Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Parlamentukoak eta Segurtasun Indarrenak elkartu dira Iruñean, Terrorismoaren Kontrako Europako Eguna dela eta, biktimak gogoan izateko. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea buru, bertan izan dira, halaber, Unai Hualde parlamentuko presidentea, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Vicente Pigueiras Nafarroako AVTko ordezkaria, eta PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerrako ordezkariak. Baita Espainiako Poliziako, Guardia Zibileko eta Armadako ordezkariak ere. Navarra Sumak uko egin zion joateari, argudiatuz ez duela bat egiten adierazpenarekin.
Minutu bateko isilunearen ostean, adostutako adierazpena irakurri dute: Txibitek, gaztelaniaz, eta Ollok, euskaraz.
Adierazpenean jasotzen denez, «indarkeria terroristak, bidegabea eta ilegitimoa izateaz gain, giza eskubideen erabateko urraketa suposatzen du, eta demokrazia eta bizikidetzarako mehatxu handi bat da».
Nafarroako Gobernuak babesa eta elkartasuna agertu die «ETAren biktimei, Martxoaren 11koei eta beste erakunde terroristetako biktimei». Halaber, berresten du gobernuak segituko duela lanean biktimen elkarteekin eta biktimekin egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak egon daitezen.
Gobernuak errefusatu egiten du biktimen memoria eta duintasuna bortxatzea helburu daukan edozein ekintza, eta berresten du biktimen bizipenak eta gogoetak dokumentatzen eta testigantzak biltzen segituko duela, «ez ahazteko eta haiekiko gertutasuna eta enpatia adierazteko».
Giza eskubideak errespetatu eta indarkeria deslegitimatuko duen hekuntza proiektuak sustatzeko konpromisoa ere berresten du.
Navara Sumak ez du bat egin adierazpenarekin, haren ustez «terrorismoaren gaitzespen esplizitua saihesten duelako, Bildu desoroso ez sentiarazteko eta alderdi bat gehiago balitz bezala hartua izateko».