Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleak etorkinekin «toleranteak» direla ondorioztatu du Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiak. 2012an behera egin ondoren, atzerriko immigrazioaren onarpenak nabarmen egin du gora: iazko txostenaren arabera, ehunetik 58 puntutan dago indizea. Immigrazioa ez da herritarrentzako kezka iturri, ezta krisi garaian ere: etorkinak ez dira arazo, baina bai haiek jasotako gizarte laguntzak. Ikuspegik ondorioztatu duenez, etorkinek diru sarrerak bermatzeko errenta gehiegi baliatzen dutela uste dute gehienek. Ildo horretan piztu da berriz eztabaida Gipuzkoan azken egunotan: aldundiak diru sarrerak bermatzeko errenta kentzea ebatzi du, «erakartze efektua» eragiten duela argudio hartuta.
Datuei begira, halere, baikor mintzatu da Gorka Moreno, Ikuspegiko zuzendaria. Krisian jarraitu arren, «tolerantzia indizea» berreskuratu dela nabarmendu du: «Krisiak eragin txikia izan du jendeak etorkinen inguruan duen iritzian. Iazkoak nahiko datu onak dira. Badirudi krisi osteko garaian sartzen ari garela, eta horrek eragin du datuek hobera egitea». Inkesta egitean, gizartea hiru multzotan banatu dute: toleranteak, anbibalenteak eta uzkurrak. Emaitzen arabera, gizartearen zati handiena toleranteen eta anbibalenteen taldeetan dago, eta uzkurrena da talderik txikiena. «Azken urteetako joera ikusita, ziurrenik geroz eta bakartuago geldituko da uzkurren taldea».
Migrazioaren fenomenoarekin lotutako estereotipoek ere behera egin duten arren, ez dira desagertu: «Egia da toleranteagoak garela. Baina oraindik asko dira uste dutenak etorkinek gehiegizko onura ateratzen dutela gizarte laguntzetatik. Badira gailentzen diren beste estereotipo batzuk; esate baterako, zerga gutxi ordaintzen dituztela, matxistagoak direla, eta segurtasun faltaren eta delinkuentziaren eragile direla». Gauza positiboak ere badira txostenean; gehiengoak uste du bertako herritarrak bezain zintzoak, solidarioak, begirunetsuak, langileak eta adeitsuak direla. Kanpotarrek zahartzearen arazoa konpon dezaketela ere uste dute galdekatutako gehienek.
Aldaketa nabarmenik gabe
Hortaz, gizarte laguntzek eragiten dute eztabaida gehien. Inkestaren arabera, bertakoen %57k uste dute etorkinak neurriz kanpo baliatzen direla diru sarrerak bermatzeko errentaz, eta laguntza jasota ez dutela lanik egin nahi. Era berean, laguntza horiek jasotzeko kanpotarrek modu erregularrean bizi behar dutela uste dute %28k, eta lehenik bertako herritarren beharrak bete behar direla diote %24k. Aldiz, herritarren % 39k adierazi dute eskubide horiek mugarik gabe aitortu behar direla. Oinarrizko errentaren aurkako jarrera leundu egin da azken urteetan, baina ez da askorik aldatu. «Aurreiritzi batzuk oso barneratuta daude, eta horietan trinkoena errentarena da; beti izan da horrela».
Estereotipoen aurkako datuak eskaintzea ez da nahikoa, Ikuspegiko zuzendariaren esanetan, uste horien oinarria ez baita erabat arrazionala: «Beharrezkoa da gogoeta egitea. Aurreiritziak horren errotuta daudenean, elementu arrazionalak eta irrazionalak nahasten dira. Horregatik, ezinezkoa da soilik datuekin jarrerak aldatzea; informazio guztia bermatu arren, datuak zalantzan jarriko dituzte batzuek, eta askok ez dituzte sinetsiko. Bi hizkuntza ezberdinetan ariko bagina bezala da».
