Ez dela alternatibarik. Horixe da kapitalismoa defendatzen dutenek sarri erabiltzen duten argudioa. Izan ere, besterik ez bada, horrekin aurrera egin beharra dago. Esaldi hori lau haizeetara zabaldu zuen agintariaren irudia Iruñean agertu da azken boladan: Margaret Thatcher. Zuri-beltzezko irudi hori, baina, kolorezko kontrapuntuarekin azaldu da: «Hemen bai». Hemen alternatibarik badela demostratu nahi izan du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Horretarako antolatu dute Alternatiben Herria.
Gau osoan ekaitza bota ondotik, eguraldiarekin kezkaturik ziren atzo antolatzaileak. Dena den, kasu horretan bai, ez zen beste alternatibarik egun osoko egitaraua aurrera ateratzea baino. Eta, azkenean, eguzkiak gogor jo zuen atzo Nafarroako hiriburuan, Thatcherren irudia argitzeraino. Alternatiben Herriak erdigunea hartu zuen, eta denetariko egitasmoak izan ziren han eta hemen. Sei auzotan banatu zuten Iruñeko erdigunea: Auzoekonomia, Arragoa, Herriak eta Lurra, Burujabetza, Bizi Anitzak eta Duinak eta Haurren Errepublika.
Egitasmoa Vistabellan abiatu zen, txupinazoarekin. Amaia Zufiak eta Pablo Llorentek Kapitalari 13 zaska manifestua aurkeztu zuten. Manifestu hori gune guzietan izan zen eskuragarri, eta norbanakoek zein taldeek sina zezaketen, era horretan bertan ageri diren 13 alternatibak betetzeko konpromisoa hartzeko. Agiriak Kataluniako erreferendumean erabilitako hautetsontzietan sartu zituzten sinatzaileek. Maitane Unzu Alternatiben Herriaren antolatzaileak azaldu zuenez, jende askoren konpromisoa lortu zuten. «Orain helburua da hemendik abiatuta etorkizunera begira ibilbide bat zehaztea eta horri heltzeko gai izatea». Besteak beste, Joseba Asiron Iruñeko alkateak sinatu zuen 13 konpromisoen agiria.
Antolatzaileak kontent ziren atzoko egunarekin. Batez ere, eguraldiarekin. Herri bazkaria izan zen jende gehien bildu zuen ekitaldietako bat. Altsasuko herritar batzuek prestatu zuten, produktu ekologikoekin. «Erronkarik handiena hori zen, eta ongi atera da. Arrakastatsua izan da», esan zuen Unzuk. 500 lagunendako bazkaria prestatu zuten.
«Oso pozik gaude, eta jende dezente etorri da. Ibilbidea oso zabala da, beraz, kostatzen da jende multzoak ikustea». Lanez lepo egon arren, arratsaldean balorazioa egiteko tartea hartu zuen Unzuk. Haren aburuz, «aise» frogatu dute alternatiba egon badela. «Proposamen ugari zeuden, eta oso sentsazio ona dute auzoetako arduradunek. Eztabaida aberasgarriak izan ditugu».
Izan zen jende anitz elkartzeko unerik ere. Izan ere, Alternatiben Herriak eta Euskal Herria Kantuz-ek bat egin zuten Arragoa gunean —San Frantzisko plazan—. «Une hunkigarria izan da», zioen Unzuk. Hainbat kantutan aritu ziren denak aho batez.
Antolatzaileek gogora ekarri dute egitasmoa auzolanean atera dela aurrera. Asko eta asko izan ziren lanean aritu zirenak. Tartean, Maria Bera. Ostalaritzan egiten du lan, baina besta hartu zuen informazio postu batean aritzeko. «Sindikatu bateko afiliatua naiz, eta sistematik ateratzeko alternatiba babesten dut», zioen. Arratsaldean haurrekin itzulia ematekoa zen: «Dena aldatu nahi dugu, eta haiek ere [seme-alabek] hasi beharko dute konturatzen afera honetaz guziaz».
Alternatibak nonahi
Egunaren hasierako ekitaldian, Zufiak eta Lorentek ohartarazi zuten pertsonen eta naturaren bizitzak «arriskuan» direla eta jendearen arteko desberdintasunak «geroz eta handiagoak» direla. Horren aurrean, pertsonak erdian dituen eredua aldarrikatu zuten. «Larriena alternatibarik ez dela sinistea eta onartzea da». Hitz horien ondotik, alternatibak loratu ziren han eta hemen.
Piparrika hiri baratzean, esaterako, produktuak norberak egiteko tailerrak antolatu zituzten: xaboia egiteko, gazta egiteko, bizikletak konpontzeko... «Zerbait ikasten dudanean, besteei irakatsi nahi izaten diet», zioen Raquel Lopezek. Xaboia egiteko tailerrak eman zituen. Haur anitz izan zituen inguruan; tarteka, laguntzen ere bai. «Egunerokoan erabiltzen ditugun gauzak dira, eta ongi legoke bakoitzak berea egitea». Azaldu zuenez, berak aurkeztutako produktua naturalagoa da. «Dendan erosten denak ez bezala, xaboi honek propietate guziak ditu».
Euskal Herriko besta gehienetan ohikoak izaten dira taloak, eta Alternatiben Herrian ere bazen horiek jateko aukerarik. Noski, alternatiboak behar zuten: talo ekologikoak. Su artean hainbat gazte ziren Vistabella inguruan, tartean Julen Altzelai. Azaldu zuenez, irin ekologikoa lortzea ezinezkoa zutenez gero, haien irina ekoizten hasi ziren. «Produktu berezia da, arto irina labean sartzen dugulako». Taloa beraren osagaiak ez ezik, barnekoa ere berezia zen. Txistorra eta gazta aukeran ziren, baina baita onddoak, entsalada epela eta barazkiak ere, «beganoentzat».
