Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feminista zendu da

Euskal Herriko antropologia feministaren abiapuntu izan zen haren azterlanetako bat: 'Mujer vasca. Imagen y realidad' azterlana.

Teresa del Valle, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Teresa del Valle, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko apirilaren 8a
13:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Teresa del Valle ikerlari eta antropologo feminista zendu da. Emakumearen eta genero sistemen arloan ekarpen akademiko handia egin du Del Vallek, batetik, berak aurrera eramandako ikerketak direla medio, eta, bertzetik, ezagutza eta ikerketa arlo horren sustatzaile handia izan delako Euskal Herriko jakintza eremuan. Are, Euskal Herriko antropologia feministaren abiapuntu izan zen haren azterlanetako bat: Mujer vasca. Imagen y realidad azterlana (Euskal emakumea. Irudia eta errealitatea).

Lan horretan errealitatearen eta iruditeriaren arteko aldeak biluzi zituen. Hain zuzen, azaldu zuen «euskal matriarkatuaren» bueltako istorioak «idealizatuta» zeudela, baina bertze hainbat arlotatik aldaketak zetozela. Hortaz, berak, bertze zenbait lankiderekin batera, errealitatea aztertzeko hautua egin zuen. Are, Del Vallek esplikatu izan du lan horrekin desegin egin zutela Euskal Herriko emakumeei aitortzen zitzaien boterearen mitoa: «Kostaldeko, landa eremuko eta hirietako emakumeei hitza emanez».

2018an BERRIAn egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, iruditeria estereotipatu hark ez dirau: «Uste dut egun gehiago bizi direla errealitatea, eta emakumeak lan munduan hartu dugun tokiaren ondorioak. (...) Izan ere, errealitatearekin harremana izatean, mitikoak diren gauzei eustea askoz ere zailagoa da. Eta argi geratu da: emakumeok gizonek adina dohain ditugu, eta gai izan gara egokitzeko. Esateko: 'Igual, nire ama edo nire amama hori izango ziren: baina ni hau naiz, bestelakoa naiz'».

Hain zuzen ere, Del Valle izan zen aitzindarietako bat antropologia feminista Euskal Herrira ekartzen: EHUko Emakumearen Ikerketa Mintegiaren sortzaile eta buruetakoa izana da. Lan horren guztiaren ondorioz, Emakunde Saria eman zioten 2010. urtean. Zortzi urte geroago, berriz, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria eman zioten, erreferente izan delako euskal antropologian ikuspegi feminista txertatzen.

Perspectivas feministas desde la antropología social (Ikuspegi feministak gizarte antropologiatik) (2000)edoAndamios para una nueva ciudad (Hiri berri baterako aldamioak) (1997) dira antropologia feministarekin lotuta plazaratu dituen bertze bi liburu. Horiez gain, Korrika: rituales de la lengua en el espacio (1988) liburua ondu zuen, laugarren Korrikari buruz.

Atzerrira

Del Valle Donostian jaio zen, baina Bilbon hazi. Vera Cruzeko ikastetxean hasi, eta Berrizko institutu misiolarira joan zen gero. 21 urte zituela, ikastetxea kudeatzen zuten mesedetako misiolarietan sartu zen, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ikastera: Arte eta Historia ikasketak egin zituen Saint Louiseko Unibertsitatean, eta eskolak ematen hasi zen Guam irlako unibertsitate publikoan. Mikronesiako historian sakondu zuen, eta horrek bertze bide batzuk zabaldu zizkion. Doktore tesia egitean izan zuen lehenbiziko harremana feminismoarekin, Hawaiin.

Euskal Herrira itzuli zen, eta geroztik antropologia feministaren arloan lan egin zuen: 1979an, erraterako, Antropologia Sozialeko lehenbiziko irakaslea izan zen Filosofia Fakultatean. Nazioarteko hainbat forotan ere lan egiten zuen: Gizarte Antropologiako Europako Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita Ozeanistentzako Europako Elkartearena ere.

Antropologia feministaren baitan, botereaz hausnartu izan du Del Vallek. 2007an ARGIAn egindako elkarrizketa batean honela definitu zuen: «Boterea definitzen dut besteengan eragiteko gaitasun gisa, besteek zugan eragitekoa baino gehiago; eta nork bere erabakiak eta ardurak muturreraino burutu ahal izatea». Emaztekien presentzia arlo guztietan dagoela azaldu zuen, baina presentzia horren baldintzei erreparatzeko beharra azpimarratu: «Badugu beste oztopo bat, freno indartsua dena: emakumeak garela oraindik etxeko unibertsoa eta kanpoko mundua bateratu behar dugunak. Hori konpontzen ez den artean, edo bizkarra zamatuarekin jarraituko dugu eta ezingo diogu beti errendimendu maila berari eutsi, edo bestela produkziora sartzea denboraldi baterako kontua izango da».

Horrekin batera, boterean, eremu politikoan, enpresa munduan eta hezkuntza munduan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren zergatiak aztertu izan ditu Del Vallek. 2008an, erraterako, horri buruz mintzatu zen Ankulegi Antropologia Elkarteak EHUren laguntzaz antolatu zuen Antropologiaren XI. Kongresuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.