Maria Angeles Alvarez (Psikologoa)

"Terapiari esker, ahalduntzeko aukera dute tratu txarren biktimek"

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2014ko maiatzaren 9a
08:24
Entzun

Tratu txarrak jasandako emakumeei arreta terapeutikoa eskaintzen die Maria Angeles Alvarez psikologoak (Donostia, 1957). Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko elkargokidea da, eta elkarte horren mintegian hitzaldia eman zuen astelehenean.

Zergatik antolatu duzue mintegia?

Ezinbestekoa delako arreta eskaintzea indarkeria matxista jasan dutenei. Pairatzen duten emakumeek behar bezalako arreta jasotzeko, beharrezkoa da psikologo talde on bat txukun formatuta egotea ere. Guri dagokigu genero indarkeriaren ondorio psikologikoak identifikatzea, horiek baitira ikusten zailenak.

Zer da txukun formatuta egotea?

Oinarrizkoena genero ikuspegiarekin lan egitea da; garrantzitsua da tratu txarrak jasan dituztenei laguntzeko zein modelo teoriko baliatu behar ditugun jakitea. Gaitasun kritikoa izatea ere beharrezkoa da, ikasi ditugun eredu tradizionalekiko kritiko izatea.

Astelehenean, ebaluazioaz eta balioztatze tresnez aritu zinen.

Bai, gaixotasunak nola ebaluatu behar ditugun landu nuen, indarkeria matxista jasan duten emakumeek zein sintoma izaten dituzten azalduz. Izan ere, analisi bat egin behar izaten da diagnosi eta tratamendu terapeutikorako proposamen txostena egiteko; horretarako, ongi ezagutu behar ditugu biktimengan ager daitezkeen adierazleak. Beraz, garrantzitsua da genero indarkeria jasaten duten emakumeen adierazleak —fisikoak, psikikoak, sexualak...— ebaluatzen jakitea. Hori eginda, portaeraren zein emozioen analisia egiten dugu. Adierazle horiei erreparatzeaz gain, indarkeriaren larritasuna neurtzea ere beharrezkoa da.

Tratu txarrak jasan dituztenek zuzenean jotzen dute zuengana?

Ez, bideratu egiten dituzte. Aldundian gaia lantzeko batzorde bat dago, eta hara udalerrietatik iristen dira indarkeria matxistaren kasuak. Herri bakoitzeko gizarte langilea arduratzen da kasuak batzorde horretara helarazteaz, han lantzen dituzte, eta guri bideratzen dizkigute, biktimei tratamendu terapeutikoa eskain diezaiegun. Egiten dugun lehen gauza biktimaren egoera aztertzea eta baloratzea izaten da.

Zein portaera izaten dute terapian?

Jarrera kolaboratzailea izaten dute normalean. Tratu txarren pertzepzioaren aurkako lanari ekitean, pazienteentzat ere egoera interesgarria sortzen da. Terapiari esker ahalduntzeko parada izaten baitute.

Instituzioen aldetik, salaketarako bideak badaude. Nahikoak dira?

Egia esan, biktimentzako hainbat bide daude irekita, eta guztiak elkarren osagarriak direla uste dut. Nahikoak diren? Ez dakit zer esan. Zoritxarrez, irauten duen arazo bat da. Arreta ematen diegu genero indarkeria jasan duten eta jasaten duten emakumeei; beraz, nahikoa al da? Ba bai, iritsitako kasu guztiak tratatzen ditugu. Edonola ere, prebentzio lana oso beharrezkoa dela uste dut. Baina guk behin gertatu eta gero heltzen diogu arazoari, eta une horretan egin beharrekoa egiten dugula uste dut.

Indarkeriaren testuinguru teorikoaz hasi duzue mintegia. Horrek iradokitzen du prebentzio beharra?

Bai, nik uste dut lana berez eremu horretan egin behar dela. Eskoletatik hasi behar da, oso adin txikiko haurrekin landu behar da gaia. Familiak ere garrantzi handia du; pertsona bakoitzak harreman parekideen esperientziatik ikasteko aukera duen lehen eremua familia baita. Horren arabera ikasten dugu guztiok emakume edo gizon nola izan behar dugun.

Tratu txarren biktima direnen soslai orokorraz hitz egin daiteke?

Ez, ezinezkoa da. Ezinezkoa da biktimen profila zehaztea, eta ezinezkoa da tratu txarren emailearena zehaztea ere. Emakume batek indarkeria jasateko dagoen arrazoirik arriskutsuena emakume izatea bera da; eta gizon batek indarkeriaz jokatzeko dagoena, berriz, gizona izatea bera. Baina horren atzetik arazo potoloago bat dago: sistema patriarkala bera, gizartea antolatzeko ereduak, genero femeninoari eta maskulinoari atxikitako ezaugarriak... horiek guztiek eragiten dute indarkeria gertatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.