Tolosako inauterietan pilotakadaz zauritutako gaztearen auzia artxibatu egin dute

Ertzaintzaren ikerketan ebatzi zuten «kasualitatez» jo zuela foam pilotak begian. Defentsak iragarri du helegitea jarriko duela.

Xuhar herri plataformaren eserialdia, Ertzaintzaren jokabidea salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
Xuhar herri plataformaren eserialdia, Ertzaintzaren jokabidea salatzeko. ANDONI CANELLADA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko azaroaren 28a
15:40
Entzun

Gazte bat larri zauritu zuten ertzainek jaurtitako foam pilota batek begian jo ostean. Aurtengo inauterietan gertatu zen, otsailaren 13an, Tolosan (Gipuzkoa). Begi batean larri zauritu zuten, eta ez du oraindik ikusmen osoa berreskuratu. Oinazez, medikutan segitzen du. Epaileak auzia artxibatzea erabaki du, eta defentsak jakinarazi du helegitea jarriko duela.

Ertzaintzaren arabera, agente batek jaurtitako foam pilota batek istiluetan parte hartzen ari zen beste gazte baten besoa jo zuen —hark botila bat zeraman eskuan, Josu Erkoreka orduko Segurtasun sailburuaren esanetan— 16 urteko gaztearen begian eman aurretik, hau da, errebotez jo zuela. Are gehiago, begian zauritutako gaztearen gain jarri zuen istiluen lekuan egotearen erantzukizuna. «Ez zegoen kasualitatez han», adierazi zuen sailburuak, eta gehitu «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoela, «gertatzen ari zena grabatzen». Ertzaintzaren ikerketaren arabera, «50 metrotik baino gehiagotik» egin zuten tiro agenteek, «gorputzaren beheko aldera», eta beste pertsona baten besoan errebotatu ostean jo zuen 16 urteko gaztearen begia foam jaurtigaiak. Beraz, ondorioztatu dute agenteek protokoloa bete zutela.

Ertzaintzaren sinesgarritasuna auzitan

Xuhar herri plataforma eratu zuten Villabonan (Gipuzkoa), gaztea bizi den herrian, Ertzaintzaren jokabidea salatzeko eta gazteari babesa agertzeko. Ez zioten sinesgarritasuna eman Ertzaintzaren bertsioari. Hiru pertsonek jarri zuten salaketa gau hartan, Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean zauritu eta gero. Kritikatu zuten, jendea festa giroan zegoela, Ertzaintza oldarka sartu izana Tolosako Alde Zaharrean, eta gaitzetsi zuten esan izana «kasualitatez» foam jaurtigailu batetik «ateratako» jaurtigailu batek gaztearen begian «errebotez» jo zuela.

Xuhar herri plataformak adierazpen bat argitaratu du, auzia artxibatua izan dela jakin orduko. Gogoratu duenez, gazteak eskuineko begitik ez du argirik ikusten, «ez da gai bizitza normala egiteko, ez da gai aurrean nor duen antzemateko». Ospitaleko mediku agiriek azaltzen dutenez, «poliziaren gomazko pilota batek» eragin dio kalte hori begian. Plataformak azaldu du «Xuhar tirokatua izan zela argi erakusten duten argazkiak eta bideoak» aurkeztu direla auziak aurrera joan ahala.

Azaldu dutenez, epaileak ertzainak entzun ditu: jaurtitzen has zitezen agindu zuena eta jaurti zuena. Argudiatu zuten beren segurtasuna arriskuan ikusi zutela eta esku hartzea proportzionala izan zela. Gazteak berak deklaratu aurretik auzia artxibatzea erabaki du epaileak.

Auzia behar bezala ikertzeko eta erantzukizuna argitzeko eskatu dute. «Xuharrek ez du begia galdu, Ertzaintzak galarazi dio».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.