Eraldaketa tokian-tokian hasten da

Udalbiltzak, Euskal Herriko udal eta hautetsien erakunde nazionalak, 25 urte beteko ditu aurten. Burujabetzarako proiektu eraldatzaileen estrategia lantzen ari da buru-belarri.

(ID_13464970) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-03, Andoain.  Haritz Alberdi Udalbiltzako presidentea eta Clara Rouget teknikaria
Klara Rouget eta Haritz Alberdi Udabiltzako zuzendaria eta lehendakaria. GORKA RUBIO / FOKU
Andoain
2024ko urtarrilaren 7a
05:00
Entzun

Udalbiltzak 25 urte beteko ditu aurki, eta biziberriturik doa aurrera Euskal Herriko udalen eta hautetsien erakunde publiko nazionalaren jarduera, proiektu zehatzen bidez burujabetza herritarrengana eramateko estrategian sakonduta. Tokiko gobernuek bultzatuta edo lagunduta, eraldatze txikiak eta ez hain txikiak izaten ari dira Euskal Herriko zenbait udalerritan, hainbat sektoretan modu batera edo bestera eraginez, egitasmo berritzaileen bidez. Burujabetzaren kontzeptu teorikotik praktikara jauzi egiteko saioak jarri dituzte martxan udal askok, eta Udalbiltza horiek guztiak laguntzen eta sustatzen ari da.

Iazko udal hauteskundeen ostean, egitura berritu zuen udal eta hautetsien biltzarrak. Karguak berritu zituzten iraileko ezohiko Kontseilu Nagusian, Usurbilen (Gipuzkoa), eta lehendakari berria hautatu zuten: Haritz Alberdi Arrillaga Getariako alkatea (Getaria, Gipuzkoa, 1977). «Ilusioz» hartu zuen Jabi Asurmendi Sainz Arakaldoko (Bizkaia) alkatearen lekukoa. Zuzendari berria ere badu elkarteak: Klara Rouget (Lille, Frantzia, 1983). Kargu hori lehendakariarena izan da azken egitura aldaketa izan den arte: «Orain zuzendaritza partekatua dugu», nabarmendu du Alberdik, BERRIArekin egindako solasaldia hasi orduko. «Azken 25 urte hauetan ezagutza handia pilatu da Udalbiltzan. Gizartea eta udalak asko aldatu dira, egitasmo berritzaile ugari sortu dira, eta hautetsiekin eta udalekin gure bidean ikasitakoa partekatzeko ideia bagenuen aspalditik, geroari beste modu batera heltzeko».

Hilaren 20an, Batzar Nagusia egingo du Udalbiltzak; 77 udal biltzen ditu gaur egun, eta gehiago izango dira batzarraren ostean. «Ospakizun bereziak egiteko baino gehiago, errealitate berrira egokitzeko» ekitaldia izango da, Rougetek azaldu duenez. «Udalbiltza egoera politiko berezi batean sortu zen duela 25 urte, testuinguru jakin bati loturik, eta azken urteotan egokitzen ari da errealitate berrira. Azken urteotako gogoeta egokitzapen bide horretatik egin da; 2019tik eskema aldaketa batean murgildurik gaude».

Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra 1999ko irailaren 18an sortu zuten, Bilboko Euskaldunan, 1.778 hautetsiren aurrean. Lizarra-Garaziko prozesuari loturik abiatu zuten, bost printzipiorekin: Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzea eta haren egituraketa politikoa eraikitzea; nazio eraikuntza bultzatzea; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, eta nazioartean adieraztea Euskal Herria nazio berezkoa dela eta hala izan nahi duela. 

«Nazio eraikuntzan urratsak egin nahi ditugu, udalen proiektu eraldatzaileen bidez»». KLARA ROUGET Udalbiltzako zuzendaria

Printzipio horiek zutik diraute, baina haiei begira lan egiteko moldeak eta bideak gaurkotzeko saio betean da Udalbiltza. Urte batzuetan izan duen jarduera apaleko fasea bukatu eta biziberritzeko formula ere badela esan daiteke. «2017an gogoeta sakon bati ekin genion», gogoratu du Rougetek; «Udalbiltzan bagabiltza prozesutik ondorio batzuk atera genituen: burujabetza proiektuetan aritzea, tokiko garapenean eta herrien saretzean. 2019tik tokiko burujabetzetan sakontzen ari gara, eta Udalbiltzaren rola batik bat horretan kokatuko da aurrerantzean».

Udaletan gaur egun garatzen ari diren proiektu eraldatzaileei buruz ari da Udalbiltzako zuzendaria; «pila bat daude», dio: «Gero eta gehiago dira, Euskal Herrian 2019tik 2023ra egin diren tokiko hauteskundeen ondoren. Proiektu eta esperientzia horiek biltzea da gure eginbeharra, indarrez bultzatzeko, laguntzeko, oztopo teknikoak eta juridikoak gainditzeko». Betiere azken helburu batekin: tokikoa den hori Euskal Herriratzea, beste eskala bat lortuz, ahal den neurrian. «Nazio eraikuntzan urrats zehatzak egin nahi ditugu, udaletako proiektu eraldatzaile horiek baliatuz», erantsi du Rougetet.

Naziorako jauzia

Udalbiltzako lehendakari Alberdik onartu du tokikotik naziorako jauzia egitea dela «erronkarik handiena» proiektu eraldatzaileen estrategian. Elkarteak, ordea, ez dio uko egiten «Euskal Herriaren eskalari», lurraldetasunak lehentasuna duen edukietako bat baita Udalbiltzan. «Badaude azken legealdian eskalan handitu diren proiektu batzuk; kasurako, telekomunikazioaren alorrean», dio lehendakariak. EH Kom proiektuari erreparatu dio, halaber, inkubagailua esan dioten egitasmoari, eta baita energiarekin loturiko komunitate zabalei ere. «Edonola ere, gure herria ez dago bakartua; munduan badira han eta hemen egitasmo eraldatzaileak, eta haiek aintzat hartu behar ditugu».

Energia  elikadura, zaintza, hezkuntza... esparru askotan lor daitezke dinamika batzuk, herritarren bizitzan eragiteko, Udalbiltzako zuzendari Rougetek esaten duenez. «Herri jasangarri bat egin nahi dugu, hezitzailea, zaintzailea, memoria duena, euskalduna eta anitza, eta hor eragiteko esparruetan sustatu eta lagundu nahi ditugu proiektuak». Rouget jabetzen da eduki batzuetan eragitea udaletatik «zaila» dela, eta «saretzeak» aipatu ditu eraginkorrago jokatzeko. «Zirkuitu nazional bat» ere sortu dute kulturaren alorrean; beka bat eskaintzen dute «herrietako kontakizunak euskaraz kontatu eta gero Euskal Herri osoan zabaltzeko». 

«Txikian eragin nahi dugu, baina lurraldea hor dugula ahaztu gabe: gure joko zelaia Euskal Herria da». 

HARITZ ALBERDIUdalbiltzako lehendakaria

Onartzen du «gauza xumeak» direla batzuetan, baina ohartarazi du txikitasunetik «gobernantza ereduak ere» aldatu daitezkeela. Gobernantza eredu horizontalagoak, demokratikoagoak lortzeko erronka ez da apala, baina horri erantzuteko saioan dabiltza udal batzuetan, eta Udalbiltzak lan hori sustatu, lagundu eta koordinatu nahi du. «Eraldaketa hori egiteko moduari begira, ez dugu erantzun zehatz bat oraingoz, ibilbidea egiten ari gara, eta eskaintzen duguna da bidaide izatea aldaketa horretan».

Aholkularitza

Udalbiltzako lehendakari Alberdik garbi dio aholkularitzan kokatzen dela elkartearen lan handienetako bat «aholkularitza sektorialean eta estrategikoan, bereziki gobernantza eredu berriei begira». Beste zeregin garrantzitsua «Euskal Herri mailarako eskalatzea» litzateke. 

Rougetek gogoratu du Udalbiltza «baldintza politiko zehatz» batzuen inguruan sortu zela, eta urratsak egin zirela eraikuntza nazionalean, «burujabetza sinbolikoetan» sakonduz. Gero, burujabetza «materialetara ere» hurbildu dela uste du, «sektore sozioekonomikoen bidez». Nazio eraikuntza «ez du ahantziko» Udalbiltzak orain, nolanahi ere, baina burujabetzaren praxiari begira jarriko da batik bat. 

«Gure joko zelaia Euskal Herria da», osatu du argumentua Alberdi lehendakariak. «Txikian eragin nahi dugu, baina lurraldea hor dugula ahaztu gabe, noski; izan ere, lurraldearen saretzea da gure beste zutabea». Beste hitz gako bat gehitu du Rougetek: «Oreka». Tokikotasunaren eta Euskal Herriaren lurraldetasunaren arteko orekarekin asmatzeko «dinamika berriak» sortu nahi ditu Udalbiltzak. «Erakunde nazionala gara», gaineratu du Alberdik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.