Euskal Herria testuliburuetan

Testuliburuak, Nafarroako eskuinaren jomugan

Euskal Herriaren edukiak eta mapak erabiltzen dituzten euskarazko testuliburuak aspalditik dira ika-mika iturri Nafarroan, UPNk begiz jo zituenetik.

Nafarroan ohikoena da Euskal Herriaren erreferentziarik ez agertzea, SM-Ikasminarenean bezala. BERRIA.
inaki petxarroman
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasi eta hurrengo astean, agerraldi bat egin zuen Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriartek, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari exijitzeko estu zain dezala ikastetxeak ez erabiltzea «euskal nazionalismoaren proiektu politikoa» zabaltzeko. Izan ere, Iriartek salatu zuen Nafarroaren errealitate «historiko eta instituzionala manipulatzen» duten testuliburuak erabiltzen direla ikastetxe publiko eta itunpekoetan. Iriarteren iritziz, Nafarroa Euskal Herriaren parte gisa azaltzen zaie ikasleei, «Txina edo Italiaren» maila berean balego bezala. «Iraganean kritikatu izan dugun gai bat da hau, baina berretsi behar dugu, tamalez, hor jarraitzen duela», gaineratu zuen.Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok esan zuen gobernuak ez duela inongo txosten teknikorik erakusten duenik halako liburuak badirela.

Nafarroako eskuin erregionalistaren aspaldiko borroka da Euskal Herriaren osotasuna islatzen duten euskarazko testuliburuen aurkakoa. Alberto Catalan Hezkuntza kontseilaria zela, 2010ean, gobernuak, foru agindu baten bidez, finantzaketa publikoa kendu zien bost argitaletxeren (Elkar, Erein, Ibaizabal, Ikasmina SM, Edebe-Giltza) zortzi ikaslibururi, Nafarroa Euskal Herriaren barnean erakusten zutelako eta foru erkidegoaren «errealitate instituzionala» ez errespetatzea egotzita. Elkarrek eta Ikastolen Elkarteak errekurritu egin zuten foru agindua, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion gobernuari.

Handik lauurtera, Javier Iribas Hezkuntza kontseilariak —hura ere UPNkoa— Euskara eta Literatura ikasgaiko 22 liburu ikastetxeetatik erretiratzeko agindu zuen, orduan ere betiko argudioa aipatuz: Nafarroa Euskal Herriaren barnean agertzea. Euskarazko aleak egiten zituzten argitaletxe guztietakoak kenarazi zituen gobernuak, SMkoak izan ezik.

Uxue Barkosen gobernuak utzi zuen bertan behera Nafarroako eskuindarrek euskarazko testuliburuen aurka egindako boikot instituzionala, eta baimendu egin zituen Nafarroa Euskal Herriko lurralde gisa aurkezten zuten testuliburuak, Jose Luis Mendoza garai hartako Hezkuntza kontseilariak (Geroa Bai) adierazi zuenez, errealitate hori hizkuntza eta kulturaren alorrera mugatzen zelako. Geroztik ez da aldatu marko orokor hori, baina ezpata gainean dute Euskal Herria osorik erakusten duten testuliburuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.