AZTIk ondorioztatu du tenperaturen igoerek Europako itsas ekosistema aldatu dutela

Ikerketa zentroak zuzendutako azterketa batek ohartarazi du ur beroetako espezieak ugaritu egin direla, eta ur hotzetakoak, aldiz, murriztu. Espezieak babesteko funtsezkotzat jo dute «kontserbazio neurriak» ezartzea.

Arraina
Muxumartin arraina. [email protected]
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko martxoaren 13a
13:30
Entzun

Tenperaturen etengabeko igoerek eragina izan dute Europako itsasoetako eta ozeanoetako biodibertsitatean. Hala ondorioztatu du AZTI ikerketa zentroak zuzendutako nazioarteko ikerketa batek. Ohartarazi dutenez, Ozeano Atlantikoan ur beroagoetako espezieak areagotu egin dira; Mediterraneoan eta Baltiko itsasoan, berriz, ur hotzetako organismoak nabarmen gutxitu dira.

Berotze globalak eta klima aldaketak ekosistemetan duten eragina aztertzea izan du helburu ikerketak. 39 adituk hartu dute parte, eta Nature Communications aldizkarian argitaratu dute. Ipar-ekialdeko Atlantikoko, Mediterraneoko eta Baltiko itsasoko 1.817 espezieren datuak bildu dituzte. Espezie horiek bi fenomeno ekologikoren bidez erantzun diote ozeanoaren berotzeari: tropikalizazioaren eta desborealizazioaren bidez.

Ur beroko espezieen areagotzea da tropikalizazioa; Atlantikoan nagusitu da hori. Desborealizazioa, ordea, ur hotzetako espezieak murrizteko prozesua da. «Bereziki nabarmena da erdi itxitako arroetan, hala nola Mediterraneoan eta Baltikoan, zeinek, gainera, itsasoa berotzeko tasarik azkarrenak jasaten dituzte», zehaztu du Guillem Chust AZTIko ikertzaile nagusiak. Egoera horrek agerian uzten du bi itsasoetako arroen zaurgarritasuna. AZTIren arabera, oztopo fisikoek konektibitatea mugatzen dute, eta horrek eragozten du ur hotzetako espezieak «habitat egokietara» migratzea, «berotzera» egokitzeko.

Halaber, bi joerek ingurune irekietako espezieak sakabanatzeko bidea ematen dute, eta kolonizatzeko erraztasunak eragiten, nahiz eta «itsaso erdi itxietan» ere inbasioak egon. Besteak beste, Indo-Pazifikoko ur beroetako espezieak ugaritu dira Mediterraneoaren ekialdean. «Suezko kanaletik heldu eta espezie autoktonoekin lehian, sare trofikoak eta itsas ekosistemak aldatu dituzte», gehitu du Chustek.

Sardina eta bakailaoa, behera

Itsas ekosistemaren aldaketak «ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak» ekar ditzake, AZTIren arabera. Izan ere, Mediterraneoko sardina europarra eta Baltikoko bakailaoa dira gutxitu diren espezieetako bi. Horiek, zentroaren arabera, «baliabide ekologikoa eta komertzial garrantzitsuak» dira. Chustek nabarmendu duenez, «tenperatura igotzeak kolapsoak eragin ditzake populazio batzuetan, edota funtzionalak diren bertako espezieak desagerrarazi ditzake». Horrek eragina izan dezake «horren menpe dauden arrantza tokietan», baita «tokiko ekonomietan» ere.

Arrainek eta beste organismo batzuek ere zailtasunak izan ditzakete elikagaiak eskuratzeko. Esate baterako, koraligenoa eta zooplanktona tenperaturen igoeren menpe daude, eta horrek eragina du biodibertsitatean eta habitataren egituran.

Egoerari aurre egiteko, AZTIk funtsezkotzat jo du datu zientifikoetan oinarritutako kudeaketa eta erregulazio eraginkorra egitea. Harrapaketa kuotak eta harrapaketa esfortzuak egokitzearen beharra azpimarratu du, eta espezie eta ekosistema ahulak babesteko «kontserbazio neurriak» ere ezartzea. Are, arrantzari dagokionez, uste du arrantza tokiak eta denboraldiak egokitu beharko direla, eta ugariagoak izan daitezkeen espezie berrietarantz dibertsifikatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.