Koldo Tellitu Mejiak agur esan dio gaur Ikastolen Elkartean lehendakari gisa egindako bideari. Tellitu Barakaldon (Bizkaia) jaio zen, 1966ko uztailaren 9an. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta abokatua da ofizioz. Are, LAB sindikatuan zeregin horietan aritu zen lanean hainbat urtetan. Duela 25 urte, ordea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarentzat hasi zen lanean, eta, ordutik, ibilbide luze eta oparoa egin du Ikastolen Elkartean. Ikastolen aurpegia izan da, atzo lehendakaritza utzi zuen arte.
1998. urtean hasi zuen ibilbidea ikastolen munduan. Urte horretan, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko kide bihurtu zen, eta hainbat ardura izan zituen lau urtez. 2022. urteko ekainean, Partaideko kide bihurtu zen. Partaidek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastolen federazioak biltzen ditu, eta ikastolek Eusko Jaurlaritzarekin dituzten harremanak kudeatzea da haren funtzioa. Kide izateaz gain, lehendakari ere izendatu zuten.
Partaide gidatzen lau urte pasatu eta gero, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari izendatu zuten, 2006ko azaroan. Lau urteko ibilbidea baino ez zuen konfederazioak —Euskal Herriko Ikastolen Elkartea konfederazio bihurtu zen 2002an, Seaska juridikoki ere bere baitan hartu ahal izateko—. Tellituren lana izan zen konfederazioaren egitura birpentsatu eta antolatzea. Horren fruitua izan zen konfederazioa Ikastolen Elkartea bihurtzea. Tellitu izan da Ikastolen Elkarteko lehendakaria, 2009ko ekainaren 13tik.
Tellituk gaurko Ikastolen Batzar Nagusian esan dio agur lehendakaritzari
Ikastolen Elkartean egin ditu hamalau urte lehendakari gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu