Arantxa Elizegi Egilegor - Ion Orzaiz

«Tokiko hizkuntzak nazioa zatitzeko tresna» direla esan izana kritikatu diote Frantziako presidenteari

Peio Dufau diputatuak iraingarritzat jo ditu Macronen hitzak, eta hizkuntza gutxituak aitortu eta ofizial egiteko eskatu dio Frantziako Gobernuari.

Emmanuel Macron, joan den asteko ekitaldian. LUDOVIC MARIN / POOL/EFE
Emmanuel Macron, joan den asteko ekitaldian. LUDOVIC MARIN / POOL/EFE
2024ko azaroaren 22a
09:18
Entzun

Frantziako Presidenteak azaroaren 14an egindako hitzaldiak hautsak harrotu ditu. «Tokiko hizkuntzak nazioa zatitzeko tresna» direla esan zuen Emmanuel Macronek frantsesezko hiztegi bat aurkezteko egindako ekitaldian. Agerraldia joan den astean egin bazuen ere, atzo iluntzean zabaldu ziren haren hitzak, L'Express astekariko kazetari batek egindako bideo bati esker. Bertan, Macronek halaxe dio: «Frantsesa nazio baten fabrika izan da; hura gabe, nazioa galdu egiten zen herri hizkuntzen, patoisen eta askotariko eskualde hizkuntzen artean; mintzaira horietako asko bizirik daude oraindik, baina, funtsean, nazioa zatitzeko tresna bat ziren».

Peio Dufau EH Baiko diputatuak gogor gaitzetsi ditu Frantziako presidentearen adierazpenak. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, iraingarritzat jo ditu Macronen hitzak, eta hizkuntza gutxituak aitortu eta ofizial egiteko eskatu dio Frantziako Gobernuari. «Gure herrien nortasuna gutxietsi eta arbuiatzen duen diskurtso hori da zatiketarako egiazko tresna. Horrela mintzatuz, Macron Presidenteak Frantziako Konstituzioaren 75-1 artikuluaren izpiritua bera mespretxatzen du», salatu du Dufauk.

Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak ere erantzun dio Macronen mezuari, eta esan du tokiko hizkuntzak, nazioa apurtzeko baino gehiago, «nazioa batzeko» tresnak direla, eta haiei «bizitza ematen» jarraitu behar duela gizarteak.

Auzia hizpide legebiltzarrean

Macronen hitzak hizpide izan ditu Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak ere, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Koalizio subiranistako eledunak interpelazioa egin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeari, «euskararen aurkako erasoen» harira. Macronek esanikoak txarretsi ditu Aztiriak, eta azken urteetako oldarraldi judizialaz ere hitz egin du. Salatu du, halaber, Espainiako Gobernuak «sistematikoki urratzen dituela euskaldunen hizkuntza eskubideak», eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Madrilen egitekoa «monitoriza» dezala: «Espainiak gure hizkuntza politika monitorizatzen eta higatzen duen bezala, monitoriza ditzagun guk ere haren jardunak eta eskubide urratzeak, eta, adibidez, egin dezagun txosten bat horiekin guztiekin».

Aztiriak gehitu du ezinbestekoa dela «aro berri bati ekitea», ardatz hartuta hiru lan ildo: politika publikoetan jauzi kualitatiboa egitea, euskara blindatuko duen arkitektura juridiko berria sortzea eta euskalgintzarekin batera prozesu bat abiatzea, «euskararen unibertsaltasuna, nahikotasuna eta berdintasuna» bermatze aldera.

Bengoetxeak erantzun dio Jaurlaritza dagoeneko ari dela alor horietan lanean, eta bai Espainiako Gobernuak bai Jaurlaritzak berak «urratsak» egin dituztela Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna betetzeko bidean. «Politikoki zurekin ados egonda ere, errealitatea dator gero. Urratsak egin behar ditugu egunerokoan, urrats zuhurrak, non zapaltzen ari garen jakinda». Hizkuntza eskubideen esparruan, Espainiarekin «lankidetzaren bidea» urratzearen alde azaldu da sailburua.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (4)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.