Ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egingo dituzte Frantziako Asanblearako hauteskundeak, eta Ipar Euskal Herrian hasi dira alderdi politikoak hautagaiak aurkezten. EAJren Ipar Euskal Herriko lurralde batzarrak bart erabaki du zein hautagai aurkeztuko dituen hauteskundeetara. Iparraldeko hiru barrutietako hautagai nagusiak hauek dira: Jean Telletxea Urruñako (Lapurdi) hautetsia, Jean Marie Erramuzpe Baionako lantegiburua eta Villenaveko (Landak, Okzitania) alkate ohia, eta Graxiana Mirande Bec, ingurumenean eta deskarbonizazioan aditua.
Igandean egindako Europako Parlamenturako hauteskundeetan, emaitza kaskarrak izan zituzten Emmanuel Macron Frantziako presidentea babesten duten alderdiek, eta Frantziako Asanblea desegitea erabaki zuen Macronek. Ekainaren 30ean egingo dute bozen lehen itzulia, eta uztailaren 7an bigarrena. Ipar Euskal Herria hiru barrutitan egongo da bereizita hauteskundeetan, eta bakoitzean bi hautagai aurkeztuko dituzte alderdi politikoek. Seigarren hautesbarrutian —Lapurdi hegoaldea—, EAJk Telletxea aurkeztu du zerrendaburu, eta Mathieu Kayser Miarritzeko alkateordea bigarren. Europako Parlamenturako hauteskundeetara ere aurkeztu zen Telletxea. Ipar Euskal Herriko EAJk Ekologia Positiboa eta Lurraldeak zerrendan parte hartu zuen bozetan, eta Telletxea bederatzigarren lekuan joan zen Yann Wehrling Frantziako Ile de France eskualdeko presidentea buru izan zuen zerrendan.
Bosgarren barrutian —Lapurdi iparraldea—, berriz, Erramuzpe izango da lehen hautagaia Frantziako Asanblearako bozetan, eta haren atzetik aurkeztuko dute Sophie Voisin Baionako hautetsia. Laugarren hautesbarrutian —Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko zati bat hartzen ditu— jeltzaleek aurkeztuko dituzten bi hautagaiak Mirande Bec eta Jean Laurent Cabillon hidroelektrizitate ekoizlea izango dira.
Horrez gain, Vincent Bru diputatuak herenegun jakinarazi zuen ez dela hauteskundeetara aurkeztuko. Modem alderdiko kidea da; Macronen gobernuaren sostengu gisa aurkeztu zen. Maria François Etxebarria Rennaissance alderdiko Ipar Euskal Herriko presidentea da Bruren ordezkoa gaur egun. Hautagai izateko hautagai dela adierazi dio BERRIAri, baina adierazi du seguruenik Modemen esku geldituko direla Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutiak. Izan ere, Rennaissance eta Modem alderdiak batera aurkeztuko dira, eta berandu baino lehen aurkeztuko dituzte hautagaiak. Parisen erabakiko dute hautesbarruti bakoitza nori dagokion.
Ezkerreko frontea
Frantziako ezkerreko sei alderdik —PCF Frantziako Alderdi Komunistak, EELV Europa Ekologia-Berdeak, PS Alderdi Sozialistak, LFI Frantzia Intsumisoak, Plaza Publikoak, Generations eta GRS alderdiek— ezkerreko fronte bat osatzea erabaki dute hauteskundeetara aurkezteko, eta oraindik ez dute Ipar Euskal Herrian aurkeztuko dituzten hautagaien berri eman. Oraindik ez dute akordioa finkatu, baina hautagaitza bateratuak babestuko dituztela iragarri dute. EH Baik herenegun jakinarazi zuenez, prest da ezkerreko fronte horretan parte hartzeko. «Ezkerreko indar guziak batzen dituen fronte herrikoiaren osaketa txalotzen dugu. Ipar Euskal Herriko ezkerreko lehen indar gisa, EH Bai prest da Euskal Herrian desmartxa historiko honetan parte hartzeko», adierazi zuen alderdiak herenegun, sare sozialen bidez. Dena den, erabaki irmoaren berri ez dute eman oraindik. Gaur arratsean egingo du biltzar nagusia EH Baik.
Errepublikanoak alderdiak ere jakinarazi du Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztuko dituela hautagaiak. Biarnorekin banatuta dagoen laugarren hautesbarrutian, Beñat Cachenault Iholdiko (Nafarroa Beherea) auzapeza izango da hautagai; bosgarren hautesbarrutian, Serge Arcouet Baionako hautetsia, eta MEDEF sindikatuko buru ohia; eta seigarren hautesbarrutian, Emmanuelle Brisson.