Tolosako gazte zauritua «istiluetan parte hartzen» ari zela esan du Erkorekak

Istiluak «sigla» batzuen «dendaostean» antolatzen direla esan du Erkorekak, Ertzaintzaren azken asteetako oldarraldiei erreparatuz. Otegik erantzun dio Erkorekari «epaitegira jotzeko», probak baditu. «Sumingarria» da, erantsi du.

(ID_13670478) ESPAÑA GOBIERNO VASCO
Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua. L. RICO / EFE
xabier martin
2024ko martxoaren 5a
13:50
Entzun

Ertzaintzak bukatu du Tolosako inauterietan polizien oldarraldiaren eraginez zauritutako gazteen inguruko ikerketa: begian larri zauritutako Villabonako (Gipuzkoa) gaztea «istiluetan parte hartzen» ari zen, «ez zegoen kasualitatez han», eta «aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan» zegoen, «gertatzen ari zena grabatzen». Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eman du Ertzaintzaren ikerketaren «ondorio nagusien» berri.

Ikerketa hori Tolosako epaitegira bidalita dagoela erantsi du, zaurituetako batek behintzat —hiru izan ziren— salaketa jarri duelako han. «Ez zen ihes egiten ari», erantsi du Erkorekak, eta zehaztu du ertzain batek jaurtitako foam pilotak istiluetan parte hartzen ari zen beste gazte baten besoan eman zuela 16 urteko gaztearen begian eman aurretik; errebotez jo zuela, alegia.

«Istiluetan parte hartzen ari zen; ez zegoen kasualitatez han, eta aurpegia estalita eta botilak jaurtitzen ari zirenen alboan zegoen, gertatzen ari zena grabatzen».

JOSU ERKOREKAJaurlaritzako Segurtasun sailburua

Azalpen horiek eman eta gero, adierazi du ez duela informazio gehiago emango auziari buruz, ez ei duelako nahi «eragin» auzia kudeatu behar duen epailearengan. Gaineratu du Eusko Legebiltzarreko Kontrol eta Gardentasun Batzordeari ere helarazi diola bere sailak egindako ikerketa, Ertzaintzak berak Tolosan izandako esku hartzeari buruzkoa.

Villabonako gazte zaurituaren aita Jon Pazosek argi eta garbi esan zuen BERRIAn haren semea ez zegoela parte hartzen Tolosako inauterietako igande goizaldeko istiluetan, «jai giroan baizik». Erkorekaren bertsioa eta aitarena ez datoz bat, beraz.

Istilu guztiak lotuz

Gasteizen, Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurreneko manifestazioan Ertzaintzak egindako oldarraldiari buruz galdetuta, Erkorekak bere «susmoak» helarazi ditu azken asteetan gertatu diren istilu mordoaren jatorriarekin lotuta. Inauterietako istiluak, futbolaren inguruan sortutakoak eta Martxoaren 3ko istiluak lotu ditu, eta galdera bat egin du: «Noren dendaostean daude istilu horiek?». EH Bilduren sigla zehatzak aipatu gabe, «sigla» batzuei buruz aritu da, esateko «erakusleihoan irudi zibilizatua» ematen dutela batzuek eta «dendaostean» istilu horiek eragiten dituztela.

Esan du bere susmoek ez dutela «garrantzirik», baina adierazi du «gizartea galdezka» hasi dela «jendea biltzen den lekuetan istiluak eragiteko borondatea dutenen inguruan». Azken asteetan «izaera desberdineko protestak» egon direla zehaztu du, eta, haren hitzetan, batzuek salatu dute Ertzaintzak esku hartze «apalegia» egin duela, eta beste batzuek, gehiegizkoa dela. Erkorekak adierazi du Ertzaintzak istilu horietan guztietan izandako esku hartzea «neurritsua» izan dela.

EH Bildu aipatu gabe koalioaren aurkako akusazio larria egin ostean, indar horren koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik erantzun du «sumingarria» dela Segurtasun sailburuak esandakoa. «Probak baditu epaitegi batera jo dezala, bestela gezurretan ari da», esan du Tele7 hedabidean. «Ez dugu zerikusirik istiluekin, ez dugu inolako interes politikorik horretan. Baina polizia ereduari buruz hitz egiteko eskubidea dugu. Egin dezagun eztabaida hori modu lasaiean».

EH Bilduko buruak jarraitu du esanez Erkoreka «faltsukeria bat» ulertzera ematen ari dela. Segurtasun sailburuak «agian poliziaren sektorearen gaineko kontrola» galdu duela erantsi du Otegik, eta egindako adierazpenak «arduragabekeria handia» direla. «Hauteskunde kanpaina lokaztu nahi dute? Osakidetzari buruz eta jendearen benetako arazoei buruz ez hitz egiteko zelaia lokazten saiatuko dira batzuk».

(ID_13665250) ESPAÑA 3 MARZO
Ertzainak manifestari bat atxilo hartzen, Gasteizen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE

Igande eguerdian, istilu gogorrak izan ziren Gasteizen, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko manifestazioan. Ertzaintza oldartu egin zitzaien manifestariei, eta eten egin behar izan zuten milaka lagun elkartu zituen protesta. Foam jaurtigai asko erabili zituzten poliziek. Lau Lagun ere atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoak eragitea eta autoritatearen kontra egitea leporatuta. Aske utzi dituzte jadanik, karguekin.

Hain zuzen ere, gertatutakoa salatzeko eta atxilotuei babesa adierazteko, igandeko manifestaziora deitu zuten eragileek agerraldia egingo dute bihar, Martxoaren 3aren plazan. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak eskatu dizkiote dagoeneko Eusko Jaurlaritzari.

«Ondo infiltratua zegoen»

Horrez gain, manifestarien artean eta kaleko jantzita zegoen ertzain batek bere lankideen kolpeak jasan izanari buruz ere galdetu diote Erkorekari, eta haren erantzuna laburra izan da: «Ondo infiltratua zegoen». Gero, erantsi du munduko «polizia demokratiko guztietan» daudela kaleko jantzitako poliziak manifestarien artean, «Ertzaintzaren ikuspuntua zabalagoa izan dadin». Aski hedatu da sare sozialetan ertzainek haien lankide bat nola jotzen duten erakusten duen bideo bat, hura ere ertzaina dela ohartu gabe.

Edonola ere, Ertzaintzak azken asteetan izan dituen esku hartzeen inguruko tesi are garbiagoa helarazi du Segurtasun sailburuak agerraldia bukatu aurretik: «Arazoa ez da Ertzaintzarena, baizik eta istiluak eragitera joaten diren taldeena». Istilurik denean, Segurtasun Sailak ez baizik Ertzaintzaren buruek antolatzen dituzte esku hartze horiek, Erkorekak ñabartu duenez, eta haren sailak «konfiantza osoa» dauka ertzainburu horiengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.