Tokiz toki, gelaz gela

Joan den astean Baionako suprefetak Hendaiako auzapezari jakinarazi zion ezin zuela ikastola diruz lagundu. Hendaiako ikastolak 40 urte inguru daramatza behin-behineko egoeran.

Hendaiako Irandatz ikastolan, ikasleak jolasten. GAIZKA IROZ.
Hendaia
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hamalau ikasle, herriko etxeak utzitako gela bat. Horrela ireki zuten, Gure Ikastola, 1971n, Hendaia erdian. Eskola pribatuak finantzatzea debekatzen duen Falloux legea-k 121 urte zituen orduan; Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, berriz, bi. Geroztik 40 bat urte joan dira, batzuk bertzeak baino onagoak, baina haurren kopurua etengabe hazi da ikastolan, eta aurreikuspenek diote oraindik haziko dela datozen urteetan. Jadanik estua den egoitza ez da haziko, ordea; ez diru publikoarekin, behintzat.Horrela eskatu dio Patrick Dallenes Baionako suprefet berriak Hendaiako auzapezari, ikastola berria eraikitzeko 2,2 milioi euro hitzeman zituenez; duela mende eta erdi Fallouxen izenean egin legea aldarrikatu du Dallenesek.

Ez da lehen aldia aitzineko araudi horren itzala astintzen dutela. «Proiektu hau duela bortz edo sei urte abiatu zen», gogorarazi du Arantxa Lizalde Hendaiako ikastolako 4 urteko haurren irakasleak: «Aurreko auzapeza ere proiektuaren alde azaldu zen. Oraintxe izenpetu beharra zeukaten lur zatiaren erostea, eta suprefetaren eskutitz horrekin dena geldituko da».

Lizaldek Gure Ikastolaren oraingo egoitza baino ez du ezagutu. Badaki, ordea, bere aurrekoekegoera ezin latzagoa pairatu behar izan zutela. Tokiz toki, gela batetik bertzera; urte batez herriko etxeak utzitako gela batean, bertze batez parrokiaren eraikin batean, edo udako zentro batean. 1994an iritsi zen gaur egungo Irandatz gunera, eta, ordutik, bere egoitza propioa dauka. Bizkitartean, ikasle kopurua haziz joan da, eta paretak handitu behar izan dituzte. «Ikastola hau ehunikaslerentzat eraiki zen; ondotik, segituan eraikuntza berria egin behar izan zuten. Hura ere ondoko urtean txikiegia gelditu zen, eta bertze eraikin bat egin behar izan zuten». Egoitza handitu, aurrefabrikatuak gehitu, eta, azkenean, «hiru talde zaharrenak bertze eskola zahar batera» eraman zituzten, Pausura.

Bi egoitzatan banatuta

Pausu, hain zuzen ere, Urruñan da. Halere, hor, eskola zahar batean kokatu dute Hendaiako ikastolaren bigarren egoitza. «Hura, berez, Urruñako auzoa da, baina behin-behinekoa izango zela erran digute», azaldu du Garbiñe Ubedak. Ama horrek alaba bat dauka Hendaiako Irandatz guneko ikastolan, eta bertzea, berriz, Pausuko eskolan. Haurrak «han ez daude hain ongi», jarraitu du: «Aurrefabrikatuetan daude, eta prekaritate pixka bat dago». Baina egoerara egokitzen saiatzen da. «Ez gara kexatzen, uzten digute, eta hori ongi da».

Txirrinak laster joko du, asteazkeneko 16:50 dira; irakasleak lana bukatzear daude. Ikastola aurrean, gurasoak lasterketa txiki bat hastekotan dira, eta Ubeda horien artean da. Segundo batzuen buruan, ikasgeletara doazen eskailerak presaka igoko ditu, alaba gazteenaren zain geratuko da, eta jaso orduko lasterka joango dira, auto ilaran preso egon gabe Pausura garaiz heltzeko.

Ikastolarentzako eraikin berria eraikiko bailtz, arazo hori ez litzateke konponduko. Txema Egiguren Biharko Hendaia taldeko kidearen aburuz, «nahiz eta hasieran hori aurkeztu genien hautetsiei, bi eskolaren aldeko ideia atxiki zen, diru arazoengatik».

Ederki ezagutzen du egoera Egigurenek, ikastolako aitetarik baita, eta, bertzeekin batera, hasieratik proiektuaren sostengatzen jardun duelako: «Halabeharrez, ikastolan beti ari izan gara urgentzia edo berehalakotasuna kudeatzen. Eguna iristen zenean haurrak eraikinean ez zirelarik kabitzen, orduan egiten genituen eskakizunak. Proiektu hau, berriz, gerora begira egin genuen. Txosten bat prestatu genuen, etorkizuna kudeatzeko».

Jarraian izan diren bi auzapezek onartu bazuten ere, oraingo suprefetaren gutunak esperantzak apalarazi ditu. Halere, «garaiak aldatu» direla uste du Egigurenek: «Auzapezaren taldeko batzuek azaldu zuten proiektuaren aurka zeudela; batek kargua utzi zuen joan den urteko abenduan». Esperantzari eusten dio, nolanahi ere: «Ipar Euskal Herria antropologikoki asko aldatu da azken hamarkadetan; ez da batere berdin ikastolen hasierako egoera eta gaur egungoa». Egigureni iruditzen zaio suprefet eta hautetsi horien jarrera ez dela egokia: «Gizartea gurekin dugu».

Haurrak ez dira asko ohartzen; egoera barneratua dute eta normala iruditzen zaie. Pausuko ikastetxean ez dute jantokirik, bazkaltzeko, beraz, ondoko eskola frantsesera joan behar dute. Egoera horri buruz galdetzerakoan, ordea, bertze arazo batzuk egokitzen zaizkie: «Niri ez zait gustatzen dilistak direlarik»; «niri ere ez!»... Biharko manifestaldian, han izango dira, aste honetan prestatutako «jantzi bereziekin», zaborrontzirako poltsa beltz batzuen gainean itsatsitako paperezko orriekin. Horien gainean, euskara, bihotz batean; atzean, berriz, gela bakoitzak erabakitako leloa. 3.000 familiatako haurrek ikasten dute ikastoletan. Falloux legea-ren arabera, hamar ikastoletatik bederatzi legez kanpo dira, araudia zorrotz aplikatuko balitz gehienak arriskuan lirateke eta. Suprefetaren gutunak sortu dien arrangura karrikaratuko dute bihar Hendaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.