Balio al dute benetan telebistako eztabaidek zalantzatiak konbentzitzeko? Pedagogia politikoa egiten al dute, ala ikuskizun huts bihurtzeak politikaren okerrena baizik ez du adierazten? Galdera erretoriko horiei erantzun zien Navarra TV telebista kateko herenegun gaueko eztabaidak. Bi ordu pasako saioan, hautagai bakoitzaren proiektuen proposamen nagusiak entzun ziren, baina aldi berean ika-mikaren adibide izan zen emankizuna, batik bat eskuineko alderdien aldetik. PPko Javier Garciak eta UPNko Javier Esparzak etengabe eten zieten hitza gainerako alderdietako bozeramaileei, lokatzetan euren iritzia nagusituko delakoan. Azken batean, telebista ez da parlamentua, ez.
Ikusgarritasuna eman nahirik, agertoki sofistikatua eta argiztatua atondu zuen telebistak. Hautagaiek ere irudiaren garrantzia nabarmendu nahi izan zuten. Eskuineko hiru hautagaiak gizonezkoak eta trajedunak ziren: Esparzak eta Garciak gorbata ilunak zeramatzaten; eta inkesta guztiek parlamentutik at uzten duten Ciudadanoseko Carlos Perez Nievasek, berriz, ez zuen gorbatarik.
Gainerako alderdietako hautagaiak emakumeak dira, eta denek jaka zeramaten; harrigarriki, bakoitzak kolore batekoa: PSNko Maria Txibitek, morea; Geroa Baiko Uxue Barkosek, arrosa; EH Bilduko Laura Aznalek, beixa; eta Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok, gorria. Nahita edo nahi gabe, kolore aniztasuna islatu zuten.
Hasierak markatu zuen dena. Telebista kateak lau ataletan banatu zuen eztabaida. Sail bakoitzeko ordena zozketa bidez erabaki zen, eta hautagai bakoitzari hiru minutuko tartea eman zitzaion gehienez. Alta, lehen itzulia amaitutakoan, joko araua bat-batean aldatu zuen Roberto Camara Navarra TV-eko zuzendariak: «Ez nuke nahi denok hain estu ibiltzea. Nahiago nuke batak besteari hitza kentzea, eta, denbora galtzeko beldur izan zaitezketenez, formularik egokiena izan daiteke eztabaidatzen hasiz gero erlojua gelditzea».
Hortik aurrera, oparia baliatu zuen Esparzak, arerioen azalpenei beti bere argudioak txertatuz. Haren ahotsak eztabaida bereganatu zuen. Adibidez, alor ekonomikoan, Alfaro azaltzen ari zen zerga bilketa batik bat langileen bizkar jartzen dela. Esparzak eten egin zion, esateko egungo Nafarroako Gobernuak inflazioari esker diru gehiago bildu duela eta gero ez duela herritarren artean zerbitzu publikoen kalitatea hobetu. Zergak jaitsiko zituela esan zuen jarraian, eta, etenaldia amaituta, Alfarok hitza hartu zuen berriz: «Agidanez, eskuinaren beste mantra bat ere erori da. Ez dira heziera onekoak. Zergak jaitsi eta gero zerbitzu publikoak hobetu daitezkeela diotenean, berriz, ez egin jaramonik. Gezurretan ari dira».
Autogobernuaren auzian, Madrilek EH Bildurekin hitzartutako akordioak Guardia Zibila kanporatu nahi duela gaitzetsi zuten UPNko eta PPko hautagaiek.Barkosek ihardetsi zien Nafarroak historikoki izan duela bideen zaintzaren eta trafikoaren eskumena, eta hari esker sortu zela Foruzaingoa: «Ematen du ez dakizuela historiarik, edo okerrago, gezurretan ari zaretela».
Argazkien dema
Boterea galdu duenetik egin bezala, UPNk une oro izan zuen ahoan EH Bildu. Abertzaleekin itunak egin izana aurpegiratu zion Txibiteri, eta Bakartxo Ruizekin eta Adolfo Araizekin egindako bilera baten irudia erakutsi zion kamerari: «Esaguzu: argazki hau berriro errepikatuko da? Esan bai edo ez». Txibitek beste argazki batekin erantzun zion: 1990eko hamarkadan egina zen, «ETA aktibo zegoenean», eta UPN eta HB azaltzen ziren: «Izan zaitezte zintzoak. Zuek ere hitzartu duzue, eta ez egin minaren erabilera politikorik», esan zion Txibitek. Esparzak barre egin zion.
Aznalek nahiago izan zuen polemiketan ez sartu eta UPNk egindako erasoei ez erantzun. Haren ustez, lau urteotan EH Bildu «erabakigarria» izan da, eta maiatzaren 28tik aurrera «are erabakigarriagoa» izango da. «Iritsiko da unea. Hitz egin beharko da, eta hitz egingo dugu».
Eskuineko alderdiek ere elkarri eraso zioten. Garciak esan zuen ez zuela Txibiterekin hitzartuko eta haiek direla «benetako alternatiba». Esparzak erantzun zion «alderdi sendoa» UPN dela eta «botoa sakabanatzeak Txibiteri eta Aznali laguntzen» diela.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa
Telebista ez da parlamentua
Navarra TV telebista kateak Nafarroako zazpi alderditako hautagaien arteko eztabaida eskaini du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu