Koronabirusa

Testak: gehiago egin daitezke

Testak usuago egiteko estrategiak badira martxan; halakoak Euskal Herrian ezartzeko eskeak ere bai. Aurka dute argazki «finkoak» ematen dituztela, egoera aski aldakor batean. Muga horrekin ere, informazio iturri oso garrantzitsua dira.

Baheketa bat egiten, lehengo hilean, Lazkaon. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun

COVID-19aren izurriaren hasieran, oro zalantza zenean, atzeman gabe geratu ziren milaka kasu positibo, osasun sistemek probak egiteko gaitasun urria baitzuten. Ordutik, erruz indartu da ahalmen hori, eta, PCR testez harago, zabaldu dira bestelako proba batzuk ere; esaterako, antigeno testak. Probak egiteko irizpidea, ordea, ez da ia aldatu iragan hilabeteotan. Osasun sistema publikoek, oro har, hiru kasutan egiten dituzte. Baga: pertsona batek gaitzaren sintomaren bat duenean. Biga: osasun sistemak ebazten duenean pertsona bat positibo baten kontaktua izan dela, eta oso hurbileko harremana egiaztatu behar izaten da horretarako. Higa: toki jakin batzuetan, intzidentzia datuek arduratuta, baheketak egiten direnean. Bidaietarako testak-eta egiteko eskea egin daiteke sistema publikoetan ere, baina, gainerakoan, sare pribatura jo behar da.

Ikusi gehiago:Aurreko olatuetan baino test gutxiago ari dira egiten orain

Beste osasun sistema batzuek garatu dituzte, ordea, herritar asintomatikoei ere azterketak egiteko atondutako estrategiak; ahal bada gaitzari aurrea hartzea bilatzen dute, eta ez beti atzetik ibiltzea. Elhuyar fundazioko zientzia komunikatzaile Ana Galarragak gertutik erreparatu die horietako hainbati, eta iruditzen zaio egun probei ez zaiela ateratzen behar besteko «etekina»: gehiago egin daitezkeela.«Baheketak ugariagoak dira beste leku batzuetan», azaldu du. Euskal Herrian ere estrategia horiek gara daitezkeela uste du: «Batez ere, hobeto identifikatzeko kasu asintomatikoak; egun, arazo handiena hori da». Ezustea izan da harentzat izurriaren kontrolerako testetan oinarritutako estrategiei eman zaien garrantzi urria; osasun krisialdiaren hasieran pentsatzen zuen erabakigarriagoak izango zirela, erabiliagoak: «Uste nuen testek emango zigutela normaltasunera itzultzeko biderik onena».

Adi erreparatu die, adibidez, zenbait tokitan pool testing deituaren bidez egiten diren PCR testei; horietan, hainbat pertsonaren laginak batera aztertzen dira, birusaren arrastorik baden aztertzeko. Gero, banakako probak egiten dira birusaren aztarnaren bat agertzen den talde horietan bakarrik. «Adibidez, zenbait unibertsitatetan-eta egiten dituzte tankera horretako testak», azaldu du Galarragak. Hain justu, halakoak egokitzat dauzka talde egonkorren topagune izaten diren eremuetan: «Beti jende bera identifikatuta daukazun horietan».

Zalantzak

Tresna horien eraginkortasuna kolokan jartzen dutenak ere badira, ordea. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, esaterako, horiek dituzten mugei erreparatu izan die publikoki gaiaz solastatu denean: «Ez dezagun ahaztu gauza bat: halako tresnek argazki finko bat ematen dute. Egun batean, eta momentu batean. Horien eraginkortasunak badu muga bat: gaur atera dugun argazkiak bihar ez digu balio». Galarragak uste du, ordea, argazkiek, «finkoak» izanda ere, badutela erabilgarritasuna: «Egia da argazki finkoak direla, baina bestela agian test horien bidez atzematen diren positibo horiek geratuko lirateke atzeman gabe. Eta, argazki asko bat bestearen jarraian jarrita, film oso bat daukazu». Ez du ulertzen, adibidez, adinekoen egoitzetan-eta zergatik ez diren erabili usuago: «Bisitak-eta hainbeste mugatu gabe».

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakasle Miren Basaras bat dator asintomatikoei egiten zaizkien testen mugak nabarmentzeko orduan. «Momentuko irudia ematen digute». Unibertsitatean COVID-19aren gaineko neurriak hartzeko eratua duten batzordeko arduraduna da, eta halakoak egiteko eskea egin zutela esan du: «Unibertsitateak, CRUE Espainiako Unibertsitateen Errektoretzaren Konferentziaren bitartez, ministroari bidali zion eskaera bat; bertan, testak egiteko eskaria egiten zen. Ez zen onartu edo, behintzat, ez zigun erantzunik eman». Baina aintzat hartu beharreko hautua direla uste du: «Hemen, oraingoz, ez dute neurri hori hartu, dagoen positibo tasaren presioa handiegia delako, baina uste dut, intzidentzia metatua jaistea lortzen dugunean, horrelako neurriren bat hartzea komenigarria litzatekeela, eta kasuen trazabilitate hobea lortuko genuke».

