Tentuz eta elkar zainduz aritzeko deia

Tamara Muruetagoienak ohartarazi du estatuaren biktimak «modan» daudela baina beraien eskubideak ez dituztela ezagutzen. Erreparaziorik ez dagoela dio: «Niri inork ez dit itzuliko aita».

Bixente Ibarguren, Elixabete Hormaza eta Tamara Muruetagoiena, atzo, Oiartzunen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Oiartzun
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oraintsu arte ez ziren existitzen. Ez ziren biktimen zerrenda ofizialetan agertzen, eta apenas egiten zieten aipamenik instituzioetan. Estatuaren biktimak dira. Heriotza naturalak edo istripuak izan dira kasu horien bertsio ofiziala gehienetan, eta «ezkutatu» egiten dira. Orain «modan» daude, Esteban Muruetagoiena zenaren alaba Tamara Muruetagoienak dioenez, eta horregatik elkar zainduz eta kontuz ibili behar dutela uste du.

«Ez ditugu ezagutzen gure eskubideak, eta ez dakigu zer egin dezakegun». Muruetagoienari garrantzitsua iruditzen zaio elkartzea, elkar babestea eta kontuz ibiltzea. «Ona» iruditzen zaio erakundeak eta alderdi politikoak estatuaren biktimekin gogoratzea, eta haien ezagutza izatea eta erreparazioa eman nahi izatea. Izan ere, horrek egia jakiten eta azaleratzen lagunduko duela uste du, baina beldur pixka bat ematen diola ere onartu du. «Beldur moduko bat ematen dit estatuen aldetik zerbait jasotzeak; ez ote gaituzten isilarazi nahi pentsatzen dut».

Gainera, haren ustez, ez daerreparaziorik existitzen: «Erreparazio bakarra nire aita itzultzea litzateke, eta hori ez da gertatuko». Oiartzunen egin zituen hitzok, haren aitaren izena duen II. foroko aurreneko mahai inguruan. Zortzi urte zituen aita hil zenean, eta ez du oroitzapen askorik. Baina ez du halakorik gehiago gertatzerik nahi, eta horretarako lan egiteko konpromisoa du, eta horixe eskatu die herritarrei ere. Esker ona azaldu du urte hauetan guztietan jaso duen herritarren laguntzarengatik.

Duela 30 urte hil zen Esteban Muruetagoiena. Bederatzi egun inkomunikatuta egon ostean hil zen. Bertsio ofizialak dio bihotzekoak jota hil zela, baina inkomunikazio alditik atera ostean bera ikusi zutenek ez daukate dudarik: torturaren ondorioz hil zen. «Txikituta» eta «erabat galduta» atera zen handik. Gainera, hilotzari ez zioten behar bezalako autopsiarik egin; ez zioten bihotza ere ireki. Autopsia behar bezala egin ez arren, nabarmenak ziren torturaren zantzuak.

Elixabete Hormaza ere izan zen mahai inguruan. Muruetagoiena eta biak bananduta zeuden hura hil zenean, baina bera ere atxilotu egin zuten egun haietan. Etengabe entzuten zituen garrasiak.

Txema Montero eta Alvaro Reizabal abokatuek eta Bixente Ibargurenek ere, zeina Muruetagoienarekin batera atxilotu zuten,hitz egin zuten. Muruetagoiena inkomunikaziotik «erabat galduta» atera zela nabarmendu zuten. «Jipoituta eta txikituta» egoteaz gain, psikologikoki erabat galduta. Handik bi egunera hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.