Sexu abusuak Nafarroan

TESTIGANTZAK

Patxi Azpilikuetak tratu txarrak jasan zituen Lizarrako El Puy eskolan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Lizarra
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun

PELLO SENOSIAIN

«Apaizaren aurrean biluzi behar nuen»

Pello Senosiainek 8 urte zituen, 1963an Lizarrako El Puy eskolan hasi zenean, eta, lehen egunetik, argi gelditu zitzaion egonaldi hura ez zela erosoa edo erraza izanen: «Torturatzen gintuzten», laburbildu du, gordin. «Ez ziren apaiz gogorrak edo irakasle zorrotzak soilik: sadiko hutsak ziren. Gozatzen zuten gu sufriarazten».

Lizarratarrak bi ikasturte besterik ez zituen egin ikastetxe hartan, baina denbora tarte hori «esperientzia traumatikoa» izan zela dio. Ikastetxeko zuzendari Jose San Julianen kontrako salaketa jarri zuen Senosiainek martxoan, sexu abusuengatik. Hala ere, salaketak ez zuen aurrera egin, duela zenbait urte hil baitzen San Julian.

Salaketaren oinarrian dagoen gertakaria 1963koa da: «Bere bulegora deitu ninduen San Julianek, eta haren aurrean biluzteko agindu zidan. Nik ez nekien zertarako eskatzen zidan halako zerbait; ezin nuen ulertu. 8 urterekin, inozo galanta nintzen sexu kontuetan, gai horietaz ezin genuelako hitz egin, ez etxean ezta eskolan ere». Senosiainen arabera, zuzendari ohiak ordu laurden batez eduki zuen biluzik, alde egiteko baimena eman aurretik: «Ez zidan beste ezer egin. Ez ninduen jo, ez ninduen bortxatu, ezta eraso egin ere... Begira gelditu zitzaidan, goitik behera. Niri amaigabeak begitandu zitzaizkidan hamabost minutu luze haiek. Eta aspertu zenean, besterik gabe, berriz janzteko eta ikasgelara bueltatzeko agindu zidan. Hori egin nuen, gertatu berri zena ulertu gabe». Beste ikasle batzuei eginiko abusuen lekuko ere izan zen Senosiain: «Oso krudela zen, eta lotsagabe aritzen zen ikasgelan, denon aurrean, ikasleei ipurdia eta zakila ukitzen».

Esperientzia horren ostean, eskolapioen ikastetxean matrikulatu zuten gurasoek 1965. urtean. Horrek, baina, ez zuen indarkeria desagerrarazi: «Eskolapioetan ere gogoz jotzen gintuzten; batzuetan, lerdea ahotik botatzen genuen arte. Eskola hartan ez nuen pederastia edo sexu abusu zantzurik ikusi, baina bortizkeriak ez zuen etenik».

Pello Senosiainen arabera, frankismoaren garaian, ikastetxe erlijiosoetako apaizak arduratzen ziren «haurren tolesgabetasuna eta inozentzia» errotik erauzteaz. «Apurtu egiten gintuzten barrutik. Haurtzaroa ebatsi. Hori, finean, faxismoa zen».

JAVIER

«Abusuei izkin egin nienez, jipoia eman zidan»



Sexu abusuen eta pederastiaren mamuak Iruñeko San Ignacio jesuiten ikastetxea ere zipriztindu du. Duela zenbait hilabete, Foruzaingoan salaketa aurkeztu zuen biktimetako batek, eskola horretan irakasle zen Ignacio Ruiz de Gaunaren kontra —auzia artxibatua dago, 2013. urtean hil baitzen apaiza—. Beste ikasle ohi batekin hitz egin du BERRIAk, eta, haren esanetan, arazoa ez zen irakasle batena soilik: «Oso hedatua zegoen».

