Teresa del Vallek euskal testuinguruan errotutako zenbait erritu aztertu zituen 1983. urtean. Garaiko gogoetetan, Del Vallek aipatzen zuen horrelako errituek bizitzako hainbat egoeraren arteko igarobidean lagundu nahi izaten dutela: haurtzarotik nerabezarora, nerabezarotik heldutasunera edo, heriotzari lotutako errituen kasuan, bizitza errealetik beste estadio batera pasatzen. Hain zuzen ere, heriotzaren kasuak bereganatu zuen antropologoaren arreta, eta hil berri denari, senideek zer egin behar duten aztertzeko parada hartu zuen. Bi betebehar nagusi azpimarratu zituen. Alde batetik, erritualaren gai praktikoak leudeke, hala nola hileta prestatzea; bestetik, hildakoaren ongizateari lotutako zereginak, komunitatea aurrez aurre jartzen dutenak haraindi bati buruzko sinesmenekin eta, batez ere, hil denaren ongizatea ziurtatzeko erronkarekin.
Teresa del Valleren heriotzak antzeko tesituran jartzen du euskal antropologia. Kasu honetan, kezka ez da hainbeste agurraren kontu praktikoekin, baizik eta haren ondarea mantentzearekin eta bere pentsamenduaren ongizatea ziurtatzeko ardurarekin. Hain zuzen ere, antropologia ulertzeko eta praktikatzeko modu berezi bati jarraipena emateko ardurarekin, zeregin horrek ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzearen sozializazioa biltzen dituelarik.
Hori guztia une historiko konplexu batean, Teresa del Vallek berak Franco hil ondoren Euskal Herrira itzuli zenean topatu zuena bezalaxe. Ameriketako Estatu Batuetan eta Mikronesian eman zituen urteak atzean utzi eta 1970eko hamarkadaren amaierako eferbeszentzia soziopolitikoan aktiboki parte hartzea erabaki zuen. Inplikazio honek adierazpen desberdinak izan zituen. Alde batetik, irakasle gisa, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) antropologiari bidea irekiz. Inge Mendiorozek (2021) zuzendu eta AFIT (UPV/EHU) antropologia feministako ikerketa taldeak ekoiztutako Pioneras/Aitzindariak (2021) dokumentalak bere testigantza hunkitua jasotzen du Zorroagako (Donostia) ikaslez betetako gelei buruz hitz egiten zuenean. Emozioa eta bizitasuna adierazten zituen urte haiek gogoratzean. Irakasle gisa erretratatzen duten jarrerak dira: berarentzat irakaskuntza lehentasuna zen unibertsitate lanen artean. Ikerketaren aurrean ere, grinatsu agertzen zen. Hain zuzen ere, Zorroagako gela haietan eta bere koordinaziopean talde bat sortuko zen ezagutza antropologikoa eta feminismoa elkarrizketan jarri zituena. Aliantza horren eta lan kolektiboaren emaitza da Mujer Vasca liburua. Imagen y realidad (1985), antropologian mugarria izan zena eta euskal antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen duguna. Aliantza beretik sortu zen UPV/EHUko Emakumearen Ikerketarako Mintegia (1981-1994), euskal testuinguruan ikerketa eta irakaskuntza feministaren ernamuina eta Teresa del Vallek berak zuzendua.
Mintegiaren buru, taldeen zuzendari edo ikerketa-proiektuetako kide gisa, Teresa del Valleren pentsamenduak eta lanak euskal antropologia berritzen lagundu zuten (horren berri ematen du Mujer Vasca. Imagen y realidad argitalpenak), konplexutasuna azaleratzen (Andamios para una ciudad liburuan egin zituen espazioaren analisiak diren bezala), dinamismoa bultzatzen (Korrika. Rituales de la lengua en el espacio etnografiak hizkuntzaz zuen ikuspegia islatzen duen moduan) eta oinarri feminista irmoki sustraitzen. Azken finean bere lana teoria feminista garaikideak sortutako kontzeptu nagusi batzuen inguruan artikulatukoa da. Berea da paradigma feminista mundu anglo-saxoian eztabaidatzen ari ziren auziak, gurean, mahai gainean jarri izanaren meritua. Horrek arrakala bat ireki zuen garaiko pentsamenduan.
