SOSLAIA. Amalur Alvarez

Teoria eta praktika

GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Amalur Alvarez Ortiz (Donostia, 1988) erabakitzeko eskubideari buruzko teoria eta praktika uztartzen ari da. Praktika, herri dinamikaren hastapenetatik ari delako Gure Esku Dago-n, plataformak berak jakinarazi zuenez: «Konpromisoaren haritik tiraka, zuzendaritzara iritsi dira, eta bozeramaileen lekukoa hartuko dute igandean, sei urteren ondoren, Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasen eskuetatik». Erabaki eskubidearen aldeko Gazteak Together taldeko kide ere bada; «Gure ondorengoek ez dezatela esan gazteok fase historiko hau pasatzen utzi genuenik. Euskal Herriaren historiako azken hamarkaden orrialderik oparoenak herrigintzak idatzi ditu», idatzi zuen iazko urtarrilean.

Alor teorikoari dagokionez, zientzia juridiko eta politikoen arloko ikerlaria da Alvarez; bukatzear du erabakitzeko eskubideari buruzko doktorego tesia, eta nazioarteko adibide batzuk aztertu ditu bertan. Harentzat, Eskoziakoa da lurralde gatazka bat bideratzeko eredurik egokiena, BERRIAk iazko azaroan eginiko elkarrizketa batean azaldu zuenez: «Eskoziaren aitortzatik» abiatu zen erreferendumaren negoziazio prozesua, eta «bi gobernuek aldebiko hitzarmen bat sinatu zuten». Ez da izan Espainiak jarraitutako bidea, eta uste du hori porrot bat dela estatuarentzat berarentzat: «Horrelako prozesuak blokeatzeak kalitate demokratikoa jaisten du, eta estatua bera galtzaile ateratzen da».

Alvarez Euskal Herriko Unibertsitatean ari da ikerketa lana egiten, baina azken hilabeteetan buru-belarri aritu da Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresuan ere, gobernantza demokratikoaren atalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.