Javierrek (ez ditu bere izen-deiturak eman nahi) bederatzi urte egin zituen San Ignacio ikastetxean, 1966tik 1975era. «Urte beldurgarriak izan ziren. Min fisikoa baino okerragoa zen izua; beldurra nion eskolara joateari eta apaizen jarrera bortitzari», gogoratu du. Urte haietan, Marrazketa Teknikoko irakaslea zen Jesus Moles apaiza. «Behin, esan zidan konpas berri bat erakutsi nahi zidala, ikasgaian erabili beharrekoa, eta bere logelara joateko eskatu zidan». Eguneko eskola orduak bukatuta, hala egin zuen mutikoak. Beste ikasle bat ere bazegoen gela hartan. Ohean esertzeko eskatu zien irakasleak. «Gu bion artean eseri zen, eta hanka ferekatzen hasi zitzaigun. Belaunetik hasita, izterrean gora eraman zuen eskua, baina hankartera iritsi zenean, salto egin nuen», azaldu du. «Apaizak esan zidan lasai egoteko, ez zela ezer gertatzen, eta txokolate barratxo bat zeukala niretzat, idazmahaian gordeta. Hori hartzeko buelta eman zuenean, ordea, ziztu bizian atera nintzen gelatik». Handik bi egunera, ikasgelan ikusi zuen berriz apaiza: «Sartu eta berehala, belarrondoko izugarria eman, eta lurrera bota ninduen. Abusuei izkin egin nielako jo ninduen. Zigorra izan zen».

Horren ostean, beste apaiz bat ere saiatu zen ikaslea bere logelara eramaten: aita Castillo. «Eskulan ikasgairako errotuladore bat erosi behar genuen. Nik emandako dirua hartu, eta esan zidan errotuladorea bere gelan zeukala; hara joan behar nuela, hartzera. Molesekin gertatutakoaren ostean, ez nintzen ausartu». Horren ordez, etxean kontatu zuen gertatutakoa. Aitak ohar bat idatzi zion ikasketaburuari, dena gaizki-ulertu bat izan zela sinetsita: «Biharamunean, ikasketaburuaren bulegora joatea galdegin zidaten. Han zegoen Castillo ere, nire zain. Jipoi ederra eman zidaten bien artean, hurrengoan ezer konta ez nezan».

PATXI AZPILIKUETA

«Beldur handia nion konfesatzeari»



Urteetan, Patxi Azpilikuetak uste izan du 1970eko hamarkadan Lizarrako El Puy ikastetxean sufritutako tratu txarrak «ez zirela hainbesterako ere»: ukitzeak, kolpeak, irainak, galdera lizunak... Horiek guztiak ohikotzat jotzen zituzten belaunaldi horretako haurrek. Abusua normalizatzera iritsi ziren.

«Beldur berezia nion konfesioaren errituari», gogoratu du ikasle ohiak. «Irakasleak bazekien zenbat egun generamatzan aitortza egin gabe, eta berak esaten zigun: 'Zoaz konfesatzera orain'. Ikara batean joaten nintzen ni. Apaizak galdera intimo ugari egiten zizkidan, lizunak, eta atsegin hartzen zuen xehetasun guztiak entzunda. Laztantzen zizkidan hankak, besoak, eta baita hankartea ere». Ukitzeak eta eskatu gabeko laztanak, konfesatokian ez ezik, ikasgelan bertan gertatzen zirela dio, «arbelean zerbait idazten ari ginen bitartean, adibidez».

Azpilikuetarentzat, hala ere, hori ez zen izan ikastetxean pairatutako esperientziarik okerrena: «Sexu abusuena, nire kasuan, amesgaiztoaren parte txiki bat besterik ez zen izan: horiekin batera, egunero jasotzen genituen tratu txar fisikoak eta psikologikoak. Beldurrez ibiltzen ginen une oro, kolpeengatik, mehatxuengatik, diziplina gogorragatik eta apaizek sortzen zuten giro itogarriagatik, batez ere».

