Anbulantzietako osasun larrialdietako teknikaria

Jagoba Udaeta: «Tentsio handiz lan egiten dugu»

Udaetak hamazazpi urte daramatza Gasteizko anbulantzietako osasun larrialdietako teknikari gisa lanean, eta kezkagarria iruditzen zaio zerbitzu hori «etengabe aldatzen» aritzea. Salatu du La Paurekin «marra gorri guztiak» gainditu direla.

ENDIKA PORTILLO/ FOKU
ENDIKA PORTILLO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko abenduaren 8a
05:00
Entzun

«Osasun Sailak abandonatu egin gaitu». Etsirik mintzo da Jagoba Udaeta anbulantzietako langilea (Santurtzi, Bizkaia, 1979) zerbitzu horrek azken urteetan hartu duen bide «kezkagarriari» buruz. Duela hamazazpi urte hasi zen anbulantzietako osasun larrialdietako teknikari gisa beharrean Gasteizen, eta kontatu du bereziki «gogorrak» izan direla La Pau enpresaren kudeaketapean lan egindako azken lau urteak; baina, oro har, betidanik izan direla latzak zerbitzu horretan azpikontratatutako enpresek ezarritako baldintzekin lan egitea. La Pau baino lehenago, Larrialdiak enpresa aritu baitzen zerbitzua ematen, eta hark ere «egun batetik bestera» alde egin baitzuen, langileei batez beste 5.000 euroko zorra utzita. Beraz, orain bizitzen ari denak badu «déjà-vu» puntu bat, aitortu duenez.

Eta horregatik sumatzen zaio halako neke edo akidura bat anbulantzietako lanaz galdetuta azalpenak ematen hasi denean. «Etengabeko aldaketa prozesu batean murgilduta bizi gara», azaldu du. La Pau enpresak anbulantzietako zerbitzuarekin zuen kontratua eten eta Araban Ambulancias Gipuzkoak erreleboa hartu duen egunean bertan —Araba Anbulantziak markarekin arituko da— hitz egin du BERRIAk Udaetarekin, ESK-ren Gasteizko bulegoan, sindikatu horretako delegatua baita.

La Paurekin izandako esperientziaz jardun duenean, «kudeaketa txarra», «antolaketa eskasa», «koordinaziorik eza» eta «gardentasunik eza» bezalakoak bota ditu, arrapaladan, eta azaldu du lan baldintza kaskar horiek denek «ondoez fisiko eta emozional handia» eragin dizkiotela. Kontatu duenez, langileek sarritan jasan dituzte enpresaren «presioak» eta «mehatxuak» euren eskubideen alde egiteagatik, eta, anbulantziei egin izan zizkieten eraso batzuk aitzakiatzat hartuta, «kriminalizazio kanpaina handi bat» pairatu behar izan dute.

«Enpresaren nagusikeriak lan giroa kamustu du, eta oso zaila izango da berriro ere gure arteko konfiantza giro bat jostea»

Udaetaren esanetan, anbulantzietako lankide asko gaixotu egin dira egoerak gaindituta egon direlako. «Tentsio handiz lan egiten dugu». Aurretik ere, beste enpresa batzuen ardurapean lan egiten zutenean, egin izan dituzte grebak eta mobilizazioak, baina La Paurekin marra gorri guztiak gainditu zirela uste du, enpresaren jarrera «oso oldarkorra» izan delako. Enpresaren «nagusikeriak» lan giroa kamustu duela uste du, eta zail ikusten du egoera bideratzea: «Oso zaila izango da berriro ere gure arteko konfiantza giro bat jostea».

Mantentze lana, eskas

Eguneroko lanari dagokionez, larrialdietako zerbitzu baten gutxieneko baldintzak ez direla bermatu salatu du Udaetak, eta enpresa bera eta Osasun Saila egin ditu horren erantzule; «utzikeriaz» aritzea egotzi die biei ala biei. Hala, ibilgailuen mantentze lanetan eta oinarrizko ekipamenduetan gabezia handiak izan dituztela kontatu du: besteak beste, anbulantzietan ondo lotzen ez diren gerrikoak, denbora luzez botika batzuk falta izatea, eta gurpilak aldiro lehertzea.

Hori nahikoa ez, eta enpresak zerbitzua ematen jarraitu du aparteko onurak ekartzen dizkioten beste kontratu batzuetan, hala nola Bilboko jaietan, edota San Mames eta Mendizorrotzan futbol partidak izan direnean. «Onartezina izan da herritarren osasun arta albo batera uztea negozio pribatuen mesedetan».

La Paurekin kontratua etenda, hasi berri den etapari «zuhur» heldu dio, baina «ilusio» apur bat ere baduela aitortu du, batez ere «burua lasaitzeko» beharra duelako: «Hamazazpi urteren ostean, behingoz lan baldintza onetan egiteko esperantza dut. Nire lana maite dut, eta ez dut nahi inork ilusio hori zapuzterik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.