Telebista ikusten bazkaltzen du lau haurretik batek EAEn

Eroski fundazioak 8 eta 12 urte arteko hainbat umeri galdetu die beren elikadura ohiturei buruz. Ohartarazi dute «gero eta zailagoa» dela haurrek pantaila baten aurrean pasatzen duten denbora mugatzea.

Etxeko elikadura ohiturei buruz ikasleei egindako inkestaren emaitzen aurkezpena. JON URBE / FOKU
Etxeko elikadura ohiturei buruz ikasleei egindako inkestaren emaitzen aurkezpena. JON URBE / FOKU
Erredakzioa
2024ko azaroaren 21a
17:30
Entzun

Eroski fundazioak eta Elikadura Eskolak 8 eta 12 urte arteko hainbat umeri beren elikadura ohiturei buruz galdetu die; tartean dira Hego Euskal Herriko haurrak ere. Gaur aurkeztu dituzte inkestaren emaitzak, Donostiako Kursaalean egin duten gosari informatibo batean. Nabarmentzekoa da EAEko lau haurretik batek telebista ikusten duela bazkaltzen ari denean. Katalunian, esaterako, lautik hiru dira. Alejandro Martinez Berriotxoa Eroski fundazioko eta Elikadura Eskolako zuzendariak ohartarazi du «gero eta zailagoa» dela haurrek pantaila baten aurrean pasatzen duten denbora mugatzea. Hori kaltegarria da: otorduen iraupenak, konpainiak eta jan bitartean egiten diren jarduerek eragin erabakigarria dute elikadura ohituretan, ohartarazi duenez.

Denetariko datuak eman dituzte aditzera. Esaterako, Hego Euskal Herriko haur gehienen esanetan, haien iritzia kontuan hartzen dute gurasoek erosketa zerrenda egiten dutenean. Are, haurren %45ek beti laguntzen diete gurasoei erosketak egiten, inkestatutako umeen arabera. «Guk hori aukera gisa interpretatzen dugu, janariarekin harreman osasungarria izateko, erosi behar denaren plangintza egokia egitea garrantzitsua delako eta erosketa arduratsua egiteko nola erosten den ikasi behar delako», esan du Martinezek. Gainera, EAEko haurren %76k eta Nafarroako %86k diote kozinatzen «laguntzen» dutela; «batzuetan, behintzat».

Askariari buruz ere galdetu diete, zehazki. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia haur guztiek «maiz» askaltzen dute, eta horietatik %44k eskolan askaltzen dute. «Ohitura hori positiboa da. Izan ere, edozein otordu bakarrik egitea okerragoa da norbaitekin egitea baino; norberak bere denbora galtzeko joera duelako eskura duen edozerekin, besteak beste, mugikorrarekin edo telebistarekin», azaldu du Martinezek.

Elikadura eta emozioak ere lotuta egon ohi dira maiz. Ildo horretatik, EAEko gurasoen %37k gustuko dituzten jakiekin saritzen dituzte seme-alabak, zintzo jardun badira edo etxeko lanak egin badituzte. «Hori ez da ona, janaria elikadura osasungarriarekin zerikusirik ez duen zerbaitekin lotzen dutelako», azaldu du Martinezek.

Datorren urtean beste inkesta bat egingo du Eroski fundazioak. Izan ere, elikadura hezkuntza sustatzeko duen konpromisoa berretsi du: «Gure ekimenarekin jarraituko dugu, elikadura osasuntsua bultzatzeko bitartekoak jarriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.