Testua izenpetzea epe luzeko engaiamendua dela ohartarazi dute

Hainbat ideologiatakoek testu bera adostu izana azpimarratu dute.Espainiako erregeari Espagnacek euskal auziaz galdetu zion

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Agiriak aipatzen dituen gaiak «konplikatuak» direla eta beste batzuk horien aipatzea bera ukatu dutela ohartarazi zion prentsari bardako bilkuratik landa Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldearen ordezkariak. Eskuinetik ezkerrera, ideologia politiko gehienek adoste batera iritsi izanaren garrantziaz jabearazi nahi izan zuen Currinek. «Modelo» bat dela errepikatu zuen behin eta berriz. «Tokiko buruzagi batzuk adierazten diote buruzagi nazional batzuei ez direla aski inplikatzen. Erraiten diete hau duzue egin behar». Sortuko arduradun Xabi Larraldek ere Euskal Herriko beste parte batzuetan horrelakoak ikusteko gutizia adierazi zuen, beste «bultzada bat lortzeko».

Beste gisa batez erranik, Pirinio Atlantikoetako UMPko buru eta hautetsi Max Brisonnek hitza hartzea azaldu zuen. Nola «kasualitatez» Larralderen ondoan jarririk aurkitu zen bilkuran: «Ez daukat Xabi Larralderen iragan bera. Ez ditut engaiamendu berak, baina badu hiru urte elkarrekin ari garela. Euskal Herriarekiko dugun amodio berarekin, arras ezberdinki adierazi arren. Nahiz eta aurkari politikoak izan, hemen lantzen duguna balio handiko ontasuna da. Horrek egiten du, funtsezkoa jokoan dela, sufrimendu, orbain eta zauri sakonak konpondu behar direla, gure mugen mugitzeko gai garela».

Testuan errana dena «indartsua» dela azpimarratu zuen sufrimendu eta esperantza batzuk ikusi nahi dituenarentzat. «Hori diot, partikularki beren engaiamenduagatik bizia presondegian pasatzen dutenentzat». Bukatu zuen erranez: «Engaiatzen nau ni, gaur, eta baita bihar ere».

Engaiamenduaz hitz berdintsuak izan zituen Frederique Espagnac senatari sozialistak ere: «Idatzi honek gaurko egunean engaiatzen gaitu eta biharko engaiatzen gaitu. Gaur alderdi sozialista bada boterean, bihar eskuina izan daiteke eta idatzi honek hein berdinean eraginen dio. Bakea eraiki eta iraunkor bilakarazteko ardura kolektiboa dugu».

Erregearekin bilkura

Adierazpen hauek eginik, iragarri zuen uztailean 23an Frantziako Senatura hurbildu zela Espainiako erregea, Senatuko presidenteak errezibitu zuela, eta bilera horretan zegoela. «Mahai horren inguruan zeudenei begira engaiatu nintzen bilkura horretan euskal gaia eta presoen gaia aipatzera». Zer ihardetsi ote zion erregeak galdera pausatzean: «Erantzun dit, baina ez dagokit niri erraitea zer erran didan. Une bat iritsiko da non gertakariak berez mintzatuko dira».

Testuaren geroari begira prentsaren partetik agertu galderei, Frantziako eta Espainiako gobernuen isiltasuna aitortu bai, baina horren aitzinean, «gure bete beharra da saiatzea» adierazi zuen bere aldetik, Jean-Jacques Lasserre senatariak (Moderne).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.