Aralarko pistak

Tolosako Epaitegiak behin-behinean artxibatu du Eguzkik eta Landarlanek Aralarko pisten aurka jarritako salaketa

Epaitegiak ondorioztatu du Aralarko mendilerroan egindako jarduera guztietan «legezko baldintza guztiak bete» zituztela eta «naturguneak babesteko indarrean zeuden arau guztiak errespetatu» zituztela.

Enirio eta Igaratza arteko pista berria, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nagore Arin.
2021eko otsailaren 15a
12:57
Entzun

Hilabete luzeak dira Aralarko parke naturalean egin nahi dituzten pisten gaiak eztabaida eta protesta ugari eragin dituela. Askotariko iritziak eragin ditu artzainen txaboletara iristeko egin nahi dituzten pisten auziak, eta erakutsi du batzuetan ez dela samurra ingurumena zaintzearen eta abeltzainen jarduna babestearen arteko oreka. Hain justu ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur baloratu du Eguzki taldeak eta Landarlan erakundeak pista horien aurka jarritako salaketa. Jakinarazpen batean adierazi duenez, Tolosako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 3. Epaitegiak lan horien aurka jarritako salaketa «behin-behinean artxibatzea» agindu du.

Foru Aldundiaren arabera, «Intzansaotik Goroskintxurako txabolen sarbideak antolatu eta zaharberritzeko proiektuaren» barruan sartzen dira lan horiek, eta «inguruko artzainen baldintza guztiak hobetzeko» helburu jakina dute. Bada, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu du epaitegiaren autoak «irmo» azaltzen duela joan den legegintzaldian departamentuak egindako jarduera horietan guztietan «legezko baldintza guztiak bete» zituztela eta «naturguneak babesteko indarrean zeuden arau guztiak errespetatu» zituztela.

Larrañagaren hitzetan, autoak egiaztatu du hartutako erabakiak ezin direla arbitrariotzat jo. Proiektua onartzeko prozedura «indarrean dagoen legeriari egokitu» zitzaiola azaldu du, eta «beti» gauzatu zela «ingurumena zaintzeko plan batekin batera». Gainera, Tolosako Epaitegiaren jarduna nabarmendu du Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak, azpimarratuta lan horiek onartu aurretik «Mankomunitateak parte hartu zuen batzar nagusi ugari» egin zituela, «elkarte ekologistei kontsulta ugari» egin zizkiela, eta «iritzi publikoari buruzko azalpen ugari» eman zituela .

«Ondorio kaltegarririk ez ingurumenean»

Prozesatze autoak berresten du Aralarko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana deituak «bide jakin batzuk egiteko» aukera ematen duela, eta ez dela ahaztu behar proiektuak helburu zuela lehendik zeuden sarbideak egokitzea, ibilgailuek bideetatik kanpo ukitutako larre eremuak lehengoratzea eta sarbide bat ezartzea; helburu horiek guztiak, abeltzaintza jarduera eta haren zaintza bultzatzeko asmoarekin zehaztuak. Halaber, adierazi du ez dela gertatu «ingurumenean eragina izan duen ondorio kaltegarririk edo nabarmenik».

Larrañagaren ustez, pista horiek «funtsezkoak» izan dira «Aralarren inguruan bizi eta lan egiten duten baldintza guztiak duintzeko». Azpimarratu du egindako lan guztiak Aralar «goi mendiko habitat» gisa kontserbatzen lagundu dutela, «inguruko larreen mantentze lana sustatuz, abeltzainen kudeaketa iraunkorra eta egokia sendotuz, eta mendizaleen eta mendiaz eta naturaz gozatzen duten beste erabiltzaile batzuen segurtasuna hobetuz». Halaber, deitoratu egin du pisten aurka eginiko salaketa eta esku hartze horiek «judizializatu eta helburu politikoekin» egin izana, haren hitzetan «akusazio bidegabe, funtsik gabe eta erabat neurriz kanpokoak eginda».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.