Jesus Zudairek, Pello Senosiainek eta El Puy ikastetxeko beste ikasle ohi batzuek salaketa jarri zuten San Julian zuzendaria zenaren aurka, baina gaitza «askoz hedatuago» zegoela uste du Azpilikuetak: «Sexu abusuei dagokionez, San Julian zen inpunitaterik handienez aritzen zena, baina horrek ez du esan nahi gainerakoek ezer egiten ez zutenik: ia egunero jasotzen genituen kolpeak, eta hori apaiz askoren usadioa zen». Lizarratarrak gogoan du behin arrastaka eraman behar izan zutela ikaskide bat, irakasle batek emaniko jipoi bortitzaren ostean: «Belarrondoko bakar batekin lurrera bota zuen haurra, eta han zegoela, kolpeka segitu zuen. Gero, iletik tiraka atera zuen pasabidera, konortea ia galduta. Halako zigor fisikoak ezartzen zizkiguten ia edozer gauzagatik; pareta ukitzeagatik, adibidez». Oro har, El Puy ikastetxeko apaizak «krudelkeriaz» jokatzen zutela dio Azpilikuetak: «Ez zuten beldurrik, eurena zelako botere osoa».

MIKEL

«Makila bat gorde nuen koltxoi azpian, babesteko»



Gasteizen bizi da Mikel (ez du abizenik eman nahi), baina memorian iltzaturik gordetzen ditu 1980ko hamarkadan Garesko Erreparaziokoen barnetegian (Nafarroa) emandako urteak. Orban sakona utzi dio han pairatutako sexu erasoak: «Halako zerbait bizi izandakoak garenok ez gara erabat onik ateratzen; zerbait gelditzen zaigu buru barruan».

Mikel 11 urterekin heldu zen Garesera, eta berehala hasi ziren «tratu txar fisikoak nahiz psikologikoak». Basilio Garcia apaiza zen eskolako erizaintza postuko arduraduna. «Ez dut uste erizain edo mediku ikasketak eginak zituenik. Botikak ematen zizkigun, besterik ez». Gazteak gaixo jartzen zirenean edo zauriren bat egiten zutenean, harengana jo behar zuten. «Behin, sukarra nuela esan nion, baina ez ninduen erizaindegira eraman; horren ordez, bere gelara joateko esan zidan. Han, bere ohean sartu ninduen, eta gorputza goitik behera ukitzen hasi zitzaidan. Zakiletik heltzeko eta kanpaia jotzeko ere eskatu zidan. Ez nuen halakorik egin. Aurre egin nionez, erizaindegira eraman ninduen atzera ere, ezer gertatu izan ez balitz bezala».

Mikelek ingurukoei kontatu zien gertatutakoa: ikaskideei, batetik, eta amari, bestetik. «Pasadizoa lagunei kontatuta, jakin nuen nirea ez zela lehen kasua izan; askoz gehiago ere bazirela. Amari esan nionean, ordea, ez zuen ezer egin. Katoliko sutsua zen garai hartan, eta ez zekien nola erreakzionatu». Marcelino Carrera apaizari ere azaldu zion: «Uste dut gozatzen ari zela, xehetasun guztiak entzunda. Hurrengo batean, gauaren erdian esnatu nintzen, eta nire ohearen ondoan ikusi nuen, zutik. Izarak altxatu zizkidan, baina ez ninduen ukitu. Niri begira gelditu zen bakarrik». Ordutik, ez zen Erreparaziokoez gehiagotan fidatu: «Konturatu nintzen denak berdinak zirela: batzuek hobeto disimulatzen zuten, eta beste batzuek ezin zioten grinari eutsi. Hortaz, makila bat hartu, eta koltxoi azpian gorde nuen, neure burua babesteko. Denei esan nien hor zegoela, eta hurbiltzen zen edonor jotzeko prest nengoela. Ez nuen inoiz erabili». Erreparaziokoek beste komentu batera lekualdatu zuten Basilio Garcia apaiza. «Kexak isilarazteko bidali zuten handik, baina ez zuten beste ezer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.