Gipuzkoako 5.000 biztanletik beherako 21 udalerritan energia berriztagarrien bidezko komunitate energetikoak garatuko dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailburu Jose Inazio Asensiok esan du Europako Next Generation funtsetara aurkeztutako proiektuei esker lortu dela proiektuok aurreratzea. «Gipuzkoako hogeita bat udalerrik energia berriztagarrien aroan sartu eta trantsizio energetikoa landu ahal izango dute. Mugarri handia da Gipuzkoarentzat», esan du Asensiok. Eguzki energiako 47 instalazio jarriko dira eta 1.200.000 Kwh energia berriztagarri sortuko dituzte, 2.000 etxe baino gehiagoren beharrei erantzuteko. Guztira 3.400.000 euro inbertituko dira, eta horietatik milioi bat pasatxo Europatik etorriko da; gainerako 2,4 milioiak Ingurumen Departamentuak finantzatuko ditu.
Asensiok esan duenez, trantsizio energetikorako bidean beste urrats bat izango da: «Gipuzkoaren etorkizuna eta ongizatea oparoa izango badira, gai izan behar dugu energia berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa handitzeko, horretarako autokontsumoa sustatu eta aurrezkia bultzatuta».
Uztailean sinatuko dira prozesua abian jartzeko administrazioen arteko hitzarmenak, eta orduan argitaratuko da obren lizitazioaren eta tokiko energia komunitateen eratzeari buruzko iragarkia ere. Espero da urrian hastea eguzki panelak jartzeko obrak eta komunitateak eratzeko prozesuak. Aurreikuspenen arabera, 2023ko uztailean jarriko dira martxan energia komunitateak udalerrietan. 21 herri hauek hartuko dute parte programan: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Altzaga, Amezketa, Arama, Asteasu, Baliarrain, Beizama, Berastegi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu, Lizartza, Olaberria, Orendain, Ormaiztegi eta Zizurkil.