Zientzia

Tenperatura eta ukimena atzemateko sentsoreen aurkitzaileentzat, Medikuntzako Nobel saria

«Mundu fisikoa sentsazio somatikoen bidez» nola sentitzen den ulertzen lagundu dutelako emango diete saria David Julius eta Ardem Patapoutian ikertzaileei.

arantxa iraola
2021eko urriaren 4a
12:20
Entzun

2021. urteko Medikuntzako Nobel sariaren berri emateko asmoz gaur argitaratu duten oharrean nabarmendu dutenez, «milurteko» askotan galdera askoren sorburua izan da ea «mundu fisikoa sentsazio somatikoen bidez» nola sentitzen den, eta, hain zuzen, bide horretan egin dituzten aurkikuntzengatik jasoko dute saria David Juliusek eta Ardem Patapoutian ikertzaileek. Haien ikerketak giltzarri izan dira estimulu horiek nerbio sistemara nola heltzen diren eta han inpultso elektriko nola bihurtzen diren argitzeko. Ondorioz, oinazea ulertzen ere lagundu dute, eta haren kontra egiteko erak lantzen.
Sariaren berri emateko gogora ekarri dute XX. mendearen lehen erdialdean egin zirela hainbat aurkikuntza garrantzitsu: «Argi geratu zen tenperaturak eta presioak eragina dutela azaleko hainbat nerbiotan». Argitzeko «misterioak» bazeuden, ordea, eta horiek argitzeko asmoz bi ikertzaileek egindako lana nabarmendu dute. Ohi denez, Karolinska Institutuaren Nobel Batzarrak eman ditu sariaren aldeko argudioak. «Bien aurkikuntzek era eman digute ulertzeko beroak, hotzak edo indar mekanikoak bulkada nerbiosoak nola has ditzaketen, gu gure inguruko mundura egokitzeko», azaldu dute oharrean. «Izadiaren sekretuetako bat argitu dute», nabarmendu du sariaren berri emateko agerraldian Nobel Batzordeko ordezkari Thomas Perlmannek: «Berebiziko garrantzia du bizirik irauteko». Bi zientzialariek egindako aurkikuntzak, giza organismoak inguruarekiko nola erantzuten duen ulertzeko «katebegi galduak»zirela esplikatu dute.
AEBetan ari dira
Bi ikertzaileak AEB Ameriketako Estatu Batuetan ari dira, baina Patapoutiak Libanon du jatorria. Julius 1955an jaio zen, New Yorken. Californiako Unibertsitatean dihardu; zapore oso minak erabiliz egindako ikerkuntzen bitartez, zentzumenak atzemateko ezinbestekoak diren sentsoreak atzeman ditu. Scripps Ikerketa Institutuan ari da Patapoutian. 1967an jaio zen, Beiruten. Indar mekanikoaren eragina atzematen duten sentsoreei erreparatu ahal izan die berak, bere ikerketen bitartez.
Medikuntzakoa lehen Nobel saria izan ohi da. Bihar Fisikako Nobel saria norentzat den esango dute, etzi, Kimikakoa. Atzetik Literaturakoa, Bakearena eta Ekonomiakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.