EHUko Ikerbasqueko ikertzaile Ugo Mayorrek, oro har, uste du ona dela baheketak indartzea: «Eskoletan, edo lantokietan, edo behar den tokietan». Kutsatuen kontaktuen definizioa ere zabaldu behar dela uste du, orain, oro har, erlazio oso estuetara mugatzen dela argudiatuta. «Argi dago maskara batek ez duela ehuneko ehuneko babesa ematen», esan du. «Jakina, egunero egiten diren milaka testek balio dute, baina, testetan esfortzu handiagoa egingo balitz, gauzak hobeak izango lirateke: jende gutxiagok amaituko luke ZIUetan». Pool testing tankerako ikerketak PCR testekin aski erabilgarriak direla onartu du. «PCR bidez egin daitezke halakoak, sentikortasun handia baitute. Antigeno testekin, ez». Horra atzean dagoen azalpen zientifikoa: «PCR-ek anplifikatu egiten dute material genetikoa, eta, nahiz eta oso gutxi izan, agertu egiten da. Antigeno testek, berriz, proteinak atzematen dituzte: horiek ezin dira anplifikatu».

Pool testing deituaren bidez egindako testez aparte, bestelakoak ere badira; esaterako, Erresuma Batuko Gobernuak herritar bakoitzari astean bi antigeno test egiteko era emango diola jakinarazi du: kit-ak banatu dizkie testak egiteko. Tankerako estrategiak ere aintzat hartzeko erakoak direla onartu du Basarasek, baina tentuz hartu behar direla horiek ere. «Negatibo emateak zenbaitetan segurtasun sentimendu bat ematen dizu, baina izan daiteke negatibo faltsu bat».

Fidagarritasunaren mugak

Izan ere, ehuneko ehuneko fidagarritasuna duen testik ez da gaur egun merkatuan. Horregatik, testak eginda ere, gainerako prebentzio neurriak bazter ez uzteko mezua behin eta berriz ozendu behar dela nabarmendu du Basarasek:«Negatibo bat beti zalantzan jarri behar da, bereziki kutsatu baten kontaktu estua izan bazara, edota sintomak izan badituzu. Horregatik, babes neurriekin jarraitu behar da».

Antigeno testak botiketan egiteko egitasmoak ere badira; Frantziako Gobernuak onetsiak ditu, adibidez, halakoak. Legez ezarrita dago botikan osasun langile batek egon behar duela testa ulertzen laguntzeko eta ondorioz hartu beharreko neurriak azaltzeko. Ezinbestekoa iruditzen zaio hori Basarasi: argi du ez dela aski testak egiteko aukera emate hutsa, eta positibo ematen dutenek osasun sistemaren partetik kontrola izatea beharrezkoa dela. «Ezin da esan: 'Testak, testak eta testak', eta gero inolako kontrolik ez izan».

Test mota bakoitza noiz eta nola erabili ere ondo eta tentuz aukeratu behar dela esan du Mayorrek. Antigeno testak gomendatzen dira, oro har, sintomaren bat dutenentzat, horien atzemate atalasea txikia baita. «Antigeno testek zentzua dute, adibidez, mugetan: presa dagoen tokietan». Bestela ere erabiltzearen aldeko mezuak badira, ordea. Izurriaren bilakaera adi aztertzen ari da Ignacio Perez Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa ere, eta berriki artikulu batean nabarmendu du Alemanian, adibidez, botiketan bakarrik ez, supermerkatuetan-eta ere eskura daitezkeela antigeno testak, eta horien abantailak goraipatu ditu; «Azkar eta erraz egiten dira». Negatiboak beti negatibo ez direla aintzat hartuta ere, izurria kontrolatze aldera «potentzialitate» handia dutela esan du, eta erruz erabiltzera egin beharko litzatekeela. Horiez gain, beste teknologia hainbatekin egindako test berritzaileak ere badirela esan du, eta erabiltzera egin behar dela, egun egiten dena baino gehiago: «Txertoak, txertoak, txertoak... eta testak, testak, testak».

Sekuentziazioaren erronka

Birusaren aldaeren bilakaera aztertzeak garrantzi handia du orain, eta, horregatik, laginen «sekuentziazioa» egiteko ahalmena ere indartu egin behar da. Horretarako administrazioek eskura dituzten baliabide guztiak erabili behar lituzketela nabarmendu du Mayorrek. «EHUk, adibidez, badu halakoak egiteko gailu bat; sekuentziazioa modu masiboago batean egin daiteke». Eskainia diote Jaurlaritzako Osasun Sailari: «Modu informal batean». Oraindik erantzunik ez dutela jaso esan du. Ezin uka: aurrez ere kostata heldu diren erantzunen itzala hor dago; iaz test mota bat garatu zuen Ugo Mayorrek unibertsitatean koordinatutako talde batek; aurki jarri zituen Osasun Sailaren esku, eta administrazioa horiek erabiltzen hasteko bidea motela eta trabaz josia izan zen.

Etorkizunean testak erabiltzen jarraitu beharko dela argi du Basarasek. «Bai baitirudi birus hau gurekin geratuko dela; seguruenera, endemikoa bihurtuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.