Produktu ekologikoak garestiak direlako ustea zabaldua da, eta askotan garestiagoak izan ohi dira, bai. Talo ekologikoen kasuan, ez. «Besteen prezioan lortzea zen gure apustua, eta lortu dugu, baina ordu asko sartuta. Bitartekariak kenduta lortzen da hori», zioen Altzelaik. Lanak merezi izan du, emaitzarekin kontent baitira. «Jendea ez da inozoa. Dastatzen dute, eta erraz jaten dela konturatzen dira. Gainera, guztiendako dugu: beganoarentzat, begetarianoarentzat, gizendu nahi duenarentzat edo ahozurientzat».
Gune berean, txistorra modu alternatiboan prestatzen ari ziren: eguzki energia erabiliz. Santa Ana plazan, berriz, lurrean mural bat egin zuten haziak erabiliz. Bukatu zutenean argitu zen irudiaren leloa: Elikadura burujabetzaz txikizioa borrokatu. Ez ziren eskulanetan aritu ziren bakarrak. O plazan haurren errepublika aldarrikatu zuten. Batzuk margotzen ibili ziren; beste batzuk, zernahirekin jostatzen. Eguzkiak gogor jo arren, askok ez zioten begirik kendu mago gaztetxo baten ikuskizunari.
Hitza eta eztabaida
Metro gutxira, Errekoleten plazan, burujabetzaz hausnartzen aritu ziren. Plaza erdian autobus zahar bat zegoen. Atea irekia zuenez gero, bertan edonor sar zitekeen, eta barnean, Trapuketarien lana azaltzen zuen bideoa ikus zezakeen. Afixa handiak ere paratu zituzten, hainbat alternatiben berri emateko: Errenteriako (Gipuzkoa) gazteen etxebizitza komunitarioa, Leitzako (Nafarroa) kontsumo taldea, Garesen (Nafarroa) berreskuratutako zentral hidroelektrikoa...
Dena den, atzokoa, hausnartzeko ez ezik, mintzatzeko eta eztabaidatzeko eguna ere bazen. Hala, AEK-k mintzodromoa antolatu zuen. «Adierazi nahi dugu hitz egin eta ados jarri behar dugula; beraz, jendea hitz egiteko bildu da», azaldu zuen Jokin Irigoien AEK-ko irakasleak. Gaur-gaurko lau gai eman zizkieten parte hartzaileei, eta hamabost minutu zuten gai bakoitza lantzeko. «Jakina, euskaraz egiten dugu; garrantzitsua da. Hemen gaude euskara presente egon dadin alternatiban».
Hitzaldi anitz ere egin zituzten, baina gehienak eztabaida bihurtu ziren berehala. Parte hartzea zen kontua. Ane Ablanedok hezkuntza sistema izan zuen hizpide San Frantzisko eskolan: «Eskolari kenduko nioke eskolarekin identifikatzen den guztia. Bizitzaren jarraipen bat izan behar du, ikasteko toki bat gehiago. Eskolak deseskolarizatu beharko genituzke». Irakasleek gaur egun duten funtzioa kentzea proposatu zuen, eta curriculumak alde batera uztea. «Ez da posible inor nahi ez duena irakastera behartzea. Azterketan 10 aterako dut, baina ez dut neure egingo».
Bestelako gaia jarri zuen mahai gainean Gotzone Sestorain baserritarrak Vistabellako gunean: elikadura burujabetza. «Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harremanak berreskuratu behar ditugu, eta harremana etikan oinarritu». Hala, bai baserritarrak eta bai kontsumitzaileak, biak ahaldundu behar direla esan zuen. «Erabat banaturik bizi gara, eta zubi horiek berriz eraiki behar ditugu».
Nabarreria plazan bazterrekoek hartu zuten hitza, haien errealitateak erdigunean jartzeko. Zabaldi elkartea lepo bete zen «ertzetako alternatibei» buruzko hitzaldia aditzeko. Transkoloreko Iris Dominguezek azaldu zuen sareak sortu eta erreferenteak izatea «oso garrantzitsua» dela pertsona transexualentzat, eta bere prozesuaz mintzatu zen. Bere egoerak beste zapalketa batzuk ikusarazi zizkiola kontatu zuen, eta horregatik hasi zela talde animalista batean. Bestalde, publikoan zegoen emakume gor batek bere bizitzan aurkitu dituen oztopoen berri eman zuen. Ama ez lukeela izan behar ere aditu behar izan du. Irakasleek eta medikuek gai horietan formakuntza falta dutela ohartarazi zuen.
Alternatibak azalera atera dira beste behin ere Alternatiben Herria egitasmoari esker. Baina ez da egun bakarreko kontua, egunerokoan lantzekoa baizik. Dagoeneko bada hitzordu berri bat: urriaren 24an Baionara itzuliko da Alternatiben Herria, Bizi mugimenduaren eskutik. Euskal Herrian bai, bada alternatibarik.
[youtube]https://youtu.be/dik5X_6mcjA[/youtube]
Alternatiben Herria
THATCHERREN AMESGAIZTOA
Alternatiben Herria egitasmoa egin dute Iruñeko erdigunean. Jende anitz bildu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak antolatutako hitzaldietan, mahai inguruetan, tailerretan eta abarretan. 'Kapitalari 13 zaska' agiria ere aurkeztu dute, eta bertaratu diren askoren sinadurak bildu dituzte. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu