Kitto! Hauteskunde-kanpaina bukatu egin da. Historiako lehiarik handiena sortu duen kanpaina, guztiok zer gertatu zain izan gaituen kanpaina. Tira, jakin badakigu norbaitek zutik txiza egingo duela Lehendakariaren bulegoan. Pentsatzen jarrita, irabazteko aukerak dituzten gure bi hautagaiek, gazteak eta politika berriaren irudia izanik, agian eserita egingo dute txiza. Hori da Euskadiko ziklo politikoaren benetako aldaketa!
Kitto! Dagoeneko indarkeria matxista eta feminismoaz gutxien hitz egin duen kanpaina bukatu da, justu Mugimendu Feministak zaintzen auzia dela-eta greba orokorra antolatu eta hilabete gutxira. Konprometituena ere gorrituarazi beharko lukeen greba eta kanpainako zenbait gai behintzat baldintzatu beharko lituzkeena. Ez da hala izan. Ezer gutxi hitz egin dute horri buruz eta are kezkagarriagoa dena, ez zaio inori axola (antzeman bedi frustrazio, tristura eta amorru tonua).
Feminismoaz gutxien hitz egin den kanpainan, mitin batean, besteak beste, indarkeria matxista aurrekariak zituen gizonezko batek eraso zion EAJko hautagaiari, Imanol Pradalesi. Sustoaren ondoren, berandu baino lehen, alderdi politiko guztiek erasoak motibazio politikorik ez zuela baieztatu zuten. Egiazki, Imanol Pradalesen kontrako motibazio politikorik ez zuen; baina gizon horrek indarkeria politikoa baliatu zuela bistakoa da, zehazki bere emaztearen kontrakoa. Inork ez zuen horregatik alerta jo. Norbaitek gertatutakoari probetxurik atera al zion indarkeria matxistari buruz hitz egiteko? Hauteskunde kanpaina birbideratu egin al zuen? Gure buruari indarkeria matxistak eta maskulinitateak duten lotura zein den galdetzeko aukera ezin hobea izan al zen? Baina ze nezesidade! Hobe dugu ETA plazara ekartzea, esker hobekoa izaten da eta eztabaida polarizatzen laguntzen digu.
Zorrotz jokatuz eta egiari zor, berdintasunari buruzko mitin bat edo beste egon da. Esaterako, Eneko Anduezak gizonezkoak indarkeria matxistaren kontra inplikatzearen garrantziaz hitz egin zuen eta EH Bilduk zaintza sistema publiko komunitarioa eskatu zuen. Eta egun berean EAJk ere bere zaintzarako proposamena aurkeztu zuen. Ezer gehiagorik ez; badakizue, feminismoaren kontu horrekin emakumeak «urrutiegi joan gara». Kanpainari kolore zertzelada bat ematearren balio izan duten ekitaldi anekdotiko eta bakan horiek jazotzen ziren bitartean (irakur bedi ironiaz), beste kontu batzuk ere baziren.
Berrikusi ditzagun horietako zenbait. Alba Garciak, Sumarreko hautagaiak, bere lehendabiziko hauteskunde debateari aurre egin behar zionean, Imanol Pradalesek, jator plantak egin nahian, Alba deitu zuen. Ez genuke zertan kezkatu, PSEko hautagaia Andueza deitu izan ez balu. Garciak, ausardiaz erantzun zion: «García da nire abizena, Pradales jauna». EAJko hautagaiak ez zekien non sartu, barkamena eskatu eta Sabino Aranari otoi egin zion feminista batek ere ez zezan une hori atzeman. Alabaina, momentu hori biral egin zen; matxista eta infantilizatzailea zela salatu genuenoi zoroak, ahoberoak eta analista kaskarrak ginela leporatu ziguten. Betiko leloa!
Oihana Etxebarrietak, EH Bildu kanpainako bozeramaileak, elkarrizketa batean Feminismo Sailburua izatea berarentzat ohorea litzatekeela aitortzeko atrebentzia hartu zuen. Ederra bota du! Nolatan okurritu zaio, justuki berari, hauteskundeak irabaz ditzakeen alderdietako baten feminismoen ataleko arduradunari. Imanol Pradalesi ateraldi zentzugabea iruditu zitzaion eta EITBko debatea baliatu zuen Pello Otxandianok Oihana Etxebarrietari aulkia oparituko ziola adierazteko. Ez litzateke harritzeko zerbait izango, zenbait ordu lehenago beste debate batean, Imanol Pradalesek bere burua etorkizuneko Lehendakari izendatu izan ez balu. Etxebarrieta sailburu izan nahi duen handinahi makurra eta bera berriz, Lehendakari izan nahi duen gizon xume eta on-puska? Urrunetik ere matxismo kiratsa dario. Baina, zer jakingo dugu guk matxista zer den edo ez den?
Alba Garciak eta Miren Gorrotxategik beraien aurkariak ikusi ahal izateko lepoa bihurritu behar horren ondorioz oraindik mina izango dute. Biek EITBko korridore guztia zeharkatu zuten debatean bazterretik parte hartzeko. Besteek, gure herrialde berdinzale eta feministako gizon dotoreak, platora zuzendu eta zentroa hartu zuten, espazioa okupatuz. Txiza egiteko tartea hartuko zuten lehenago? Zutik ala eserita egingo zuten?
Kitto, lagunak, hauteskundeak bukatu dira eta, adiskide maiteak, ez da horren gaizki joan. Hauteskunde partida, iskanbila eta ilusio politikoa egon dira. Lehendakari gizonezko bat izatearen sugeak eta muskerrak irenstea, emakumeen kontrako indarkeria politikoaren lekuko izatea eta alderdiek agenda feminista desagerrarazi izana gutxienekoa da. Ez zaitezte exijentziekin horren mizkin jarri eta ez ahaztu analista gizonezkoak irakurri behar dituzuela, beraiek jakin badakitelako guztia behar bezala azaltzen eta, hori gutxi balitz, txiza eserita egiten dute.