«Terroristak», «miserableak», «Espainiaren etsaiak»... Iruñea galduta, diskurtsoa erradikalizatu du UPNk

Manifestaziora deitu ditu UPNk hilaren 17rako eta 28rako, eta Udalerrien Federaziotik atera da. Iruñeko alkatetza «ETAko kideei» eman izana egotzi dio Esparzak PSNri.

(ID_13424781) ESPAÑA AYUNTAMIENTO PAMPLONA
Cristina Ibarrola alkatea, bere lantaldeak inguratuta, gaur Iruñeko udaletxean eginiko agerraldian. IÑAKI PORTO / EFE
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko abenduaren 13a
19:00
Entzun

Politikan, zer esaten den bezain garrantzitsua da nola esaten den. Horretaz jabetzeko, nahikoa da Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen bi diskurtso alderatzea: ekainaren 17an kargua hartu zuenekoa, batetik, eta gaur eguerdian aginte makila galduko duela jakin berritan eginikoa, bestetik. Duela sei hilabete, alkate izendatu berria irribarre zabalarekin azaldu zen kazetarien aurrera, eta «hitz egiteko eta ados jartzeko prest» azaldu zen, eskua luzatuta oposizioko talde ia guztiei —EH Bilduri ez—. Gaur, oso bestelakoa izan da irudia: Ibarrola, lehen lerroan eserita; haren aldamenean, zutik, Carlos Salvador Berdintasun zinegotzia —Ibarrolaz gain, Iruñean polemika biziena eragin duen arduradun politikoa—; eta urrats bat atzerago, udal gobernuko gainerako zinegotzi eta kargudunak. Denak aurpegia ilunduta, burumakur, isilik. Ekaineko beste argazki horretatik urte erdia ez, bi edo hiru legealdi igaro zirela zirudien.

Diskurtsoan ere nabaritu da aldea. Orduko hartan, «negoziazioa», «kontsentsua», «adostasuna» eta halako hitzak erabili zituen Ibarrolak behin eta berriro, PSN erakarri nahian. Gaurko hitzaldian, berriz, Voxen eta eskuin muturraren parametroetara hurbildu da alkatea. Haren esanetan, «PSNk EH Bilduri ordaindu dion iraultza zerga» da Iruñea, eta askotan erabili ditu «miserable», «koldar» eta «zital» hitzak, buruzagi sozialistak definitzeko: «Argi eta garbi mintzatuko natzaie Maria Txibiteri, Santos Cerdani, Ramon Alzorrizi, Elma Saizi eta Pedro Sanchezi. Animatu nahi ditut, Iruñeko kaleetara atera eta herritarrekin aurrez aurre hitz egin dezaten. Ausartu zaitezte, eta esaiezue aurpegira zeinen gutxi inporta zaizuen hiri hau, gai baitzarete gure hiria negoziazio mahai batean saltzeko, gobernuko aulkiari eustearen truke». Areago: alkateak esan du Pedro Sanchezek eta Maria Txibitek «terroristen lagunek, independentistek eta Espainiaren etsaiek exijitzen dizkieten politikak» egiten dituztela, eta hori «iraingarria» dela ETAren biktimentzat: «Hiltzen zutenek jada hiltzen ez dutenez, zilegi da haiekin edozer adostea?».

«Sumina adierazteko» deia

Ibarrolak ez du kritikarik txikiena ere onartu bere agintaldi laburrari buruz, eta azpimarratu du «ahaleginak eta bi» egin dituela beste taldeekin ados jartzeko: «Ez naizela gai izan akordiok egiteko?», aurpegiratu dio horri buruz galdetu dion kazetariari: «Hori interpretazio bat da, eta ez nator bat. Ezinezkoa izan da ezer adostea, hau guztia erabakita zegoelako aspalditik».

Alkateak, baina,  ez du haserrea agerraldi publiko batera mugatu nahi izan. Urrunago jo nahi izan du, eta «sumina adierazteko» deia egin die bere aldekoei: «Guk bezala pentsatzen duten herritar guztiek adieraz dezatela». Izan
ere, UPNk zentsura mozioaren aurkako bi manifestaziotara deitu du, hilaren 17rako eta 28rako, eta Nafarroako Udalerrien Federaziotik ateratzea deliberatu du, beste elkarte bat sortzeko asmoz. Gainera, Erribera Garaiko man- komunitatean zentsura mozio bat iragarri du, hark duen presidente sozialista kargutik kentzeko.

Esparza: «Terroristei eman diete Iruñea»

Ibarrolaren hitz gogorrak ez dira salbuespena izan. Egiazki, UPNren erantzunaren tonua Javier Esparza idazkari nagusiak berak ezarri du goizean goiz, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez: «Iruñea EH Bilduko terroristei ematea besterik ez zitzaien falta Sanchezi, Txibiteri, Cerdani eta Alzorrizi. Argi dago PSOEk ETAko kideekin negoziatu duela Nafarroaren etorkizuna». Sozialistei leporatu die beren boto emaileei «traizio» egin izana, eta hautsitzat jo ditu UPNren eta PSNren arteko harremanak.

Izan ere, eskuinaren erreakzioa berehalakoa izan da, hala Euskal Herrian, nola Espainian. Madrilen, Espainiako Kongresuko sarreran, Alberto Nuñez Feijoo PPko idazkari nagusiak hitz egin du: zentsura mozioa babesteko erabakia «lotsagarria» dela esan, eta herritarrei «berriz ere gezurra» esatea egotzi zion PSOEri. «Hau da Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente izateko ordaindu duen prezioa: ez da amnistia bakarrik, ETAren oinordeko den alderdi bati hautetsontzietan lortu ez duena, hau da, Iruñeko alkatetza ematea ere bada», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.