Etorkin kopurua da errealitatetik gehien aldentzen den pertzepzioetako bat, Morenoren esanetan: «Neurriz gain puzten dugu, izugarri. Etorkinak biztanleen %18 direla uste dugu, eta egiaz % 8 dira». Dena den, kopuruak ez du «tolerantzian» zuzeneko eraginik. «Ez dago harremanik bi aldagaien artean. Tolerantzia indizeak beste faktore batzuek mugitzen dituzte, eta normalean gertaera jakin batzuk izaten dira, albistegietan azaltzen direnak. Benetako tolerantzia tasa zein den jakiteko, azken 5-6 urteetako joera begiratu behar dugu».
Politikarien jarrerek pisu handia izan dezaketela gaineratu du: «Oro har, hemengo politikariek jarrera egokia dutela iruditzen zait; dena den, zigorgabetasun espazioak zabaltzeko arriskua sortu dezakete haien adierazpen eta ekintzek». Javier Marotok Gasteizko alkate zela etorkinen aurka egindako adierazpenak jarri ditu adibide moduan Morenok: «Politikariek izan dezakete eragina jendearen iritzian; esaterako, Marotoren adierazpenek eztabaida handia piztu zuten. Dena den, gainontzeko alderdi politikoek ez zioten segitu haren jokoari». Europako herrialdeetan buruhauste handiak dituztela gogoratu du: «Frantzian, adibidez, Fronte Nazionalak gainontzeko alderdi politikoak kutsatu ditu, eta etorkinak arazo bihurtu dituzte. Hemen, zorionez, ez da sortu alderdi politiko xenofobo indartsurik».
Hain justu, eskuineko mugimenduak indartzen ari dira Europako gune batzuetan, errefuxiatuen krisiaren harira. Iheslariekiko jarreren berri ez du Ikuspegik, iazko txosteneanez baitzuen egin auziari buruzko galderarik, baina txertatu egingo dute, datorren urtera begira. «Baikor gara; jendeak ez ditu urte errazak igaro, eta, halere, tolerantzia indize positiboa jaso dugu», berretsi du Morenok.
Denak ez dira ongietorriak
Gizarteratze planik ez edukitzeak ez du zertan oztopo izan, Morenorentzat: «Europako herrialdeetatik ezberdintzen gaituena integrazio plana da; halakoak dituzten tokietan, emaitza txarrak izan dira; etorkinen aurkako jarrera zabaltzea besterik ez dute lortu. Aldiz, hemen ez dago integrazio eredu nabarmenik. Uste dut horrek etorkinekin lan egiteko malgutasun handiagoa eman digula».
Giza laguntzek eztabaida sortu arren, bizikidetza ona dela ondorioztatu du Morenok. Hala ere, denak ez dira ongietorriak; datuen arabera, begikotasuna handiagoa da argentinarrekin eta Europako Batasunaren mendebaldeko herritarrekin. Muturrean, Magrebeko, Errumaniako eta Europako Batasuneko ekialdeko herritarrak daude. «Beti agertu izan dira azken lekuetan. Badira horretarako arrazoiak: egoera larrienetan egoten dira, eta haien kultura, erlijio eta historiak gure gizartearekin talka egiten dute».
Gurtza guneek ere sortu izan dute ika-mika; herritarren jarrera zein den zehazki jakiteko, etxe azpian meskita ala dantzalekua nahiago duten galdetu die Ikuspegik inkestan. %45ek meskita nahiago dute, eta %34k, diskoteka; %21ek ez zuten erantzun. «Bitxia da biztanleen ia herenek nahiago izatea diskoteka bat meskita baino, nahiz eta, itxuraz behintzat, diskotekak traba gehiago eragin. Galdera horretan egon den zalantza kopuru handia ere nabarmentzekoa da».
Gizarte laguntzak. Ikuspegiren txostena
Toleranteak bai, baina...
Etorkinekiko «tolerantzia indizea» igo egin da, Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiaren txostenaren arabera, baina gizarte laguntzak neurriz kanpo baliatzen direlako usteak indartsu dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu