Tokiak memoriaren lekuko

1936ko gerrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragin zituen ekintzen eta gertaeren zerrenda egin dute.'Memoriaren ibilbideak' txostenean jaso dituzte Mikel Urkijok eta Joseba Agirreazkuenagak

2015eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
1936ko gerrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eragin zituen ekintza eta gertaera nagusien bilduma egin dute Joseba Agirreazkuenaga eta Mikel Urkijo EHUko Historia Garaikideko katedradunek. Memoriaren Ibilbideak. Gerra zibilaren memoriarekin lotutako espazioen zerrenda txostenean bildu dituzte. Gerra harekin harremana izan zuten tokien zerrenda zehatza egin dute, eta azken bost urteetan memoria historikoa berreskuratzen lanean aritu diren 75 elkarteren, fundazioren, talderen eta erakunderen jarduerak identifikatu dituzte.

1936. eta 1937. urteen arteko gertakarietan jarri dute begia Biography & Parliament ikerketa taldeko kideek. Zehazki, Eusko Jaurlaritzaren sorreran eta haren gestioan. Urtebeteko tartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gerra zelai izan ziren lekuen zerrenda zehatza egin dute.

Bonbardatuak izan ziren lekuekin egin dute txostenaren muina, eta 600 bonbardaketa gune baino gehiago katalogatu dituztela jakinarazi du Urkijok. Lana oraindik ez dute bukatutzat eman, beste iturri batzuk kontsultatu nahi baitituzte. Ospitaleak, espetxeak eta bortxazko lanak egiteko guneak ere zerrendatu dituzte.

Guztira, 200 leku-izen baino gehiago bildu dituzte, behin-behinean, gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Txostenaren egileek zehaztu dutenez, 10.000 pertsonak baino gehiagok galdu zuten bizia leku horietan. Toki bakoitzaren azterlana sei ataletan antolatu dute, gune bakoitzean erasorako erabilitako metodologia jasoz eta kartografikoki irudikatuta.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, «ez dira zerrendatu ez hobiak, ez desagertutako pertsonak, Aranzadi elkarteak duela hamar urtetik baino gehiagotik diharduelako zeregin horretan». Kanpoan utzi dituzte erbesteratzeak ere bai.

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren mandatuz idatzi dute txostena, eta atzo aurkeztu zuten, Bilbon. Memoria Historikoaren Lehentasunen 2015-16 Oinarri Programan Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jasotako hamabi proiektu estrategikoetako bat da.

Etorkizunean erabiltzeko

Urkijok, Agirreazkuenagak eta gainerako lantaldeak egin duen azterketan jasotako informazioaetorkizuneko beste ikerketa batzuen atarikoa dela aurreratu du Urkijok. Lanaren amaieran txostenaren erabileraren inguruko aholku batzuk ere eman dituzte. Aintzane Ezenarro Gogorako zuzendariaren esanetan, «txostena erreminta garrantzitsua da memoriaren espazioak ezagutzeko, eta memoria historikoa ezagutzera emateko ibilbideak prestatzeko aukera ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.