Togo-Euskal Herria: zazpi urteko amesgaiztoko bidaia

CEAR eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeek salatu dute gero eta handiagoak direla asiloa lortzeko zailtasunak Espainian. Migrazio mugimenduen eta asilo eskaerei buruzko datuak aurkeztu dituzte. Waki Txanile errefuxiatuak bere bidaia kontatu du.

Waki Txanile, Maria Garcia eta Elena Valverde, gaurko prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Waki Txanile, Marta Garcia Teran eta Elena Valverde, gaurko prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Xalbat Alzugaray
Bilbo
2024ko ekainaren 19a
19:07
Entzun

«Europarako sarbide segururik ez izateak, pertsonak hiltzera eta desagertzera kondenatzen ditu». Horrela hasi du prentsaurrekoa Marta Garcia Teranek, Zehar Errefuxiatuekin erakundeko Eragin eta Parte Hartze Sozialeko zuzendariak. Bihar Errefuxiatuen Mundu Eguna dela eta, urtero bezala agerraldia egin dute CEAR eta Zehar Errefuxiatuekin erakundeek. 

Joan den apirilean onarturiko Europako Migrazio eta Asilo itunak mugetako kontrolak indartzen dituela eta kanporatzeak sustatzen dituela azpimarratu du Elena Valverde CEAReko koordinatzaileak. Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea da CEAR. Bertzalde, asiloa lortzeko zailtasunak geroz eta handiagoak direla agerian eman du eta salatu du instituzioetatik ahaleginik ez dela egin oztopoen gainditzeko.

Hain zuzen, joan den urriaren 13an heldu zen Waki Txanile Euskal Herrira. Duela zortzi urte atera zen Togotik, eta bidea «oso latza» izan dela adierazi du. Emazteentzat bidea egitea «are bortitzagoa» dela nabarmendu du. Benin, Nigeria eta Aljeria zeharkaturik, Tripolin preso sartu zuten bi urtez. Ondotik, Marokon egon zen hiru urtez Espainiara pasatu aitzin.

Ibilbidean zehar bizi momentu latzez oroitzean, «bortxatua» izan dela aitortu du, eta Poliziaren «etengabeko jazarpenak» azaldu ditu. Marokotik Cadizera (Espainia) pasatzeko tenorean lagun batekin zegoela erran du, eta aditzera eman du «babestuagoa» sentitu dela bidean. Bakarrik bidaiatzen zuten emazteen egoera «deskribaezina» dela gehitu du. Behin Cadizen izanik, Alex —Txanileren laguna— Algecirasera (Espainia) lekualdatu zuten eta Txanile aldiz, Utrerara (Espainia) igorri zuten. Frantziara joateko helburua izanik, migratzaile batzuek Bilbotik pasatzeko aholkatu ziotela erran du.

Bilbora heldu ondotik, Txanilek zehaztu du Alex eta biek karrikan lo egiten zutela. Zehar Errefuxiatuekin erakundeak aurkitu ondotik, Txanile Oñatiko (Gipuzkoa) Larraña etxera bideratu zuten. Bertako zerbitzuek lagundurik, ohartu zen bere anaia zentro beretik pasatu zela 2018an eta Gasteizen bizi dela gaur egun: «Miraria izan da niretzat Ibra han ikustea. Togoko familiak desagertutzat zeukan aspaldian».

Haren erranetan, gaur egun Frantziako estatura pasatzeko nahia baztertu du. «Kontent» dagoela azpimarratu du, asilo eskaeraren ebazpenaren zain dagoen bitartean, Arreta Soziosanitarioko kurtso bat ari delako ikasten Aretxabaletan (Gipuzkoa).

Datu «bortitzak»

Lekukotasunaz aparte, azken datu «bortitzak» nabarmendu ditu Valverdek. Datuen zerrenda osoa harturik, agerian eman du iaz 3.155 pertsona hil zirela Mediterraneoan. Azken hamar urteetan, 29.827 pertsona desagertu dira ur horietan. Europako eskala hartuz, 292.985 migratzaile heldu ziren iaz, 2022. urteari konparaturik, %54,5eko goititzea izanik. Bertzalde, aditzera eman du Europara heltzen diren migratzaileen %91 itsasotik ailegatzen dela.

Valverdek salatu du Espainiak asilo eskaera oso gutxi onartzen dituela: hain zuzen, aintzatespen tasa %16koa izan zen 2022an; iaz, aldiz, %12ra jaitsi zen, nahiz eta eskaera kopurua nehoiz baino handia izan. Bizkaian 3.840 asilo eskaera egin ziren iaz, Araban 1.226 eta Gipuzkoan 1.087. Aurtengoari behatuz, maiatza barne, guzira 3.396 asilo eskaera egin dira. Valverderen ustez, baliteke asilo eskaerek iazko datuak gainditzea.

Migrazio datu esponentzialen zergatien artean, CEAReko koordinatzaileak ohartarazi du lekualdaturikoen kopurua emendatu dela munduko egoera orokorra okertu delako: «Munduan zehar, 2023an, 117 milioi lekualdatu zeuden. Gatazka iraunkorrengatik, giza eskubideen urraketengatik, elikagai krisiengatik eta klima larrialdiagatik herrialdeetatik ihes egiten dute gehienek».

Oztopo ugari bidean emanik, Espainiako estatura heldu ondotik asiloa galdegiteko trabak «larriak» direla erran du Garciak. Haren ustez, baldintzek okerrera egin dute: «Asiloa eskatzeko hitzorduen gabeziek eta hitzorduen erosteko legez kanpoko salerosketak elikatu ditu». 

Karrikara ateratzeko deia

Migratzaileen eskubideak bermatzeko 30 proposamen jasotzen ditu CEARen iazko jardueraren laburpenak. Harrera duin bat egiteko eta asilo eskaera baldintza onetan bermatzeko, Europako migrazio eta asilo itunaren aldaketa nahi dute. Horrekin batera, asilo prozedura egiteko sarbidea bermatzea aldarrikatzen dute. Giza eskubideen aldeko kanpo politika publiko «ausartak eta koherenteak» galdegiten dituzte, pertsona lekualdatuen «benetako» kausei kontra eginez: «Palestinan gertatzen ari den genozidioarekin amaitzeko neurri eraginkorrak sustatzea».

Aldarrikapenak karrikara ateratzeko garaia dela ohartarazi du Garciak. Horretarako, biharko hiru manifestazio antolatu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ahalik eta jende gehiena batzeko eskaera zabaldu dute «diskriminaziorik gabeko harrera» aldarrikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.