Dena dela, akademikotik harago, Teresa del Vallek konpromiso zintzoa erakutsi zuen bere inguruarekin. Inplikazio hori hurbilenetik (Tolosa eta Asteasu herriekin zituen loturak nabarmenduz) euskal kultura osora zihoan. Horren erakusgarri da, tradizio, jai eta erritualekiko zuen zaletasuna; musikarekiko, artearekiko edota museoekiko lilura; arkitekturarekiko eta paisaiarekiko interesa. Konpromiso horren ondorioz, hainbat elkarte eta erakundetan parte hartu zuen (Eusko Ikaskuntza, Jakiunde). Bestalde, prentsan aritu zen, kolaboratzaile gisa, bere gogoetak partekatzen. Egin, Diario Vasco edo Andra bezalako egunkarietan aritu zen urteetan iritzi emaile gisa. Antropologiak eztabaida sozialei egin ahal dien ekarpenaren balioaz sinetsita zegoen. Uste zuen hedabideek bozgorailu gisa balio dutela, baita beste aldean dagoenarekin hitz egiteko, gonbidapena luzatzeko ere. Beti esaten zuen bereziki gozatzen zuela bere prentsa-artikuluei buruzko iruzkinak jasotzean egunean zehar gurutzatzen zituen pertsonengandik, adibidez, ogia erostera joaten zenean.
Ikusten denez, Teresa del Valleren ibilbidea zabala da, aberatsa, anitza. Dimentsio ezberdinetako proiekzioa zuena: hizlari gisa aritu zitekeen Euskal Herriko edozein herritan; gonbidatu gisa Espainiako unibertsitateetan, Europa mailako jardunaldietan edota Latinoamerikako ekitaldietan, bereziki Mexikon. Hori dela eta, aitorpen garrantzitsuak jaso zituen bere ibilbidean zehar, besteak beste, Emakundek 2010ean eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxak 2018an emandako sariak. Bazekien sari horiek balio handia zutela, baina antropologo gisa lekuekiko eta jendearekiko loturak, harremanak eta elkarrizketek asebetetzen zuten gehien. Horregatik, edozein topaketa elkartrukerako eta elkarrekikotasunerako une berezi bihurtzen zuen. Horren isla dira bere bizitzan zehar ehuntzen joan zen sare trinkoa, askotariko hariekin irazkitua. Bereziki pozten gaitu sare horren parte izateak, ikasle, lagun zein lankide moduan. Teresa del Vallek gutako askori lagundu digu, ez bakarrik praktika antropologikoan, baita bizitza egiten ere, berarentzat bereizezinak ziren zereginak. Horregatik, bere mentoretza desberdina zen. Alderdi akademikoari zegokion sostengua zen, baina alderdi pertsonala ere barne biltzen zuena. Harreman hori bizitzaren fase guztietan zehar, gureetan eta bereetan, luzatuz eta aldatuz joan zen, biziaro ezberdinei egokituz, azken momenturaino.
Martha Patricia Castañedak dio genealogia feministak kulturalki kokatutako elaborazioak direla, iraganaren berreskurapenera jotzen dutenak oraina aztertzeko eta etorkizuneko eraldaketa erradikalak seinalatzeko. Genealogiaren ikuspegi hori mugarri biografikoen edo meritu profesionalen erregistrotik harago doa, eta konfiguratzeko eta birkonfiguratzeko ariketa gisa planteatzen du. Hor sartzen dira begirada kritikoa, harremanak eta eraginak, ikaskuntzak eta akademiatik kanpoko mundua, eztabaidak, emozioak eta afektuak, borroka politikoak. Hori dela eta, Teresa del Valleri egindako agurrak hasiera eman behar dio euskal antropologia eta teoria feministaren genealogian berak izandako lekuaz hausnartzeari. Euskal antropologia feministaren aitzindaria izan zen, egun sendotuta hazten ari den kolektibo baten bidegile eta gidari.
Haren faltak umezurtz uzten gaitu, baina bere obra eta oroitzapena geratzen zaizkigu.