalean ere kontzentrazioa eginen dute bihar 08:15ean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.