Tolosaldeko Asuncion klinikako langileak grebara deitu dituzte

Bi orduko lanuzteak eginen dituzte gaur eta bihar, eta hilaren 8tik 31ra hamar greba egun izanen dituzte. Lan baldintza «duinak» nahi dituzte

Asuncion klinika, Tolosan, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek deituta, Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikako langileek lanuzteak eta grebak eginen dituzte maiatzean. Azaldu dutenez, lan hitzarmenak bere hartan dirau, eta, negoziazio mahaia eratu zenetik duela urte bat baino gehiago, zuzendaritzak ez die proposamen baliagarririk egin. Hala berretsi dute bi sindikatuek ohar batean: «2022ko martxoan eratu zen negoziazio mahaia. Denbora aurrera doa, eta zuzendaritzak ez ditu murrizketak besterik proposatu».

Hori horrela, langileek hitzarmen berrirako «lan baldintza duinak» eskatzen dituzte. Soldatari dagokionez, KPIaren araberako igoerak nahi dituzte, onartezina zaielako negoziazioaren ondoren langileak «lehen baino pobreago» izatea. Lanordu kopurua ere aldatu nahi dute: «Administrazioaren azpikontrata askotan astean 35 ordu lan egiten dutenez, hori da erreferentzia hitzarmen berri honetarako». Izan ere, gogorarazi dutenez, klinikako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, eskualdean ez baitago erietxe publikorik.

Bi orduko lanuzteak egiten hasi ziren atzo, eta hala eginen dituzte bihar eta etzi ere. Greba egunak, berriz, hamar izanen dira: maiatzaren 8an, 9an, 17an, 18an, 19an —Osakidetza osoan greba izanen den bi egunetan—, 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n. Egun horietan elkarretaratzeak eginen dituzte klinikan, 12:00etan hasita.

Protesta gehiago ere antolatu dituzte; esaterako, auto karabanak eginen dituzte bost egunez. Horrez gain, etzi, hilak 6, Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak manifestaziora deitu ditu herritarrak. «Osasungintzaren kalitatea asko jaisten ari da, osasun publikoa defenda dezagun», adierazi dute. Gehitu dute arazoa ez dela soilik Tolosakoa, Tolosalde osokoa baizik; hortaz, herri txikietako jendea ere manifestaziora batzera deitu dute.

Ospitale publikoa

Ez da berria Tolosaldeko ospitale publikoaren auzia. Asuncion klinika pribatua den arren, zerbitzu publikoa eskaintzen du Osakidetzarekin duen hitzarmen bati esker. Herritar anitz, baina, ez daude eredu horrekin ados, eta urteak daramatzate ospitale publiko bat eskatzen.

Horrez gain, Basurtuko Ospitalean (Bilbo) ere kontzentrazioa eginen dute gaur 08:15ean, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Osakidetzan hilaren 18an eta 19an egingo duten grebaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.