Toki erakundeetan euskara erabiltzeko dekretua defendatuko du Jaurlaritzak auzitegietan

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak ohar baten bidez jakinarazi du helegiteak aurkeztuko dituela 179/2019 dekretuko hainbat artikulu baliogabetzeko eman ziren epaien aurka.

Olatz Garamendi. Gobernantza Publikoko sailburua.
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko sailburua, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2023ko azaroaren 23a
14:30
Entzun

Gernikako Estatutuak euskararen «ofizialtasuna» babesten duela argudiatu du Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, eta lege babes hori gogora ekarrita helegiteak aurkeztuko dituela 179/2019 dekretuko hainbat artikulu baliogabetzeko eman ziren epaien aurka. Horretarako idazkiak aurkeztuak ditu Espainiako Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Urrian plazaratu ziren Jaurlaritzak hizpide dituen sententziak. Vox eta PP alderdiek abiatutako auzibideen harira ebatzitakoak izan ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko udal legea euskararen arloan garatzen du propio dekretu horrek, eta euskararen erabilera sustatzeko hainbat bide ematen ditu. Baina, ebazpenen bidez, hainbat artikulu bertan behera utzi zituzten; desegokitzat jo zituzten, argudiatuta horien bidez euskararen eta gaztelaniaren arteko «simetria» hausten dela.

Jaurlaritzak adierazi du, ordea, dekretua egokia dela. Gaur atera duen oharrean esplikatu du dekretu horretan «gaztelaniari buruzko erreferentzia batzuk ez egotea» ez dela ulertu behar hizkuntza horren «diskriminazio» gisara. Egungo lege esparruan horren alde egiteko oinarria badela gogoratu du. «Gernikako Estatutuaren 6. artikuluak, Konstituzioaren 3. artikuluak eta Eskualdeetako Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluak euskararen errespetua eta erabilera sustatzera behartzen dute EAEko administrazioa, eta, helburu horretan, euskarak gaztelaniaren aldean duen desberdintasun egoera historikoa zuzentzera behartzen gaitu, hizkuntza batek bestearen gainetik lehentasuna edo pribilegioa izan gabe».

Interpretazio «okerrak»

Jaurlaritzak uste du, ordea, dekretuaren aurkako sententziek ez dutela aintzat hartzen hori. Irizpide «desenfokatua» ikusi du epaileen ebazpenetan, eta interpretazio «okerrak». Horiek gainditzera egin behar dela uste du, pentsatzen baitu egungo esparru juridikoan bermatua dagoela «bi hizkuntza ofizialen artean» oreka bermatzeko bidea. Argudiatu du dekretuak ez duela deus okerrik bide horretan: «Euskararen erabilera sustatu eta bultzatu besterik ez du egiten».

Dekretuaren aurkako lehen epaia urriaren 17an plazaratu zen. EAEko Justizia Nagusiak ebatzi zuen udaletan euskara lehenesteak «baztertu» egiten duela gaztelania. Epaiaren arabera, udaletan dekretuak ematen dituen lanerako bideek EAEko bi hizkuntza koofizialen artean «egon behar duen oreka haustea» dakarte; horregatik dira legez kanpokoak. Sententzia horretan, besteak beste, argudiatu zuten herritarrei lehen hitza euskaraz egitea «desproportzionatua» dela, eta auzitan jarri zuten udalen hizkuntza politika udalerriaren egoera soziolinguistikoaren araberakoa izatea; behin bide hori abiatuta gaztelania «guztiz baztertua» izan daitekeela ondorioztatu zuten.

Hilaren 19an plazaratu zen bigarren epaia; EAEko Auzitegi Nagusiak dekretuaren beste artikulu batzuk baliogabetu zituen ebazpen horren bitartez. Idatziak euskara hutsean sortzeko modua ematen duten artikuluak bertan behera utzi zituen, hain justu ere. Hizkuntzen arteko oreka erabili zuten berriro argudio gisara: «Bi hizkuntzak ofizialki berdinak dira, eta ezin da bietako bat lehenetsi».

Aurrez, uztailean, udal legearen aurkakoa izan zen kolpea: zuzenean. Orduan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien bidea. Ondorioztatu zuen «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa». Legearen 6.2 artikuluaren kontra egin zuen, zehazki. Euskaraz jarduteko era ematen die udalei artikulu horrek, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egitekoa. Euskaraz diharduten udalek irmo kritikatu zuten ebazpena; azaldu zuten artikulu horrek «berme» guztiekin ematen duela modua euskaraz funtzionatzeko, inoren hizkuntza eskubideak urratu gabe.

Sententzia hauek, eta aurrez izan diren beste hainbat, euskararen kontrako «oldarraldi judizialaren» parte direla argudiatu du euskalgintzak iragan hilabeteetan. Azaroaren 4an, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, manifestazio jendetsua egin zen eraso horiek kritikatzeko, eta euskararen aldeko neurri irmoagoak eskatzeko. Aurreikuspen guztiak gainditu zituen manifestazio horrek: 70.000 pertsonak Bilboko kaleak bete zituzten. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat leloak batu zituen denak. Manifestazioaren ostean, euskararen garapenaren aurkako epaiek sortu duten kezka erakusteaz harago, Kontseiluak euskaren aldeko akordio soziopolitiko berri baten beharra aldarrikatu zuen.

Euskararen normalizazioaren aurkako sententziak ez dira soilik administrazio publikoan euskararen erabilera sustatzeko araudien kontrakoak. Funtzio publikoko langileei ezarritako hizkuntza eskakizunak auzitan jarri dituzte beste hainbatek, eta baita administrazioarentzat lanean jarduten duten enpresei ezarritako hizkuntza irizpideak ere.

udal legearekin lotutako sententziak

  • Uztailaren 6a. Jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuela. Euskaraz jarduteko era ematen die udalei artikulu horrek, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egitekoa.
  • Urriaren 17a. EAEko udal legea euskararen arloan garatzen du 179/2019 dekretuak, eta arau horren kontrako lehen epaiaren berri izan zen. EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen hainbat artikulu baliogabetzea. Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegite baten erantzuna izan zen. 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua baliogabetu zituen; 18, 24, 27 eta 36. artikuluen eduki batzuk ere bai.
  • Urriaren 19a. EAEko Justizia Auzitegiak dekretuaren beste hainbat artikulu baliogabetzea ebatzi zuela jakin zen. PPk jarritako helegite bati erantzun zioten kasu horretan. Dekretuaren 18.1, 18.2 eta 33.5 artikuluei eragiten die sententziak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.