Koronabirusa

«Terapiarik gabe gaude»

Urritasunen baten ondorioz aparteko arta behar duten umeen familiak kexu dira. Itxialdiak eragotzi egin ditu haientzako zerbitzuak; premiazkotzat daukate lehenbailehen berriz hastea

Aspaceren ikastetxe bateko ikasgeletako bat, hutsik. BERRIA.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Erruz hitz egin da egunotan, konfinamendua arintzeko neurrien harira, ikasleek aurrez aurreko eskoletara itzultzeko izango dituzten aukerez. Ipar Euskal Herrian lehengo astean ireki zituzten eskolak, segurtasun neurri zorrotzekin. Hego Euskal Herrian asteon hasi dira irekitzen hainbat zentro, baina asmoa da aurrez aurreko eskolak ematea horren aldeko hautua egiten duten ikastetxeek, eta soilik ikasturte jakin batzuetako ikasleei. Nafarroan, adibidez, heldu den astetik Batxilergoko ikasleek joateko aukera izango dute. Jaurlaritzaren irizpidea izan da, berriz, Batxilergoko, DBHko 4. mailako eta LH Lanbide Heziketako ikasleek izatea eskolak zentroetan jasotzeko modua. Gainerako ikasleek ez dute izango hasteko erarik, eta, hori ikusita, ezinegona ozen azaldu dute egunotan behar bereziak dituzten haur eta gaztetxoak dituzten hainbat familiak; izan ere, aparteko zainketak eta terapiak jasotzeko modua izaten dute haur horiek usu eskola orduetan. Familientzat ere «arnasa» dira usu ordu horiek. Birusa hesitzeko neurriak indarrean jarri zirenetik, ordea, arta horietako asko gabe daude haur eta gaztetxo horiek, eta sendiak, arduratuta.

«Terapiarik gabe gaude», ohartarazi du Maialen Zabalbeaskoa Kochek; Lizarran (Nafarroa) bizi da, hiru ume ditu, eta handienak —6 urte ditu— mendekotasun handi bat du. Eguneroko martxan, hiru fisioterapia saio jasotzen ditu umeak ikastolan; beste bi, erietxe batean, osasun sistema publikoak horretarako modua emanda. Horiek guztiak gabe dago konfinamendua hasi zenetik. «Orain egiten du nik egiten diodana; nik ahal dudana». Saioen faltak umeari ondorio agerikoak utzi dizkiola adierazi du amak. «Mina du; egunero ibuprofenoa eman behar diot».

Arazoaren larriaren abisua ematen ari da Zabalbeaskoa administrazioan; Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduan eta Osasun Departamenduan, bietan eskatu du irtenbide bat, eta ez du ia deus ere jaso. Ailegatu zaizkion erantzun bakanetako batean ohartarazi diote, dituen patologien ondorioz, umeak birusarekin kutsatzeko «arrisku handia» duela eta ondorioak izan ditzakeela jasotzen zituen saioen lehengo martxara itzultzeak. Horien faltak ekartzen dizkion zailtasunak ere egunero ikusten ditu, ordea, amak, eta hortik itauna: «Ez dute konponbiderik jarriko?». Proposatu du, esaterako, fisioterapia saioak egitera etxera joatea; behar diren segurtasun neurriak hartuta. Baina ez du jaso horren aldeko erantzunik ere. Ez zaio buruan sartzen zergatik ez den lehenetsi gaia: «Behintzat, haurrak oinazerik ez izatea nahi dugu». Asaldatu egin du administrazioaren jarrerak: «Ez dute galdetu ere egiten».

Noiz arte

Ezinegona erakutsi duten gurasoen artean, Xabier Martin. 11 urteko haur baten aita da, eta mendekotasun handia du hark ere.«Ulertu eta onartu genuen itxialdia, eta horrek ekarri zuen etena guretzat ezinbestekoak diren zerbitzuetan. Itxialdiaren aurretik erabaki genuen etxean uztea, ikusita kutsatze maila handitzen ari zela. Ulertzen eta onartzen ez duguna da maiatz bukaeran erantzunik ez jasotzea Hezkuntza Sailetik, Aspace zentroa prest dagoelako zerbitzua ematen hasteko. Ez dago inor beste aldean; ez dago inor leihatilan. Hori da sentsaziorik okerrena». Aspacek Gipuzkoan duen ikastetxeetako batera joaten da normalean umea, eta, hain justu, plan bat onduta dago eskola hori berriro martxan jartzeko, baina oraindik ez du administrazioaren onespenik, eta horrek arranguratu ditu familia asko. «Gizartearen hainbat alor aktibatu dira jadanik, gero eta askatasun handiagoa daukagu, eta zaurgarrienak direnak azkenerako uztea erabaki dute, itxura batean. Ahul direlako zigortzen ari dira familia horiek; ezin dugu besterik pentsatu».

Kepa Goikoetxea Aspaceko Gipuzkoako ikastetxeetako zuzendaria da, eta zentroak berriz zabaltzeko eragozpena «administratiboa» dela onartu du. Izan ere, eskoletara haurrak bidaltzen dituzten familien herenek berriz itzultzen hasteko asmoa adierazia diete, eta, segurtasun neurriak aintzat hartuta, horretarako prest dute dena; ratioak berrikusi dituzte, eta gelak desinfektatuta daude. «Gure asmoa zen astelehen honetan bertan hastea». Jaurlaritzak ez du oraindik atera behar bereziak dituzten umeontzako zentrootako martxa berriz abian jartzeko protokoloa, ordea, eta horren zain daude: hasi ezinik. «Kontu administratibo batengatik hasi ezina, hori da etsigarria», adierazi du. Eta ulertzen du familien ezinegona. «Izan ere, familiek egiten dute ahal dutena, baina ume hauek arreta eta zaintza espezifikoak behar dituzte». Horixe aldarrikatzen du Martinek ere: «Gure haurrak esku profesionalak behar ditu; ezin dugu aitona-amonen laguntzarik jaso. Jakin egin behar da umea kudeatzen, leku batetik bestera eramaten, otorduak ematen eta abar, eta abar. Aspacen fisioterapia jasotzen du, logopedia eta oinarrizko diren beste laguntza batzuk. Bere egoerak okerrera ez egiteko, behar-beharrezkoak ditu zainketa horiek. Baina hemen gaude, Hezkuntza Sailaren erantzunik gabe».

Erantzunen bat

Espektro autistako sindromeren bat duten haur eta gazteen heziketaz arduratzen da Ane Bermejo, Gautenan. Ikastetxe berezirik ez dute elkarte horretan; ikasle guztiak ari dira hezkuntza sare orokorreko zentroetan, eta, eskoletako profesionalek era telematikoan ikasleekiko loturari eusteko ahalegin handiak egin arren, itzuli ezinak kezka sortu duela onartu du. «Beharrak handiak dira, eta hutsunea sortu da, eta ezin erantzuna». Segurtasun neurriak tarteko, badakite oso zaila dela haurrak eskolako lehengo martxara itzultzea, baina inolako konponbiderik ez ematea ez dute ulertzen: «Nolabaiteko erantzuna eman beharko litzateke». Gainerakoan, sendi asko eta asko ezin iritsi ari direla abisatu du. «Familiak egiten ari diren esfortzua ikaragarria da; gure ardura da, eta erantzun egin behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.