Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroaren iniziatibaz «terrorismoaren aurkako» lege berria aurkeztuko du Frantziako Gobernuak. Gaur goizean eztabaidatu dute Ministroen Kontseiluan, eta gobernuak bere egitea onartu duela adierazi du Jean Castex Frantziako Lehen ministroak. Hemeretzi artikuluko lege proiektuak 2017an onartu zuten Barne Segurtasuna eta Terrorismoaren Kontrako Borroka Indartzeko Legea «osatuko» du, eta «ekintza terroristen prebentzioa eta informazioa» hobetzeko helburua duela adierazi du Castexek. Ez du iragarri noiz aurkeztuko duten Frantziako Asanblean.
Bere horretan onartua bada, miaketa administratiboak egiteko erraztasunak emanen dizkio lege proiektuak Frantziako Poliziari. Instrukzio epaile baten baimenarekin, mehatxu terrorista bat izateaz susmagarri den pertsona baten etxebizitzan sartzeko aukera dute. 2017ko legearen arabera, mehatxu hori «bereziki larria» behar zen; lege proiektuak «mehatxu larrientzat» baimentzea ekarriko du, prozedura errazteko fomulazioa emanez.
Era berean, ekintza terroristengatik epaituak izan diren pertsonak presondegitik ateratzen segitu ahal izateko neurriak ere biltzen ditu lege proiektuak. Frantziako Justizia ministroaren arabera, osasuna, hezkuntza, psikologia eta sozial arloko hainbat neurri inposatzeko aukera emanen dio zigor epaileari. Horiek bete ezean, preso ohia berriz presondegira itzultzeko arriskua egonen da. Administratiboki zainduak diren pertsonei hainbat murrizketa ezarriko dizkiete ere, hala nola, eremu geografiko batean egoteko edo elkarretaratze publiko batzuetan parte hartzeko debekua.
Azkenik, erligio leku batzuk ixteko aukera emanen du lege proiektuak, eta sarean mehatxuak detektatzeko algoritmoen erabilera baimenduko du
Atentatuen ondotik
Frantziako Rambouilet hirian gizonezko batek Polizia bat labankadaz hil, eta egun gutxira iritsi da Frantziako Gobernuaren lege proiektua. Hala ere, Jean Castex lehen ministroaren arabera, ez da joan den asteko atentatuaren erreakzioz prestatua izan, eta «aspalditik» lantzen ari ziren.