Tiraderan geratuko da, oraingoz

Pasaiako kanpoko portua ez egitea erabaki du portu agintaritzak, esanez oraingo egoeran ez dagoela «justifikatuta».Atea irekita utzi dute egoera aldatzean proiektua berriz hasteko

Jaizkibel mendiaren magalean egitekoa zuten Pasaiako kanpoko portua. Oraingoz, erretiratu egin du proiektua portu agintaritzak. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
Pasaia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ez dute kanpoko porturik egingo Pasaian (Gipuzkoa): ez dago «justifikatuta». Hori aitortu du portu agintaritzak berak, Ricardo Peña presidentearen ahotik: «Zentzua duenak badaki ezin dela egin». Pasaiako portuko zirkulazioa nabarmen jaitsi da —1970etik ez da hain apala izan—, eta portu handiagoa egiteak zentzua galdu duela uste du agintaritzak. Horregatik erretiratuko du proiektua. Esanahi handia du hitz horrek: ez dute bertan behera utziko proiektua, erretiratu baizik. Tiraderan gorde. Oraingoz. Peñak uste du litekeena dela egoera aldatzean berriro kanpoko portuari ekitea, baina urteak joango direla ordurako. «Ni ez naiz hemen egongo».

Krisi ekonomikoa indartzearekin batera, ahulduz joan da Jaizkibel mendiaren magalean portu handiago bat egiteko proiektua. Kopuru handiak zituzten esku artean: hamazazpi milioi tona hartzeko gaitasuna luke portu berriak. Hiru pasatxoan daude orain.

Eusko Jaurlaritzako aldaketek are gehiago ahuldua zuten egitasmoa. Ingurumen Saila Ana Oregiren esku dago; kanpoko portuaren aurka agertu zen, eta jarrera horri eutsi dio gobernuan. Tentsio une batzuk ere izan dituzte EAJn: Oregik ohartarazi zuen «faraonikoa» zela kanpoko portua, eta ez zela egingo; Gipuzkoako EAJk, aldiz, beharrezkotzat jo zuen portu berria, Pasaia biziberritzeko. Iazko otsailekoa da gorabehera hori.

Iritzi bilketaren ondorio

Giroa nahasita egon dela aitortu du Peñak berak ere. «Iritzi asko izan dira: kanpoko portua, barruko portua... Nahasmen handia». Oregiren tankeran, kanpoko portuaren aurka agertua zen presidentea: oraingoak aski gaitasun baduela eskariari erantzuteko eta handiagoa egitea ez dela bideragarria. Hori baieztatzeko, ikerketa bat egin du azken hilabeteetan Pasaiako Portu Agintaritzak, enpresa eta erakunde batzuen iritzia jakiteko. Ondorioa: «Desfasatuta geratu da oraingo plana».

Datutan eman ditu argudioak. Iaz, 2,9 milioi tona salgai sartu-irten ziren Pasaiako portutik. Datozen urteetan ez dute uste asko igoko denik kopuru hori; izatekotan ere, bost milioi tonatik behera beti. Oraingo portuak 6,3 milioi tonarentzako gaitasuna du —behin bakarrik iritsi da kopurua sei milioira—. Kalkuluek huts egin zutela begi bistakoa da: iazko, 6,5 eta 7,7 milioi tona artean itxaro zituzten, baina 2,9 bakarrik izan ziren.

«Argia da errealitatea», azaldu du Peñak. Bereziki bi itxiera aipatu ditu: Pasaiako zentral termikoa eta Azpeitiko Corrugados lantegia. Jarduna asko gutxitu da. Horregatik, oraingo azpiegitura plana baztertu eta beste bat egingo dute urrirako. Ez dute kanpoko portua aintzat hartuko, eta oraingoa berritzea izango da ardatz. Besteak beste, edukiontzientzako terminal bat egingo dute. Barruko portuan ere zer egina badagoela ohartarazi du Peñak; ingurumenari erreparatu dio, adibidez: «Ezin dugu segitu salgaiak manipulatzen orain 50 urte modura».

Mila milioiko gastua

Jarrera aldaketa behin-behinekoa dela nabarmendu du agintaritzako presidenteak: «Hau ez da proiektua erabat baztertzea; ezinezkoa da orain egitea». Azaldu du EAJko kidea dela eta alderdi horrek plana defendatu duela. «Eta egoera aldatzen baldin bada, alderdiak berriz hartu ahalko du». Kontuan izatekoa da Eusko Legebiltzarrean akordio bat egin zutela iazko maiatzean EAJk, PSE-EEk eta PPk; kanpoko portuaren alde azaldu ziren, betiere ingurumen baldintzek eta egoera ekonomikoak horretara bide emanez gero. Peñak dioenez, orain ez da garaia.

Portuaren oraingo jardunean eragina badu egoera ekonomikoak, baina portu berria egiteko inbertsioan ere bai. Ia mila milioiko gastua da, Peñaren arabera. Orain arte, planak egiten, ia bi milioi gastatu dituztela esan du. «Ez da harrika botatako dirua». Norbaitek berriro heltzeko aukera baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.